Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.
Zoologia
Sagu afrikar batek hilekoa duela aurkitu dute Australiako Clayton Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Harrigarria izan da aurkikuntza gainerako karraskariek ez dutelako hilekorik. Acomys cahirinus sagu emeek bederatzi eguneko zikloa dutela ikusi dute, eta hilekoak 3 bat egun irauten diela, zikloaren % 20-40. Horretan, emakumeen zikloaren antza du, 28 eguneko zikloaren % 15-35 irauten baitu hilekoak emakumeetan. Elhuyar aldizkarian azaltzen digutenaren arabera, ikertzaileek ziklo bakoitzean umetokia estaltzen duen ehuna saguetan nola hazten den eta nola desegiten den ikertzen ari dira. Horretaz gain, transkriptoma aztertzen ari dira ere, geneek zikloa nola erregulatzen duten jakin ahal izateko.
Biokimika
Antigorputzak izan dira mintzagai artikulu honetan. Hasieran, zer diren zehazten digu autoreak. Jakina denez, immunoglobulina proteinak dira eta odolean eta linfa-sisteman daude. Hauen funtzioa antigenoekin elkar egitea da, horiek identifikatzea eta neutralizatzea. Gizakiok milioi bat antigorputz ezberdin ekoizten ditugu. Definizioa emateaz gain, historian zehar antigorputz hitzak izan duen garapena azaltzen zaigu testuan. 1890ean kontzeptua agertu zen lehenengoz. 1900ean, Karl Landsteinerrek eta bere ikasleek gizakien lau odol-talde nagusiak isolatu zituzten antigeno-antigorputz interakzioaren arabera. Frogatu zuen antigorputzek ez zituztela soilik infekzioak suntsitzen. 1939ean Arne Tiselius eta Elvin Kabat-ek zehaztu zuten antigorputzak proteinak zirela. Horren ondotik, zehaztu zen antigorputzak nodulu linfatikoetan ekoizten zirela. Antigorputzak lehen mailako tresna biomediko bilakatu dira.
Astronomia
Argi kutsaduraren munduko atlasa sortu dute Italiako eta AEBtako zenbait ikertzailek. Ikusi dutenez, gizateriaren heren batek eta europarren %60ak ezin dugu Esne Bidea antzeman, gure hirietako argi artifizialak zeruari itzal egiten diolako. Singapurrek du argi kutsadura handiena, eta Txad, txikiena. Europari dagokionez, Eskozia, Suedia eta Norvegiako toki urrunetan aurkitzen ahal da zeru garbia. Azkenik, Euskal Herrian, batez ere Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin nabaria da argiaren presentzia. Egindako munduko atlasak kuantifikatu egiten du argiaren inpaktua. Mundu osoko herritarren %83a eta europarren %99a argi kutsadura duten tokietan bizi da. Suomi-NPP sateliteak emandako informaziotik abiatu dira mapa osatzeko. Horretan, zeruaren distirari erreparatzen dioten neurgailu zehatzak baliatu dituzte.
Grabitazio- uhinak bigarren aldiz detektatu dituzte LIGO behatokian. Aurrekoan bezala, bi zulo beltz elkartzean igorritako grabitazio-uhinak detektatu dituzte. Behatutako zulo beltzak aurrekoak baino txikiagoak izan dira: 8 eta 14 eguzki-masa. Ikertzaileek adierazi dute zulo beltzak nola elkartzen diren azaltzeko zeuden iragarpen teorikoekin bat egiten duela ikusitakoak. Hau da, zulo beltzak elkarren inguruan mugitzen dira, hamarna orbita eginez, fusionatu arte. Halaber, bi zuloetako bat errotatzen ari zela jakin ahal izan dute.
Fisika
Hondakin nuklearrak birziklatzean askatzen diren gas erradioaktiboak harrapatzeko material bat garatu dute. Lausanako Eskola politeknikoko eta Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek elkarlanean egindako proiektua da. Material hori eraginkorra, segurua eta merkea dela diote. Orain arte, oso garestia zen erabiltzen zutena, tenperatura baxuak behar zituztelako eta teknologia hori oso garestia da. Horretaz gain, leherketak bazuen arriskua. Materiala lortzeko, 125.000 egitura probatu dituzte eredu informatikoak erabiliz. SBMOF-1 deitu diote.
Arkeologia eta artea
Diego Garatek gai interesgarri bat dakarkigu aste honetan. Arte-adierazpenen jatorriari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Zientziak dituen erronketako bat da artea noiz eta nola sortzen den jakitea. Hau da, noiz sortzen da irudi bidezko adierazpen sinbolikoa? Homo sapiens espeziaren agerpenarekin? 1879an Altamirako kobazukolo (Santillana del Mar, Kantabria) pinturen aurkikuntzak eman zion hasiera gure arbasoen arte-gaitasunaren inguruko eztabaidari. Bakunetik konplexurainoko progresiozko ikasketa prozesu modura ulertu da azkenean artearen jatorria. Ideia hori kinka larrian uzten duten zenbait adibide aipatzen ditu autoreak, Chauvet kobazuloan aurkitutako pinturak, besteak beste. Beraz, gure espeziea izan zen kode sinboliko hauek erabili zituen bakarra? Baliteke Neandertalak horrelako jardueratan ere aritu izana…
Kontsumoa eta ura
Ikerketa talde batek UPV/EHUn ur botilaratuaren kontsumoari buruzko azterketa egin du. Lanak izan duen helburua ur botilaratuaren kontsumoari eta iturriko uraren eskuragarritasunari buruzko ikuspegi argia lortzea izan da. Hiru etapa izan du ikerketak. Lehen etapan, onlineko inkesta egin zen unibertsitateko kideen ohiturak ezagutzeko eta sortzen den inpaktuari buruzko haien ikuskera ezagutzeko. Bigarren etapan, unibertsitate barruan (jatetxeetan, kafetegietan, vending bidez…) ur botilaratuaren salerosketa bolumenari buruzko gutxi gorabeherako kalkulua egin zen. Hirugarrenean, ikastegi bakoitzean iturriko uraren eskuragarritasuna aztertu zen. Gipuzkoako Campuseko Fakultate gutxi batzuetan eta UPV/EHUren beraren ostalaritza establezimendu batzuetan hasi berri dira iturriko uraren kontsumoa bultzatzeko eta ur botilaratuaren kontsumoa saihesteko neurriak hartzen.
Argitalpenak
Arantxa Arzamendik Einsteinen (1879-1955), fisikaria eta matematikaria, biografia dakarkigu nobela grafiko moduan. Komiki honek berezitasun bat dauka, Einsteinen bizitzara modu grafiko batean hurbiltzeko aukera ematen du. Egiturari dagokionez, nahiko arrunta da, modu kronologikoan kontatzen du bere bizitza eta garaiko Europako historia, bi mundu gerrak barne: haurtzaroa, familia, ikasketa garaia, aurkikuntzak, erlatibitatearen teoria, Nobel Saria… Frantsesez argitaratu dute baina hamar hizkuntzetara itzuli da.
Emakumeak zientzian
Gaurkoan, Marie Tharp geologoari buruz mintzatu gara Zientzia Kaieran. Emakume honek itsas hondoko lehen mapa egin zuen. Emakumea izateagatik zenbait oztopori aurre egin zion bere bizitzan zehar baina azkenean lortu zuen geologia alorrean lekutxo bat. 1959an Ipar Atlantikoko hondoa irudikatzen zuen mapa argitara eraman zuen. Lehendabiziko aldia zen dimentsio horretako mapa aurkezten zela. 1961ean Hego Atlantikoa islatzen zuen mapa publikatu zuen eta azkenik, 1964an, Indiako Ozeanoarena. Iraultza etorri zen horiekin, itsas hondoa laua eta lohitsua zela sinisten baitzuten denek. Mapa horiek zer frogatu zuten, bada? Erliebeak itsas hondoan ere zeudela eta gainera, horiek azalekoak baino handiagoak izan zitezkeela. Bere hitzetan: “Nik baneukan mihise zuri bat aukera zoragarriez betetzeko, aparteko buru-hausgarri bat eratzeko. Bizitzan behin egiten duzun gauza bat da hau. Pertsona ororentzat aukera bat da, baina bada, bereziki, 40ko hamarkadako emakume batentzat”.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.