Hizkuntzaren moraltasuna, erabaki zure ama-hizkuntzan

Gogo Elebiduna · Kolaborazioak

Hizkuntza koloretan artikuluan erakutsi zen azkenengo urteetan mugimendu neowhorfarra berpiztu dela psikohizkuntzalaritzan. Steven Pinker (1994) ez zetorren bat ikerketa horren ondorioekin eta zentzugabekeria konbentzionaltzat jotzen zituen. Orain ordea, badirudi beste iritzi bat duela eta esaten du ez dela guztiz okerra hizkuntzak pentsamenduan eragina duelako ideia, modu asko baitaude hizkuntzak pentsamenduari eragiteko. Izan ere, jendeak joera handia du behaketa hutsalak baieztapen erradikaltzat hartzeko: adibidez, pentsatu ohi da erabiltzen dugun hizkuntzaren hitzek mugatzen dutela gure mundu-ikuskera (Pinker, 2007).

hizkuntzaren moraltasuna
1. irudia: Steven Pinker psikologo kognitiboa eta hizkuntzalaria.

Hainbat ikerketak aztertu dute nola eragiten duen hizkuntzak pentsamenduko zenbait arlotan; bereziki aztertu dute nola eragiten dien hizkuntza jabekuntzak hartzen ditugun erabakiei. Adibidez, galera-egoera baten aurrean erabakiak hartzeko unean ausartagoak gara gure ama-hizkuntzan, bestelako hizkuntzetan baino (Keysar et al. 2012, Costa et al. 2014, Winskel et al. 2016). Hemen erabaki mota bati erreparatuko diogu, erabaki moralei, hain zuzen ere. Marc Hauserren (2006) iritziz, hizkuntzarekin gertatzen den bezala, gaitasun moral batekin jaiotzen gara eta honek ahalbidetzen du sistema moralen garapena. Beste modu batean esanda, hizkuntzak garatzeko softwarerekin jaiotzen garen moduan, sistema moralak garatzeko softwarerekin ere jaiotzen gara. Azken urteetako ikerketek erakutsi dute ama-hizkuntzak eta bigarren hizkuntzak eragin desberdina dutela erabaki moralen aurrean.

Costa eta kideek (2014) gaztelania eta ingeles-hiztun elebidunak aztertu zituzten ikusteko ea ama-hizkuntzak edota bigarren hizkuntzak eragina duten erabaki moralak hartzerakoan. Gaztelania-elebidunek ingelesa zuten bigarren hizkuntza moduan, eta ingeles elebidunek aldiz, gaztelania. Esperimentuan, ikertzaileek Tranbia dilemaren bi aldaera aurkezten zieten paper batean idatzita: botoiaren aldaeran, bost gizaki ala gizaki bat salba daitezke botoi bat sakatuz edo ez; zubiaren aldaeran, berriz, bost gizaki ala gizaki bat salba daitezke gizon lodi bat zubitik botaz edo ez (ikusi 2. irudia). Partaideen erdiak dilemak bere ama-hizkuntzan irakurtzen zituen eta beste erdiak bere bigarren hizkuntzan. Behin irakurrita, bietako bat aukeratu behar zuten. Emaitzek erakutsi zuten botoiaren aldaeran elebidun guztiek tranbia desbideratuko zutela, pertsona bat hilez bost salbatzearren. Baina zubiaren aldaeran desberdintasun bat topatu zuten: ama-hizkuntzan irakurri zutenen %18ak baizik ez zuen zubitik botako gizon lodia, hau da kopuru horrek bakarrik erailko zuen gizona, tranbia geldiarazteko; bigarren hizkuntzan irakurri zutenen kasuan aukera hori %44ra igotzen zen. Hori ikusita, Costa eta kideek ondorioztatu zuten ama-hizkuntzak eta bigarren hizkuntzak eragina zutela erabaki moral bat hartzerakoan. Hain zuzen ere, bost gizaki salbatzekotan, gizaki bat erailtzea moralagoa ikusten zuten bigarren hizkuntzan, ama-hizkuntzan baino.

2. irudia: Goiko testuan Tranbiaren dilemaren “botoia” aldaera agertzen da, eta behekoan “zubia” aldaera. (Costa et al., 2014)

Geipel eta kideek (2015a) antzeko esperimentu bat egin zuten alemaniar eta ingeles-elebidunekin. Ikusi nahi zuten ea zubiaren aldaeran topatutako desberdintasuna dilema pertsonala izatearen ondorio zen edo ez. Dilema pertsonaletan pertsona batek beste bati zuzenean zerbait egiten dio, dilema ezpertsonaletan, berriz, ekintza zeharkakoa da (ikusi, 3. irudia). Esperimentuan, partaideen erdiak dilema pertsonal eta ezpertsonala bere ama-hizkuntzan irakurtzen zituen eta beste erdiak bere bigarren hizkuntzan. Dilema pertsonalean erabaki behar zuten norberaren umea hiltzea ala ez soldadu etsaietatik bere burua eta beste herritarren bizitza salbatzeko. Dilema ezpertsonalean erabaki behar zuten kalean topatutako diru-zorro bat barruan duen diruarekin bueltatzea edo ez. Dilema biak behin irakurrita, dilemen onargarritasuna baloratu behar zuten 7 puntuko eskala baten bidez: puntu 1 guztiz onartezina bazen eta 7 puntu guztiz onargarria bazen. Dilemak ama-hizkuntzan irakurri zutenek desegokiagotzat hartu zuten umea hiltzea zein diruarekin geratzea, bigarren hizkuntzan irakurri zutenek baino. Beraz, berdin da dilema pertsonala edo ezpertsonala bada, moralki desegokiagotzat baloratzen dira dilemak ama-hizkuntzan aurkezten direnean.

3. irudia: Goiko testuan dilema pertsonala agertzen da, eta behekoan dilema ezpertsonala. (Geipel et al., 2015a:14 [moldatua])

Geipel eta kideek (2015b) bigarren esperimentu bat egin zuten, baina honetan erabili zituzten dilema guztiak ezpertsonalak ziren (ikusi, 4. irudia). Aurreko esperimentuan bezala, erdiak ama-hizkuntzan irakurtzen zituen dilemak eta beste erdiak bigarren hizkuntzan; haien onargarritasuna neurtu behar zituzten 9 puntuko eskala baten bidez: 9 puntu guztiz onartezina bazen eta 0 puntu guztiz onargarria bazen. Ama-hizkuntzan irakurritako dilemak onartezinagotzat hartu ziren bigarren hizkuntzan irakurritakoen aldean.

4. irudia: Esperimentuan erabilitako dilema moralak. (Geipel et al., 2015b:10 [moldatua])

Laburbilduz, azaldutako ikerketek erakusten dute elebidunetan hizkuntza biek nolabaiteko eragin desberdina dutela erabaki moral bat hartzerakoan.

Ama-hizkuntzan pentsatzen denean gure erabakiak moralagoak izaten dira bigarren hizkuntza batean hartzen ditugunean baino. Eta zergatik gertatzen da desberdintasun moral hori? Ikertzaileek ez dakite ba oraindik oso ondo zein den arrazoia.

Ikertzaile batzuek (Gawinkowska et al. 2013) proposatzen dute ama-hizkuntzak bigarren hizkuntzak baino joera handiagoa duela gure arau moralak eta gizarte-arauak pizteko. Beste batzuen aburuz (Harris et al. 2003; Puntoni et al. 2009), ordea, ama-hizkuntzak bigarren hizkuntzak baino errazago erakartzen ditu emozioak (beldurra, maitasuna, tristura, poza, haserrea…); izan ere, gure ama-hizkuntzaz sentipen aberatseko esperientzien bidez jabetzen gara eta bigarren hizkuntzaz, berriz, sentipen gutxiko egoeretan (adib., ikasgeletan). Beraz, ama-hizkuntzaren emozionaltasun horrek bideratzen gaitu gizabanakoaren oinarrizko eskubideen alde egiten dituzten erabaki moralak (erabaki deontologikoak) hartzera. Bigarren hizkuntza ez da hain emozionala eta distantzia psikologiko bat sortzen du eta ongizate komunaren alde egiten dituzten erabaki moralak hartzera bideratzen gaitu, gizabanakoaren eskubideak bortxatzen ote dituen kontuan hartu gabe.

Erreferentzia bibliografiakoak

  • Cipolletti, H., McFarlane, S., & Weissglass, C. (2015). The moral foreign-language effect. Philosophical Psychology, 29, 23–40.
  • Costa, A., Foucart, A., Arnon, I., Aparici, M., & Apesteguia, J. (2014). ‘Piensa’ twice: on the foreign language effect in decision making. Cognition, 130(2), 236–254.
  • Costa, A., Foucart, A., Hayakawa, S., Aparici, M., Apesteguia, J., Heafner, J., & Keysar, B. (2014). Your morals depend on language. PLoS One, 9(4), e94842.
  • Gawinkowska, M., Paradowski, M. B., & Bilewic, M. (2013). Second language as an exemptor from sociocultural norms. Emotion-related language choice revisited. PLoS ONE, 8, e81225.
  • Geipel J., Hadjichristidis C., & Surian L. (2015b). How foreign language shapes moral judgment. Journal of Experimental Social Psychology, 59, 8-17.
  • Geipel, J., Hadjichristidis, C., & Surian, L. (2015a). The foreing language effect on moral judgment: the role of emotions and norms. PLoS One, 10(7), e0131529
  • Geipel, J., Hadjichristidis, C., & Surian, L. (2016). Foreign language affects the contribution of intentions and outcomes to moral judgment. Cognition, 154, 34–39.
  • Harris, C.L., Ayçiçeği, A., & Gleason, J. B. (2003). Taboo words and reprimands elicit greater autonomic reactivity in a first language than in a second language. Applied Psycholinguistcs, 24, 561–579.
  • Hauser, M. D. (2006). Moral Minds. New York: HarperCollins.
  • Hayakawa, S., Costa, A., Foucart, A., & Keysar, B. (in press). Using a Foreign Language Changes Our Choices. Trends in Cognitive Sciences.
  • Keysar, B. Hayakawa, S., & An, S. G. (2012). The foreign language effect: Thinking in a foreign tongue reduces decisión biases. Psychological Science, 23, 661-668.
  • Pinker, S. (1994): The Language Instinct. New York: Harper Perennial Modern Classics (P.S. edizioa, 2007). [euskaraz: Pinker, S. (2010): Hizkuntza-sena. Bilbo: ZIO bilduma]
  • Puntoni, S., De Langhe, B., & Van Osselaer, S. M. J. (2009). Bilingualism and the emotional intensity of advertising language. Journal of Consumer Research, 35, 1012-1025.
  • Winskel, H., Ratitamkul, T., Brambley V., Nagarachinda T., & Tiencharoen, S. (2016). Decision-making and the framing effect in a foreign and native language. Journal of Cognitive Psychology, 28(4), 427-436.

Egileaz: Luis Pastor, (@aloxieusko) Euskal Filologian lizentziatua da. Egun, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko doktoregaia da eta psikolinguistika du ikerlerro UPV/EHUko Gogo Elebiduna ikerketa-taldean.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.