Txertoek eman egiten dute, ez kendu

#KZJaia · Dibulgazioa

Andrew Wakefield doktoreak 1998an argitaratu zuen artikulu batek aztoramen handia eragin zuen, haurrei eman ohi zaien txerto hirukoitz birikoa autismoarekin lotu baitzuen. Adituek laster ikusi zuten artikuluak akatsak zituela, eta hura argitaratu zuen The Lancet aldizkariak ere baztertu egin zuen azkenerako. Hori gutxi ez, eta Brian Deer kazetariak egindako ikerketa lan bati esker, Wakefieldek artikulu harekin zituen asmo ilunak agerian geratu ziren.

Hala ere, txertoek autismoa eragiten dutela dioen mitoak arrastoa utzi du. Gutxi dira mesfidatiak, baina badaude oraindik ere. Eta hor jarraituko dute, Sidneyko Unibertsitateak argitaratu berri duen artikulu batek, beste behin ere, erlazio hori gezurtatu duen arren.

Txertoek milioika heriotza eta bestelako kalteak saihestu dituzte, hori da egia. Baztanga edo nafarreriaren adibideari erreparatu besterik ez dago. Gaitz honek milaka biktima eragin zituen Europan XVIII. mendean. Behin kutsatuta, hiru lagunetik bat hiltzen zuen, bai eta gainerakoei arrasto larriak utzi ere. Gaur egun oraindik baztangarik balego, bi milioi lagun hilko lirateke urtero gaitzak jota. Baina zorionez, 1980an erauzitzat jo zuen Munduko Osasun Erakundeak. Gizakiei erasotzen dien eta gizakiak erabat desagerrarazi duen gaixotasun bakarra da orain arte, eta txertoek lorpen horretan izan duten zeregina ukaezina da.

Txertoekin saihesten diren gaitzak 1
Txerto bidez saihesten diren gaitzen zerrenda (1) (Irudia: Munduko Osasun Erakundea)

Baztangaren kasua paradigmatikoena da ziurrenik, baina txerto kanpaina sistematikoak ematen hasi zirenetik, hamarnaka gaitz oso kutsakorren hedapena etetea lortu da. Hala azaldu du Lucila Madariaga EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko irakasleak: “Munduko Osasun Erakundeak 1974an jarri zuen martxan mundu mailan egindako lehenengo txerto programa. Poliomielitisaren kasuan, adibidez, gaitzaren karga %99 murriztu dela diote estimazioek, haren aurkako programa espezifikoak hasi aurretik zegoen egoerarekin alderatuta. Elgorria, errubeola, difteria, tetanosa… Ia %100 murriztu diren gaitzak dira. Gaixotasunak hor daude oraindik ere, baina neurri oso handian daude kontrolatuta”.

Hain zuzen, gaitz bat desagertuta dagoela iruditu arren arriskuak hor dirauelako, ezinbestekoa da haren aurkako txerto kanpainarekin jarraitzea. Izan ere, gaixotasun mota horiek ez dira erauzten, kontrolatu baizik. Baztanga da salbuespen bakarra. Horren erakusle, kukutxeztula nahiko kontrolatuta zegoen 70eko hamarkadan, baina haren aurkako txertoa segurua ote zen zalantzak eta sineskeriak zabaldu ziren, eta guraso askok haurrei hura emateari uko egin zioten; besteak beste, Erresuma Batuan. Hiru epidemia eragin zituen egoera horrek, bai eta ehun umetik gora hil ere.

Izan ere, Madariagak ohartarazi bezala, “ez da denbora askorik behar epidemia bat abiarazteko. Mikroorganismo horiek hortik zehar dabiltza, egon badaude, eta infektabera den populazioa handitu eta berehala, epidemiak gertatzen dira. Adibidez, difteria epidemiak egon ziren Europa ekialdeko herrialdeetan Sobiet Batasuna erori zenean, auzi ekonomikoak medio txertoak gutxitu zirelako”.

Txerto bidez saihesten diren gaitzen zerrenda (2)(Irudia: Munduko Osasun Erakundea)
Txerto bidez saihesten diren gaitzen zerrenda (2) (Irudia: Munduko Osasun Erakundea)

Herrialde aberatsetan, txertoak jaso dituzten haurren kopurua %90a edo gehiago izan ohi da, baina gainerako %10 horrek ekar ditzakeen ondorioak ez dira gutxietsi behar. Esaterako, poliomielitisaren mamua Europatik hurbil agertu da, aspaldiko partez. 2002an polioa erauzitako gaixotasuntzat jo zuten ofizialki gure kontinentean eta Asia mendebaldeko zenbait estatutan; orduan izan baitzen azken kasua, Turkian. Sirian ere desagertutzat jo zen, baina bertako gerraren testuinguruan, berragertu egin da. Are gehiago, Siriako errefuxiatuen bitartez, poliobirusaren eramaile diren hamarnaka lagun identifikatu dituzte Israelen, gaitza bera garatu ez badute ere.

Horrek, bereziki, kezka handia piztu du Europan. Izan ere, Israelen %95 inguru dira polioaren aurkako txertoa jasoa duten haurrak; Europako edozein estatutan bezainbat edo gehiago, beraz. %100era iristeko falta den zirrikitu horretatik egin du bidea birus beldurgarriak, eta txertoak zer garrantzitsuak diren erakusten du horrek.

Txerto gutxiago, gaitz gehiago

Zer esanik ez, beste toki batzuetan polioak eta gurean oso ezohikoak diren beste gaitz batzuek inpaktu handia dute oraindik ere; zenbat eta txerto gutxiago, orduan eta gehiago. “Difteria, tetanosa eta kukutxeztularen txertoa hartzen ditu erreferentziatzat Munduko Osasun Erakundeak, munduan dagoen estaldura maila neurtzeko. Haien estimazioa %80-85ean dago. Baina gero, batez besteko hori baino dezente beherago dauden zonaldeak ditugu munduan, eta Afrikan bereziki”, dio Madariagak.

Munduko 50 estatutan, hiru haurretik bik ez dute txertorik hartzen. Herrialde pobre bateko haur batek txerto bidez eragotzi daitekeen gaitz baten ondorioz hiltzeko duen arriskua hamar aldiz handiagoa da, herrialde aberats batean jaiotako ume batena baino. Munduko Osasun Erakundeak sustatutako kanpainei esker, haur guztien artean %75ek jasotzen dute sei gaitz oso hilgarriren aurkako txertoa: elgorria, polioa, difteria, kukutxeztula, tuberkulosia eta tetanosa. Hori horrela, 1980tik erdira jaitsi da gaitz horietakoren batek jota hildakoen kopurua. Hala ere, bistan da: asko dago egiteke %100era arteko zirrikitu hori ahalik eta txikiena izan dadin.

Informazio gehiago: Txertoei buruzko egiak eta gezurrak (Munduko Osasun Erakundea)

Erreferentzia bibliografikoa

Luke E.Taylor, Amy L. Swedfeger, Guy D. Eslick,Vaccines are not associated with autism: An evidence-based meta-analysis of case-control and cohort studies”, Vacine (2014) 32. bolumena, 29. zbk, 3623-3629. orr., doi:10.1016/j.vaccine.2014.04.085


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


KZJaia2Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du.

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.