Zeri buruz hitz egin da sarean asteon? Hainbat zientzia-gai jorratu dira Interneten eta hementxe dituzue laburbilduta.
Dena neurrian egin behar da. Hori da Nagore Etxeberria kazetariak azaltzen diguna Berrian Ondo jarri ezinik artikuluan. Lanean eserita ordu asko emateak baditu bere arriskuak. Archives of Internal Medicine aldizkarian argiratutako artikulu batek dio “egunean zortzi orduz eserita lan egiten duten langileek lau orduz eserita lan egiten dutenek baino %15 arrisku handiagoa dute heriotza goiztiarra izateko“. Are gehiago, badirudi denbora asko jesarrita egoteak zahartze prozesua bizkortzen duela.
Koldo Garcia biologoak ere neurrian egiten ditu gauzak. Egunero kafesnea eta pintxoa hartzen ditu. Kafesnea har dezake, zorionez, laktosa digeritzeko gai delako. Europar gehienek behi-esnea lasai hartzen dute gene baten mutazioari esker. Laktasa kodetzen duen LCT genea behin jaio berriak bularra hartzeari uzten diotenean geneak desaktibatzen da, gure kasuan aktibo mantentzen da eta esnea hartzen jarrai dezakegu. Datu gehiago Edonola blogeko Laktosari tolerantzia artikuluan.
Gauza kuriosoak ditu zientziak eta askorako eman dezake. Adibidez, umeekin tarte atsegin bat pasatzeko modua ere eskaintzen du. Txoni Matxain kimikariak Nola ikasi Kimika Kuantikoa izutu gabe blogean ematen digu horren adibide bat. Ozpina eta bikarbonatoa erabiliz, putz egin gabe globo bat nola puztu dezakegun erakusten digu: Puxika puztu putz egin gabe?
Naia duela 12.000 urte baino gehiago Mexikoko herrialde baten bizi zen. 15 urte zituelarik zendu zen eta haren gorpuak ehun mende baino gehiago iraun du kobazulo baten gordeta. Ikertzaileek haren eskeletoa aurkitu dute orain dela gutxi eta hau izugarrizko zientzia-aurkikuntza izan da, Amerikako populazioaren eboluzioa ulertzen laguntzen baitu. Antonio Cantó dibulgatzaileak hurbiltzen gaitu istorioa honetara Zientzian Kaieran: Naiaren leinua.
Itsasotik lurrazalera. Amaia Portugal kazetariak kontatzen digu Zientzia Kaieran Alemaniako Aeroespazio Zentroa (DLR) hiru dimentsioko atlas bat garatzen ari dela. Atlas honek Planetako tontor eta sakonune guztiak jasoko ditu TerraSAR-X eta TanDEM-X radar sateliteei esker. Inoiz egin den atlas zehatz eta osatuena izango da eta Lurrazalaren zimur guztiak agerian utziko ditu.
Ametsak. Amets kontzienteetan ameslaria jakitun da ametsetan dabilela eta horrez gain, ametsa gidatzeko gaitasuna du. Ez dago gaizki ezta? Erik Armendaritzek kontatzen digu Elhuyar aldizkarian, Frankfurteko Johann Wolfgang Goethe Unibertsitatean, garunean gamma uhinak induzitzeak amets kontzienteak sortzen dituela: Indukzio bidez, ametsen jaun eta jabe.
Ametsetatik, errealitatera. Klima-aldaketaren eraginez Mediterraneo itsasoak jasan duen azidotze prozesua ikertzen du Europar Batasuneko MEDSEA programak. Aztertutakoaren azken emaitzak eman berri dituzte eta ikerlanak agerian uzte du Mediterraneoko tenperatura eta azidotze-maila asko igo egin direla. Aurrera begira, neurri berdinean jarraituz gero igoerak, hainbat espezie desagertzeko bidean egongo lirateke. EuskalNaturan ematen digu ikerketaren berri Mikel Irastorza biologoak Mediterraneoa mehatxupean, beroketa globala eta azidifikazioa tarteko artikuluan.
Berrian bestelako eraginei erreparatu die Garikoitz Goikoetxeak Eztanda kafeinatan artikuluan, edari energetikoen kontsumoak gazteengan dituen eraginei. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziaren ikerketa baten emaitzen arabera, 10-18 urte bitarteko neska-mutiletan, hamarretik zazpik hartzen dituzte edari energetikoak eta datua kezkagarria da. Jose Manuel López biokimikariaren esanetan, edari horiek “nutrizioaren ikuspegitik, bonba bat dira gorputzarentzat.”
Nori ez zaio gertatu telebistako seinale galtzea ageriko arrazoirik gabe? Hori gertatu zitzaien Oiz mendiaren inguruan bizi diren biztanleei, bi antena transmisoreen aldamenean, hamar haize-sorgailu jarri eta gero. Itziar Angulo ikertzaileak aztertu duenez, aerosorgailuek norabide guztietan sakabanatzen dute ailegatzen zaien seinale elektromagnetikoa eta, ondorioz, zenbait kasutan, eskaintzen diren telekomunikazio zerbitzuak ez dira onak. Elhuyar aldizkariko Aerosorgailuak eta lurreko telebista digitala artikuluan datu guztiak.
CSI telebista sailean ikertzaileek eskularruak erabiltzen dituzte aztarnak bildu eta tratatzeko. Benetako ikertzaileek ere berdintsu egiten dute, eskularruekin maneiatzen dituzte frogak. Baina ba al dakigu zergatik erabiltzen diren eskularruak hilketa baten gertalekuan? Erantzuna Nagore Irazustabarrenak eman digu Argian.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.