Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Adiskideak izatea garrantzitsua da eta horrela da naturan ere. Onddoek eta landareek harreman berezi bat dute, Jakoba Errekondok azaltzen digun bezala Argia aldizkarian: Onddoekin ondo. Onddoaren eta landarearen arteko loturari mikorriza izena ematen zaio. Termino hau grekotik datorkigu: Mycos (onddoa) eta rhizos (sustraia) hitzetatik. Hau da, sustraietako onddoa esan nahi du. Biek elkarlan garrantzitsua osatzen dute: onddoek jakiak eta ura, eta landareek karbohidratoak eta bitaminak, eskuratu eta eskaintzen baitizkiote elkarri.
Naturak baditu gauza bitxiak eta bitxia badirudi ere, klima-aldaketak kirolean duen eraginari erreparatu dio Jon Torner kazetariak haren blogean: Klima aldaketaren eragina tenisean eta beste kirol batzuetan. Izan ere, tenperaturen igoera dela eta elurtuta dauden mendietara igotzea gero eta arriskutsuagoa bihurtu da elurra urtu egiten delako. Edota, estalirik gabeko zelaietan ordu asko entrenatzen duten kirolariek ere deshidratazioa eta bestelako gaitzak pairatzen hasi dira klima-aldaketaren eraginez.
Klima-aldaketaren eragina begi-bistakoa da eta horri buruzko beste adibide bat eskaini digu Elhuyar aldizkarian Egoitz Etxebestek. Azken bi hamarkadatan EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldeak bildutako datuetan oinarrituta, euskal kostaldeko Gelidium corneum alga gorrien populazioa gainbehera larrian dagoela jakinarazi digu. Alga gorriak gogoko ditu olatu biziko tokiak. Ohikoa da Kantauri itsasoan baina populazioa erdira jaitsi da leku askotan, eta kasu batzuetan %80ko presentzia izatetik %5era pasa da: Larre gorriak desagertzen ari dira Euskal Herriko kostaldean.
Agian argazki bat atera beharko diogu gure itsas hondoetako alga gorriei desagertu aurretik eta, baita ere, Antartikari argazki bat, urtu aurretik. Saioa Alkaizak kontatzen digu Berrian azken hamarkadan %250 egin duela gora turismoak Antartikan. Turismoa ez dago arautua ingurune hartan eta aurten, esaterako, 37.000 turista joango dira. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko kidea den Javier Benayasek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Iñaki Antiguedad doktoreak turismoa arautu behar dela aldarrikatu dute, bioaniztasuna arriskuan baitago halako jendetzarekin.
Gure ingumenaren osasunak kalte larriak pairatzen ditu azken urteotan eta gureak? Jon Irazustak osasuna izan zuen hizpide duela hamar egun Ariketa fisikoa, argaltzeko pilula ote? hitzaldian. Bertan azaldu zuenez, ikertzaileek egindako hainbat ikerketen emaitzek adierazi dute ariketa fisikoak onura ugari dituela osasunean. Besteak beste, bihotz eta odol-hodien sisteman, arnasketan, minbiziaren prebentzioan, diabetearen prebentzioan eta gaixotasun psikiatrikoen prebentzioan. Beraz, esan daiteke ariketa tratamendu medikoa dela. Zientzia Kaiera blogean: Ariketa fisikoa erabilera anitzeko pilula bat da.
Egagropilak hegaztiek digeritu ezin dituzten janari-hondarrak dira. Hauekin pilota moduko bolatxoak egiten dituzte ahotik behera kanporatzeko. Asier Sarasuak azaltzen digu besteak beste, zozo-birigarroek, kaioek, okilek, korbidoek, hontzek, mozoloek eta arranoek sortzen dituztela bolatxook eta hauek aztertuz, hegaztien elikadura zertan datzan ezagutuko dugula. Eibartik blogean: Egagropilak: hegaztiek liseritzen ez dituzten janari-pilotak.
Aurreko astean, Pablo Ortiz ikertzaileak azaltzen zigun antibiotiko askorekiko erresistentzia garatu duten bakterioek eragindako infekzioak sendatzea gero eta zailagoa dela. Urteak direla ez dela antibiotiko berririk lortu baina, hala ere, ez dela esperantza galdu behar. Eta esperantza izpi bat badagoela diosku Amaia Portugalek Zientzia Kaiera blogean. AEBtako ikertzaile talde batek antibiotiko bat topatu omen duelako aspaldiko partez, eta teixobaktina izena jarri diote. Honek patogenoak erresistentziarik gabe hiltzen ditu, eta ongi ateraz gero luze iraun dezakeen botika bihurtu daitekeela iradokitzen du horrek. Datu guztiak Antibiotikoak: itxaropentsu egoteko balizko arrazoi bat artikuluan.
Israelgo Manot haitzuloan aurkitutako garezur-zatia lehen europarren arbasoak izan zitezkeenen arrastoa omen da. Ikertzaileek uranio/torio teknikaren bidez datatu dute eta emaitzen arabera, duela 55.000 urte (Erdi Paleolitoaren amaieran) bizi izan zen Homo sapiens heldu batena da. Dirudienez, Europa erdialdea arrakastaz populatu zuten gizakien arbaso zuzenetako batena izan daiteke eta, horren berri ematen digu Eider Cartonek, Elhuyar aldizkarian: Garezur-zati bat, lehen europarren balizko arbaso zuzena.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.