Esperimentuen liburu aparta

Argitalpenak · Kolaborazioak

Udako oporren atarian haurrekin batera esperimentu zientifikoetan murgiltzeko liburu bat gomendatuko dizuet. Liburutegi eta liburu dendak haurrentzako argitalpenez josiak ikusi ohi ditugu, besteak beste, ipuin ugari, jolaserako liburuak, eskulanak egiteko liburuak, sukaldaritza liburuak…eta baita ere zientzia alorreko liburuak. Gomendatuko dizuedana Susaeta argitaletxeak kaleratua da, Esperimentuen liburu aparta, formatu handikoa eta liburu erakargarria irudi askorekin.

esperimentuen liburu aparta

Susaeta argitaletxeak liburu honen bi bertsioa argitaratu ditu, jatorrizkoa gaztelaniaz, Mi gran libro de experimentos, Mar Benegas, @benegasmar, idazle, poeta eta irakurketa sustatzailearen eskutik idatzia, eta euskarazko itzulpena, berriz, Iraitz Urkulok egin du.

Liburua haurrei zuzendua eta haurren hizkuntzan idatzia dago. Sarrerako orrialdeetan zientzialari gazteari zuzendutako aholkuak irakurriko ditugu, jarraian esperimentuak zer diren azaltzen da, zergatik diren baliagarriak azpimarratuz eta azkenik, zientzialaria izateko zortzi oinarrizko aholku aipatzen dira, horien artean pertsona heldu baten laguntzaren beharra azpimarratzen da.

Esperimentuak bi ataletan banatzen dira: kimika atalean hamalau esperimentu ditugu, eta fisika atalean berriz, hamabi.

“Arrautza bat pilota bihurtu edo fideo batzuk dantzari bikainak bilakatu itzazu; eraiki ezazu zure espazio-ontzia edo zure kristalezko baso magikoa; euria egin dezala edo harea busti ez dadila lortu ezazu; tinta ikusezinaz idatzitako mezuak bidali itzazu, soilik zu bezalako beste zientzialari batek sekretuan irakurri ahal izan dezan… Ez da magia, zientzia baizik! Zientzialari gazte handi bat izatera ausartu zaitez!

Liburu didaktiko eta aldi berean entretenigarria, etxean senitartekoekin edo udalekuetan lagunekin gozatu eta zientziaren uhinetan murgiltzeko aukera emango diguna.

Esperimentuen liburu aparta eskuragarri dago Donostia Kulturako liburutegietan.

Argitalpenaren fitxa


Egileaz: Arantxa Arzamendi Sesé (@arzamendisese), Filosofia eta Letretan lizentziatua da eta egun, Donostiako Liburutegi Nagusiaren arduraduna da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.