Asteon zientzia begi-bistan #94

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

wolf-142173_1280

Teknologia eta medikuntza

Amaia Portugal kazetariak dakarkigu albiste hau: Wake Forest Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek hezur eta giharrak sortu dituzte hiru dimentsiodun inprimagailu batekin, giza eskalan eta haien benetako barne egitura errespetatuz. Baina beren funtzioa behar bezala beteko duten gorputzeko atal bizi eta funtzionalak lortzeko, forma aproposa ematea ez da nahikoa. Horretarako, bizirik dauden zelulen, polimeroen eta nutrienteen arteko nahasketa baten modukoa aplikatu dute, inprimagailuaren lehengai gisa. Hori da berritzailea den materiala. Arratoiekin froga egin zuten, ehun bizi eta funtzionaletan txertatu zituzten inprimagailutik ateratako sare zelular horiek eta emaitza positiboa izan zen.

Elhuyar aldizkariak ere eman du aurrerapauso honen berri. Hori lortu arte, ordea, bioingeniariek aurretik saiakerak egin zituzten baina benetan funtzionalak diren organoak eta ehunak lortzetik urruti zeuden: 3D inprimagailuen bidez egitura ezegonkorrak eta hauskorrak sortzen ziren.

Hiru dimentsioko errealitateari jarraiki, Gipuzkoako ikasle talde batek 3D inprimagailu bat erabili du protesi bat egiteko. Unai izeneko 9 urteko mutil batentzat egin dute protesia. Errenteriako (Gipuzkoa) Don Bosco Lanbide Heziketako ikastetxeko ikasle eta irakasleek egindako lanari esker lortu du ezkerreko besoaren protesia Arteixon (Galizia) bizi den umeak. Berria egunkarian duzue albistea irakurgai.

Teknologia berrien harira, Arantxa Arzamendik 2015ean argitaratu zen liburu bat dakarkigu: Familias digitales. Madrilgo Palabra argitaletxearen eskutik badugu aukera bai paper formatuan bai ebookean irakurtzeko. Zer eskaintzen du liburu honek, bada? Teknologia berrien inguruko gida bat da eta adituentzat eta Internet asko ezagutzen ez duten pertsonentzat bideratuta dago.

Biologia eta genetika

Txakurren inguruan aritu dira gaurkoan Juan Ignacio Perez eta Bego Urrutia Zientzia Kaieran. Testuan azaltzen digutenez, txakurrak hatsankatu egiten dira beroa xahutu behar dutenean eta horrek sortzen duen aire-mugimenduak erraztu egiten du arnas azalen gaineko uraren lurrunketa. Horren inguruan, hainbat xehetasun azaldu dituzte. Lehenik eta behin, hatsankatzerakoan sortzen den aire-mugimedua aipatu dute. Txakurrek, gorputza hoztu behar dutenean, airea sudurretik hartu eta ahotik botatzen dute. Bigarren xehetasuna, hatsankatzearen maiztasuna da. Muskulu horiek hatsankatze-mugimenduen hasieran bakarrik uzkurtzen dira; gero, torax-barrunbea uzkurtu eta zabaldu egiten da, baina horretarako muskulu horiek ez dute lanik egiten. Azken xehetasuna, lurruntzen den uraren jatorria da. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Animaliekin jarraituz, munduko hegaztirik zaharrena, 65 urteko Wisdom Albatrosa, ama izan da berriro. 40. txitoa dela kalkulatzen dute ikerlariek, gutxi gora-behera eta azken 10 urteotan 6 kumaldi izan ditu. Ikertzaileak harrituta daude. Izan ere, bere espezieko hegazti gehienek 30-35 urteko bizi iraupena dute. Orain arte uste zen, gainera, bizi iraupen handiko hegazti emeak antzu bihurtzen zirela adin batetik aurrera baina kasu honetan behintzat, ez da horrela gertatu. Wisdom Albatrosa 1956. urtean harrapatu zuen biologo batek, eta eraztuna ipini zion, bere ibilerak ikertzeko. 5 urterekin harrapatu zuten hegaztia. Sustatun duzue albiste interesgarri hau!

Jakin badakigu nondik gatozen eta gure arbasoak nortzuk izan ziren ezagutzeak jakin-mina pizten digula. Azkenaldian gai horrekin lotutako hainbat berri plazaratu dira medioetan eta zientzia aldizkarietan. Esaterako, gure antzinako arbasoen eta gure genomen arteko elkartrukeaz artikuluak argitaratu dituzte Science eta Nature aldizkari ospetsuetan. Baina esaera zahar batek dioen moduan, oro guztia ez da urre. Eta hori jarraituz, Koldo Garcia genetistak Science aldizkarian Neandertalengandik jasotako geneen eta osasunaren arteko harremanari buruzko datuak aztertu ditu. Zientziaren haria ez galtzeko hona hemen emaitza: Neandertalak gure genoman (eta gu berean).

Emakumeak zientzian

Mileva Maricen bizitza eta lana gerturatu digu Iker Tubia kazetariak Berrian. Ahaztuta gelditu da emakume horren lana. Badirudi Maricek matematikara eramaten zituela Einsteinen ideiak. Eta ez hori bakarrik, Evan Harris Walker fisikaria Maricen defentsan atera zen esanez Erlatibitatearen Teoria Milevak Weber irakasleari idatzi eta aurkeztu zion tesitik abiatzen zela. Baina ez omen da lan bakarra. Izan ere, Harrisek zioen Maricek beste hainbat lanetan parte hartu zuela. Esaterako, efektu fotoelektrikoaren jatorria Maricen lanetan dago, Termodinamikarekiko interesari esker aurkitu zuen Einsteinek browndar higiduraren teoria, eta lan matematikoa Maricek egin omen zuen, molekulen mugimendu desordenatua deskribatuz. Oztopoz beteriko bidea izan zuela argi dago eta ikusi da bereziki Einstein eta Maricen arteko elkarlanak eztabaida sortzen duela oraindik ere. Emakume honen lana eta bizitza gertutik ezagutzeko aukera duzue.

Zientziaren arloan badugu beste emakume baten aipamena Zientzia Kaieran. Aste honetan, Fanny Bullocken abenturak izan ditugu irakurgai Emakumeak Zientzian atalean. Kartografoa, idazlea, esploratzailea, eskalatzailea,… bizikletan ibiltzea gustuko zuen ere. Europatik ibili zen bere senarrarekin batera bizikletan eta Himalaiara joan zen hainbat espediziotan, lurralde horien kartografiak egiteko asmoz. Hasieratik argi zeukan ez zuela gizarteak inposatzen zituen amaren eta emaztearen rol horiek jarraituko. Bere grinak horren gainetik jarri zituen. Bere bizitza abentura zoragarria izan zen. Ikusi, ikusi!

Geologia

Beñat Intxauspe Zubiaurre UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikertzaileari egin diote elkarrizketa. Bertan “Eozeno garaiko gertakari hipertermalen ondorioak nanoplankton karetsuan eta sakonera txikiko itsasoan, Euskokantauriar arroan” doktorego-tesiari buruz hitz egin du. Intxauspek azaltzen duenez, iraganean gertatutako lau beroketa global aztertuko ditu tesian eta horrekin lortu nahi duen helburua argi dauka: iraganean gertatuko lau beroketa globalen azterketa egitea eta etorkizunean zer gerta daitekeen aurreikustea: “Eozeno garaian (duela 50 milioi urte inguru) gaur egungo antzeko aldaketa klimatikoak gertatu ziren. Orduan bizi ziren nanofosilak (1-20mikra arteko tamainakoak) aztertzen ditut, kate trofikoan lehenak baitira, eta haiei zuzenean eragiten zien inguruneko aldaketak”.

Osasuna

UPV/EHUren ikerketa batek jakitera eman du komenigarria litzatekeela eskola curriculumean “lehen sorospenak” sartzea. Izan ere, jendeak ez daki zer egin bihotz geldialdia gertatzen denean. Euskal biztanleen % 40,3 ez da gai desfibriladorea bereizteko. Sendoa Ballesteros, UPV/EHUko Erizaintza Saileko irakasleak, zuzendutako ikerketan Euskal Herriko biztanleek bihotz-biriketako berpizteari eta kanpoko desfibriladore automatizatuei buruz dakitena eta horren aurrean duten jarrera aztertzen da. Ballesterosek azaltzen du arazoa: “Jendeak erabili ditzakeen desfibriladoreen kopurua handiagotzeagatik bakarrik, ez dira bizirik irauten dutenen datuak hobetuko, jendea aparatua erabiltzeko gai sentitzen ez den bitartean”. AEBetan, Japonian eta Suedian jada garatu dira jendeak desfibriladoreak erabiltzeko programak, jendeari berpizte-tekniken prestakuntza ematen diete horietan.

Zika birusaren harira, lehenengo kasua agertu da Nafarroan. Kanpoan kutsatutako gaixo baten kasua izan da. Espainiako Osasun Ministerioak esan du birusak jotako pertsona ez dagoela haurdun. Protokolo bat egin dute eta gomendioak eman dituzte: haurdunei eskatu diete ez joateko birusa zabaldua dagoen herrialdeetara, eta odol emaileei eskatu diete odola ematera ez joateko 28 egunez, baldin eta zika hedatua dagoen herrialderen batean egon badira. Artikulu honetan zika birusari buruzko informazioa topatuko duzue.

Neurozientzia

Begiaren sistema konplexuaz aritu da Ane Wyssenback. Bertan azaltzen zaigu prozesua: argia pupilatik sartzen da, eta irisak diafragma moduan funtzionatzen du, argi gehiago edo gutxiago pasatzen utziz. Kristalinoak lente baten moduan funtzionatzen du, argia pasatzean ikusten duguna enfokatuz eta azkenik erretinara iristen da. Hemen fotoerrezeptoreak ditugu, ikusmenaren protagonista nagusiak. Zer dira fotorrezeptoreak? zentzumenetan parte hartzen duten zelularik espezializatuenak dira eta fototransduzkzio izeneko prozesua gauzatzen dute. Prozesu honetan, energia optikoa energia elektrikoan bihurtzen dute. Horretaz gain, mota desberdinetako fotoerrezeptoreak aipatzen ditu. Alde batetik konoak. Hauek koloreari buruzko informazioa ematen dute. Beste aldetik bastoiak, distirari buruzko informazioa eman eta argi gutxi dagoenean funtzionatzen dute. Sortutako korronte elektrikoa begitik atera eta nerbio optikoaren bidez joaten da garunera. Garuneko ikusmen kortexara iristen denean, ikusten ari garenaren irudia sortzen da. Argiak garuneraino egiten duen bidaia konplexua da gero!

Ingeniaritza eta psikologia

Ingeniaritza Mekanikoan eta Psikologian graduatu zen Manex Lete. Orain, ikerkuntza arloan ari da buru belarri, Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa zentroan (BCBL), hain zuzen. ‘BabyLAb’ proiektuan dago sartuta. Bertan, giza hizkuntzaren garapena argitzea dute xede eta hiru eta hamabi hilabete bitarteko umeak dituzte lagin gisa. Letek azaltzen du: “Horien hizkuntza-trebetasunak zehazteko egokitzapen bisuala, buru-mugimenduen lehentasuna eta begiraden lehentasun intermodala neurtzeko prozedurak garatzen ditugu. Era berean, 28 hilabete bitarteko haurren ezagutza sintaktiko eta lexikoa ere ikertzen ditugu”. Euskararekin lotuta dauden ikerketak ere abiatu dituzte. Letek azaltzen du BabyLAB-en kasuan, ikertuak diren ume guztien elebidun maila aztertzen dutela. Elebidunek eta elebakarrek eginiko frogak elkarren artean alderatzen dituzte. Irakur ezazue elkarrizketa osoa zentroan egin dituzten ikerketen berri izateko. Oso interesgarria Manex Letek kontatzen duena!

Aldaketa klimatikoa

Maria Victoria Román, BC3ko (Basque Centre for Climate Change) kidea Parisen egindako akordioari buruz mintzatu da Gazteberri aldizkariko elkarrizketa honetan. Parisen lortutako akordioaren garrantziaz mintzatu da lehenik. Izan ere, lehen aldiz, herrialde guztiek elkarlanean aritzearen beharra onartu dute: “Garrantzitsua da herrialde guztien konpromisoa eskatzen duelako eta, bereziki, emisio gehien dituztenena, hots, Txina eta Estatu Batuak”. Egoera honi buelta emateko, BC3ko kideak dio neurri batean aldaketa klimatikoa saihestezina dela. Orduan, berotegi-efektuko gas horiek murrizteaz gain, “gertatuko diren aldaketetara moldatuko garela bermatzeko neurriak hartu behar dira”. Neurri horiei buruz hitz egin du: “Erregai fosilek egun dituzten subsidioak deuseztatu eta aireko zein lurreko garraioei zerga berriak jarriko nizkieke. Aldi berean, partekatutako kotxeen eta bizikletaren erabilera sustatu beharko litzateke. Horri lotuta, hiriguneak oinezkoentzat jarri beharko lirateke eta baita garraiobide publikoak hobetu ere”.

Astronomia

Marteko lurrazalaren 360 graduko bideoa eman du ezagutzera NASAk. Bideo hau Curiosity ibilgailuak 2015eko abenduaren 18an Namib izeneko Marteko dunetan atera zituen hainbat irudi itsatsiz sortu dute. Ez ezazue YouTubeko bideoa galdu! Sagua mugituz, Marten egotearen sentsazioa izango duzu!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.