Asteon zientzia begi-bistan #108

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

zientzia begi-bistan 108

Teknologia

Harvarden intsektu itxura duten miniaturazko robotak garatzen ari dira baina nahi baino energia gehiago xahutzen omen dute hegaldian. Robobee edo erle-robotaren hegan egiteko modua intsektuen antzekoa da. Horietatik ikasi dute ingeniariek, hegaldiak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen. Gailu horien aplikazioak askotarikoak izan daitezke etorkizunean: hondamendi naturalen ondorengo bilaketetan lagundu, uzta zaintzeko lanak erraztu… Robobee honek badu arazo bat, baina. Orduak eta orduak igaro behar ditu hegan eta bateria azkar agortzen zaio. Honi aurre egiteko, irtenbide bat proposatu dute Harvarden: atxikidura elektrostatikoa. Amaia Portugalek azaltzen digu hegan egiten duten animalia asko pausatu egiten direla energia gordetzeko. Bada hori da funtsean gakoa: portaera hori kopiatzea. Atxikidura horri esker, adibidez, gailua soro baten gainean lanean ariko balitz, hosto bati atxikita geratzeko aukera izango luke plataforma itsaskorraren bidez. Hau da, airean jarraituko luke, baina energiarik xahutu gabe.

Arkeologia

Atxurra haitzuloan duela 14.000 urteko grabatuak aurkitu dituzte. Guztira, 100-150 irudi daudela dio Diego Garate arkeologoak: “Euskal Herrian gehien dituena izango da”. Zaldiak eta bisonteak dira gehienak, baina horietaz gain, oreinak, uroak eta ahuntzak ere topatu dituzte. Teknikari dagokionez, denak horman grabatuta daude eta batzuk margo beltzez marraztuta.

Astronomia

Duela 3.000 milioi urte inguru, bi meteorito Marteren ipar hemisferioan zegoen ozeanoan erori ziren. Talka horien ondorioz sortutako tsunamiek 120 metro garai ziren olatuak eragin zituen. Juanma Gallegok azaltzen digu bi gertakizun horien ondorioak antzeman daitezkeela orain bereizmen handiko irudiei esker. Meteoritoek 30 kilometroko kraterrak sortu zituzten itsas hondoan. Azken ikerketa horrek ozeanoen hipotesi horri behin betirako bultzada eman dio. Ikerketan parte hartu duen Alberto Gonzalez Fairen astrobiologoak: “Aurkikuntza hau milioika urteetan zehar Marten ozeano zabal eta egonkorrak izan zirelako behin betiko froga da”. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu Marten tsunamiek utzitako errealitatea ezagutzeko.

Biologia

Animalia poikilotermo askok menpekotasun termikoa murrizteko gaitasuna garatu dute. Teknika batzuk garatu dituzte tenperaturaren aldagarritasunaren eragin zuzena ekiditeko. Testu honetan, egileak kameleoiak garatutakoei buruz mintzo dira. Mugitzen geldoak dira eta oso ondo kamuflatzen direnez, balizko harrapakinak ez dira ohartzen haien presentziaz. Ehiza-prozedura berezia da: azkar jaurtitzen dute mihia (gai itsaskorra duena, bertan gelditzen dira itsatsita intsektuak). Gainera, tenperatura tarte zabaletan egiten dute ehiza. Gaitasun hori mihiarekin badauka zerikusia; izan ere, mihia luzatzeko mugimendua ez dute muskuluek eragiten, mihiaren kolagenozko osagai elastikoek baizik. Hau da, mihia luzatzeak eta jaurtitzeak ez du menpekotasun termiko handiegirik erakusten. Trikimailu horri esker, oso tenperatura desberdineko tokietan bizi daitezke.

Animaliekin jarraituz, Tafallan agertu da Asiako liztorra. Badirudi, Garces de los Fayos ikastolan topatu duten alea erregina dela. Adituak kezkatuta daude. Erreginak udaberriak hasten dira habiak egiten eta ondoren, arrautzak jartzen dituzte. Horregatik hain da garrantzitsua hori antzematea.

Bioteknologia

Milurteko Teknologia Saria jaso du aurten Frances Arnoldi (hori jasotzen lehen emakumea da). “Eboluzio bideratua” metodoarengatik eman diote saria. Ana Galarragak azaltzen digu jarduera jakina duten entzima berriak lortzeko, DNAn mutazioak eragitean datzala metodoa. Lehenik, milaka mutazio eragiten dira, entzima desberdin ugari lortzeko. Gero, entzima horien funtzioa probatzen da eta interesgarrienak aukeratzen dira. Metodo horrek aplikazio asko ditu. Horren bidez, zelulosa degradatzeko entzima bat lortu zuen. Horrela, nekazaritza-hondakinetatik bioerregaiak lortzeko prozesua hobetzea lortu zuen.

Sariekin jarraituz, Fermaten azken teorema ebaztea lortu zuen Andrew J. Wilesek 1994. urtean. Urte luzez aritu izan da hori egiten eta azkenean lortu du 2016ko Abel Saria. Historikoki duen garrantzia eta matematikaren garapenean izan duen eragin handia goraipatu dute.

Ekologia eta ingurumena

Libe Solagaistua Zabalari egin diote elkarrizketa. UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzailea da bera. Biologian lizentziatu zen eta ondoren, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Unibertsitate Masterra burutu zuen. Orain, “Estres seinale goiztiarrak eta ekosistemen funtzioen arteko erlazioa ibaietan” doktorego-tesia egiten ari da. Ibai ekosistemak ikuspuntu desberdinetatik aztertzen ditu. Bere esanetan, tesiaren helburua inpaktu desberdinen aurreko erantzun azkarrak, ekosisteman ematen diren aldaketekin erlazionatzea da: “Inpaktuak ahalik eta arinen detektatzeko tresna bat lortu nahi dut”.

Medikuntza eta genetika

CICbioGUNEko ikertzaileek frogatu dute erregulatzaile metaboliko batek prostata-minbiziaren zelulen metabolismoan parte hartzen duela. Eta ez hori bakarrik, haren gabeziak metastasia garatzea ekartzen duela. Arkaitz Carracedo Pérez, ikerketa buruaren arabera, PGC1-alfa genea giltzarri da prostata minbiziaren metastasian. Etengailu gisa funtzionatzen du, hau da, hura areagotzean, minbizi-zelulak ugaltzearekin lotutako metabolismoa itzali egiten da. Saguetan egin dituzte frogak.

Kimika

Zer dakizu merkurioari buruz? Josu Lopez-Gazpio kimikariak beste behin ere ikaste ederra eman digu! Hasteko, zenbait ezaugarri partekatu ditu: giro tenperaturan likidoa den metal bakarra da, dentsitate handikoa (litro batek 13,5 kg-ko masa du) eta gainazal-tentsio handikoa. Azken ezaugarri horri esker, merkurioak esferak osatzeko joera du. Horretaz jabetu gaitezke, adibidez, termometro bat hausterakoan, zorua bolatxoz betetzen baita. Modu berean, azaltzen digu bustitzen ez duen likidoa dela: “Esponja bat merkuriotan sartuko bagenu, lehor-lehorra aterako litzateke”. Toxikoa eta ingurumen-kutsatzailea ere bada, horregatik erabilpena murrizten duten hainbat lege daude. Fama txarra daukan metala da baina gauza onak ere baditu. Esaterako, erabiltzen ziren merkurio amalgamak paregabeak ziren txantxarrak kaltetutako hortzetan enpasteak egiteko. Egun ere, kontsumo txikiko bonbillak egiteko merkurioa erabiltzea ezinbestekoa da. Eta ez dezagun literatura albora batera utzi, esparru horretan merkurioak ere izan duelako protagonismoa. Jakina da, kapelagintzan merkurioa erabiltzen zela feltroak egiteko (1940an debekatu zen). Merkurio-lurrunak usaintzearen ondorioz kapelagile askok arazo neurologikoak izaten zituzten. Hortik dator Lewis Carroll-en Alizia herrialde miresgarrian ipuineko kapelagile eroaren pertsonaia.

Kimikaren helburuetako bat izan da eraldaketa kimiko konplexuak gertatzean molekulen egiturak nola aldatzen diren zuzenean ikustea. Eta hori izan da nazioarteko talde batzuetako ikertzaileek, tartean, UPV/EHUko Nano-Bio Spectroscopy Group ikerketa-taldeak, bilatu dutena. Izan ere, lehendabizikoz atera diote argazkia erreakzio konplexu baten bitarteko espezieei eta haien loturen konfigurazioa identifikatu dute. Zehazki, enediina molekulek zilar-geruza baten gainean eragiten duten erreakzio konplexuaren etapa guztietako egitura kimikoen irudiak lortu dituzte. Horretarako, kontakturik gabeko indar atomikoko mikroskopio bat erabili dute zunda bereziki sentikor batekin. Ángel Rubio UPV/EHUko katedradunak azaltzen du lorpen honen garrantzia: Erreakzio-mekanismo osoan gertatzen diren aldaketa kimikoen sekuentzia konplexua argitu ahal izan da, erreaktiboetatik hasi, bitartekoetatik pasatu eta azken produktuekin amaituz eta, aldi berean, aukera eman du halako portaera dinamiko konplexuan gertatzen diren mekanismo mikroskopikoak ebazteko”.

Emakumeak zientzian

Aste honetan, Lise Meitner fisikaria izan dugu protagonista: judutarra, naziak bere atzetik izan zituena, nahi izan gabe energia nuklearrean aitzindari bilakatu zena. Azken batean bera izan zen lehergailuaren atomikoaren haziak erein zituena. Ez zuen bide erraza izan Meitnerrek baina fisikan aritu zen bere bizitza osoan zehar. Bere aurkikuntzarik esanguratsuena fisio nuklearraren fenomenoa da. Horren azalpena, artikuluan topatuko duzue. Irakurri, ez zarete damutuko!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.