Asteon zientzia begi-bistan #109

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

asteon zientzia begi-bistan 109

Eboluzioa

Ozpin-eulien (Drosophila melanogaster) espermatozoide erraldoiak ulertzeko gakoak eman dituzte. Hauek 5,8 cm izatera irits daitezke. Ikertzaileek ikusi dute ar indartsu eta osasuntsuenek espermatozoide handiagoak eta gehiago ekoizten dituztela. Bestetik, espermatozoideen luzerak, emeen semen-errezeptakuluaren luzerarekin batera eboluzionatu duela ohartu dira. Hau da, eboluzioan zehar emeen semen-errezeptakulua handitzen da eta hortaz, espermatozoide handienak hautatzen dira. Aldi berean, espermatozoide handienak dituen arrak aukera gehiago izan ditu bere geneak transmititzeko.

Biologia

Historian zehar, fotosintesia ulertzeko eman dituzten urratsak azaldu dizkigute artikulu interesgarri honetan. 1893an erabili zen lehenengoz terminoa, prozesuaren urrats guztiak identifikatu zirenean. Baina hori argitu aurretik, filosofoek esan ohi zuten arnasten zuten organismoak zirela eta beren mantenugaiak soilik uretik eta airetik lortzen zituztela. XVII. eta XVIII. mendeetan zehar, landareen fisiologia pneumatikaren barnean kokatzen zen. Sthephen Hales ohartu zen landareek egiten zuten gas trukaketaz. Gas horiek identifikatzea izan zen Georg Ernst Stahl eta Joseph Priestleyen lana. Azken honek frogatu zuen landare berdeek “aire ez-flogistikatua” ekoizten zutela (1777an hain zuzen, “oxigeno” deituko zena). Ondoren, prozesu hori animalien arnasketarekin zerikusia zuela pentsatu zuten, hau da, animalien arnasketaz kutsatutako airea elikagaia zen landareentzat eta aldi berean, landareek aire araztuaz hornitzen zituzten animaliak.

Medikuntza

Esklerosi anizkoitza gaiari heldu dio Juanma Gallegok artikulu honetan. Gaixoen garapena igartzeko teknika berri bat garatu dute oftalmologia arloan: koherentzia optikoko tomografia. Proba horretan, erretinaren lodiera laser baten bidez neurtzen da. Lodiera hori 88 mikra baino txikiagoa bada, esklerosi anizkoitza pairatzen duenaren arrisku faktorea izugarri handituko da ondorengo bi urteetan, eta, bost urte pasatuta, arriskua lau aldiz handituko da. Arlo klinikoan, ordea, zailagoa da bide hori jorratzea. Basurtuko Ospitalean (Bizkaia) duela hiru urte hasi ziren teknika hori erabiltzen baina orain arte ez dute atera emaitza garbirik. Orain gaitzari aurre egiteko botikak dituzte. Kaltetutako mielinaren zelulak birsortzeko botikak ere martxan dira, eta Bizkaian hainbat entsegu kliniko egin dira norabide horretan.

Osasuna

Estatu Batuetako gobernuak bultzatutako ikerketa batek ondorioztatu du mugikorren erradiazioak saguei eta arratoiei minbizia eragiten dietela. Badirudi ikerketaren emaitzak ez direla oso sendoak. Parte hartu duten ikertzaile batzuen aburuz, litekeena da mugikorren eta animalien minbiziaren arteko erlazioa zuzena ez izatea. Esaterako, badirudi arrei bakarrik eragiten diela, eta ez emeei; bestalde, erradiazioaren eraginpean egondako animaliak luzeago bizi dira, erradiaziorik jaso ez dutenak baino. Ikertzen jarraituko dutela esan dute.

Osasunari jarraiki, Amaia Portugalek beste ikerketa baten berri ematen digu: Munduko 70 herrialde baino gehiagotan izan dituzten langabezia, osasun gastu publiko eta minbiziagatiko hilkortasun datuak elkarlotu eta bilakaera aztertu dute. Ikerketak agerian utzi du hilkortasunaren, langabeziaren eta gastu publikoaren arteko lotura dagoela: langabezian izandako gorabeherek bat egiten dute, denboran, minbiziagatiko hilkortasunean gertatutako aldaketekin. Halere, badago salbuespen bat: osasun zerbitzu publikoa eta orokortua bermatzen duten herrialdeetan ez da halakorik gertatzen. Ondorioztatutakoa kontuan hartuz, ikertzaileek diote: “Osasun sistema finantzatzeko arazoak izatekotan, eraginkortasuna hobetu behar da. Gaixoek zaintza bera jasotzen dutela bermatu behar da, haien ekonomia eta lan egoera edozein dela ere”.

Matematika

Matematika aplikatuaren garrantziaz jabetuko gara testu hau irakurtzean. Lehenik eta behin, matematika aplikatuko lana zein den argitzen digute: hiru fase dira. Lehenengoan, sistema errealetik eredu matematiko bat sortzen da. Hori hipotesietan oinarritutako formulazioa eginez lortzen da. Bigarrenik, eredu matematikoa edukita, lan matematikoa egiten da, emaitza matematikoak lortzeko. Bukatzeko, emaitza matematikoak interpretatzen dira, sistema errealen portaera ulertzeko. Ikerlariek sistema errealak ondo definitzen dituzten eredu matematikoak bilatzen dituzte. R erradioko behiaren adibidea dugu horren erakusle. Nekazari bati behiak gaixo jarri zitzaizkion behin eta behien analisia eskatu zuen matematikari talde bati. Ikertzaileek nekazariari emandako txosten hori honela hasten zen: ‘Demagun R erradio duen behi bat…’. Esferak matematika arloan ezagunak dira. Hortaz, behi bat R erradioko esfera bat dela onartuz gero, behi hori guztiz deskribatu ahal da. Matematika aplikatuetan garrantzitsua da hipotesi egokiak aukeratzea.

Fisika

UPV/EHUko eta DIPCko ikerketa batek ondorioztatu du efektu kuantikoak direla hidrogeno sulfuroa errekor-tenperaturetan supereroalea izatearen arrazoia. Hau da, arrautza ustelaren usaina darion konposatu hori presio atmosferikoa baino milioi bat aldiz presio handiagoan jartzen bada, supereroale gisa jokatzen du inoiz identifikatu den tenperaturarik altuenean. Ikerketak egin duen aurrerapenak asko lagundu lezake giro-tenperaturako supereroaleak bilatzeko. Ikertzaileak pozik daude lorturiko emaitzekin agerian uzten baitute iragarpen kuantitatiboak eta konputazioa konfiantza osoz erabil daitezkeela tenperatura altuko supereroaleak azkarrago aurkitu ahal izateko.

Teknologia

Ipar Amerika eta Europa lotuko dituen telekomunikaziorako super-kable bat botako dute Atlantiko ozeanoaren hondoan zehar. Muturretako bat Virginian egongo da (AEB), eta bestea Euskal Herrian (Sopelan, Bizkaia). Komunikazio-kablearen izena MAREA da (6600 km izango ditu) eta proiektua Microsoftek eta Facebookek bideratuko dute. Lanak 2016ko abuztuan hasiko dira. Datorren urteko udazkenerako prest izatea espero dute. 160 Terabyte segundoko abiadura izango duen kableak Microsoften eta Facebooken zerbitzuak hobetuko ditu.

Klima-aldaketa

Gero eta pertsona gehiago bihurtu dira migratzaile kliman eta naturan izaten ari diren aldaketak direla kausa. Kalte egiten dieten eragile asko daude: klima-aldaketa, hondamendi naturalak… Horien ondorioz, euren bizilekuak utzi behar izaten dituzte. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatarien arabera, 2011. urtean 30 milioitik gora lagunek migratu zuten klimari lotutako arrazoiengatik (gerrengatik baino gehiagok). Horretaz gain, aurre ikusten da 2050.urterako 250 milioi pertsona izango direla (lurralde txiroetan) “fenomeno” hori jasango dutenak. Asia Pazifikoa da eremurik kaltetuena. Bertan gertatzen dira hondamendi naturalen bi herenak.

Argitalpenak

José Manuel López Nicolas Murtziako irakasleak idatzitako “Vamos a comprar mentiras. Alimentos y cosméticos desmontados por la ciencia” liburuaren xehetasunak dakarzkigu Josu Lopez-Gazpiok. Zer topatuko dugu liburu honetan? Kapitulu batean, adibidez, elikagai funtzionalak ditu aztergai: L. casei ona al da immunitate-sistemarentzat? Osasungarria ote da kaltzio eduki handia duen esnea edatea? Eraginkorrak al dira kolesterola gutxitzen duten produktuak? Galdera hauek eta beste hainbat erantzuten ditu liburuan zehar. Modu berean, zorrotz aztertzen dira edari energetikoek dituzten arriskuak eta publizitatean erabiltzen den sasi-zientzia. Beste atal batean, autoreak elikagaien ustezko ezaugarri osasungarriak babesten dituzten hainbat fundazio eta erakunde aztertzen ditu. Iruzurrak detektatzeari ere kapitulu didaktiko bat eskaini dio idazleak. Liburuaren xehetasun gehiago ezagutzeko, ez galdu Lopez-Gazpiok egindako erreseina.

Emakumeak zientzian

Naiara Moreira, telekomunikazio-ingeniaria, izan da elkarrizketa honen protagonista. Karrera-amaierako proiektua Tecnalian egiteko aukera sortu zitzaion. Horren ondotik, doktoretza egitea erabaki zuen APERT ikerketa-taldean (Applied Electronics Reseach Team) eta aurten aurkeztuko du tesia. Lan honekin azpiestazio elektriko adimendunen komunikazio-protokoloa babesteko sistema hobetzea du helburu. Oso motibagarria da gaztearentzat egiten ari den ikerketa hain aplikatua izatea: “Asko betetzen nau pentsatzeak egiten dudana ez dela paperean geratuko, eta erabilgarria izan daitekeela eta jenderen bizi-kalitatea hobetzeko balio dezakeela”. Halere, gorabeherak ere badirela dio: “Berrikuntzan aritzen garenez, ez dugu eredurik”. Etorkizunera begira, industrian lan egin nahi lukeela dio, Euskal Herrian bertan.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.