Aire garbigailu erraldoia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Smog Free Tower eraikinak aireko partikula kutsakorrak xurgatzen ditu, eta hondakin horietan metatutako karbonotik abiatuta, bitxiak sortzeko aukera ematen du. Ordu betean 30.000 metro kubiko aire garbitzen dituela diote proiektuaren sustatzaileek. Rotterdamen jarri dute lehen prototipoa, eta Txinara eramango dute irailean.

Iazko irailetik, zazpi metroko eraikin berezi bat dago Rotterdamgo (Herbehereak) parke publiko batean. Smog Free Tower du izena. Garai batean batez ere Londresko laino toxikoari erreferentzia egiteko erabiltzen zen smog anglizismoa, baina tamalez, gaur egun munduko makina bat hiri industrializaturi aplika dakioke. Hain zuzen ere, laino toxikorik gabeko dorre hau aire garbigailu erraldoi baten modukoa da, bertan dauden partikula kutsakorrak xurgatu egiten baititu. Datorren irailean Beijingera (Txina) eramango dutela dago aurreikusita.

Zazpi metroko luzera eta hiru metro eta erdiko zabalera duen modulu multzoak osatzen du dorrea. Daan Roosegaarde diseinatzaile herbeheretarraren proiektua da, eta Bob Ursem Delfteko Teknologia Unibertsitateko ikertzailearen patente bat du oinarri. Funtsean, ospitaletan aurki daitezkeen aire garbigailu modernoen moduan funtzionatzen du, baina kalean eta eskala handian erabilgarria izateko moduan prestatu dute. Horrenbestez, ionizagailu bat da: elektrizitatearen bitartez, ioi negatiboak sortzen ditu, eta horiek airean dauden partikula kutsakorrak harrapatu eta dorrera eramaten dituzte, xurgagailu erraldoi bat balitz bezala.

Irudia: Rotterdamen jarri dute gisa honetako lehen dorrea. (Argazkia: Studio Roosegaarde)
Irudia: Rotterdamen jarri dute gisa honetako lehen dorrea. (Argazkia: Studio Roosegaarde)

Lehen emaitzek erakutsi dutenez, ordu betean 30.000 metro kubiko aire garbitu ditzake eraikinak, elektrizitatean 1.400 watt baino gutxiago baliatuta (tearentzat ura berotzeko erabiltzen diren gailu elektriko txiki horien pare).

Gainera, airea garbitu ez ezik, xurgatutako partikula zikinak berrerabili egiten dituzte proiektu honetan. Izan ere, nagusiki karbonoz osatuta dagoen laino toxikoaren arrastoetatik abiatuta, bitxiak sortzen dituzte. Behin dorrearen barruan metatuta, partikulak konprimatu egiten dituzte presio handiaren pean, eta hala sortzen dituzte Smog Free eraztunak eta bestelako bitxiak. Hain zuzen, karbonotik diamantea sortzeko trantsizioaren antzera, baina prozesua asko bizkortuta. Proiektuaren arduradunek diotenez, pieza hauetako bakoitza garbitutako mila metro kubiko aireren emaitza da.

Smog Free proiektuaren berri ematen duen bideoa, ingelesez

Horrenbestez, aire garbigailu erraldoi hau Txinara iritsiko da datorren irailean, eta litekeena da etorkizunean Mexiko Hiria, Paris edo Los Angeles bezalako hiri handietan erakusgai jartzea.

Ez da harritzekoa gisa honetako ekimenek hainbesteko interesa piztea. Izan ere, Munduko Osasun Erakundeak ezarritako marra gorria gainditzen duen airea arnasten du zonalde urbanoetan bizi den populazioaren %80ak baino gehiagok. Egoera bereziki kezkagarria da Mediterraneo ekialdean eta Asia hego-ekialdean, behe edo erdi mailako diru sarrerak dituzten herrialdeetako hirietan: erakundeak ezarritako muga hamar aldiz gainditzen dute toki batzuetan. Aire kutsadura oso arriskutsua da osasunarentzat, eta munduan hiru milioi heriotza goiztiar eragiten dituela uste da urtero. Smog Free Tower delakoak aletxoa jarri nahi du, arazo larri honi irtenbideak ematen haste aldera.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.