Asteon zientzia begi-bistan #128

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

glass-ball-1746506_1280

Kimika

Röntgen izpi katodikoekin ikertzen ari zen, eta ikusi zuen gelaren beste muturrean material fluoreszente bat argiztatzen zela, erradiazio-iturria paper beltzez estali eta gela ilun utzi zuenean. Alemaniar zientzialari honek berehala ulertu zuen izpi batzuek ahalmena zutela papera zeharkatu eta material fluoreszentea aktibatzeko. X izpia izena jarri eta aztertzeari ekin zion. Laster ikusi zuen X izpiek hobeto zeharkatzen zituztela material batzuk beste batzuk baino. Horrela, giza ehun bigunak erraz zeharkatzen zituzten, baina zailagoa zitzaien metalak eta hezurrak zeharkatzea. Historian egin izan den lehenengo erradiografia, bere emazte Bertharen eskuarena izan zen. Arlo honetan egin izan zuzen lan bikainagatik, Nobel Saria eman zioten Röntgeni 1901ean. Erradiografiek izugarrizko aurrerapena ekarri zuen medikuntzan. Ondoren, beste eremuetan praktikatu zen: ingeniaritzako piezak edo artelanak hartu zituzten aztergai.

Elikagaiak biltzeko materialetatik plastikoa, papera, beira, altzairua, aluminioa eta zenbait konglomeratu dira erabilienak. Hauek beren alde txarra ere badute. Adibidez, ingurumen-inpaktu handia sortzen dute. Hori dela eta, konponbide posibleen artean aurkitzen da zenbait biopolimerotatik eratorritako filmak. Hauek ingurumena errespetatzen dute biodegradagarriak baitira. Horiek egiteko gehien erabilitako biopolimeroak proteinak eta polisakaridoak dira. Lan honetan arrain-gelatinazkoak egin dira. Horrela, hondakinak kontsideratzen ziren arrain, hezur eta azalei erabilera bat ematea lortzen da. Arrain-gelatinazko film hauek aurkezten dituzten abantailak, film komertzialek eskaintzen dituztenen aurrean, dira, esaterako, gaztak bere koipea mantentzea eta ez lehortzea ahalbidetzen dutela. Zehatz-mehatz propietate egokienak azaltzen dituen filma % 10 azido zitriko portzentajea duena da. Konposizio hau duten filmak gardenak dira baina, aldi berean, argiarekiko erresistentziari dagokionez, oso erantzun ona aurkezten dute. Horri esker, ontziratutako elikagaiaren kalitatea denbora luzeagoan mantentzen lagunduko dute.

Hizkuntzalaritza

UPV/EHUko Maria Jose Ezeizabarrena irakasleak eta Tania Barberán doktoregaiak Cambridgeko Unibertsitateko Napoleon Katsosek zuzendutako proiektu batean parte hartu dute eta lortutako emaitzak ikuspegi berria gehitu dio hizkuntzaren unibertsaltasunari. Oraingoan, ikerketa honek konfirmatu du hizkuntzak ikasteko patroi unibertsalak daudela, eta patroi horiek ez datoz bat hizkuntzak sailkatzeko erabiltzen diren hizkuntza unibertsalekin. Aurkikuntza honek, hizkuntza guztietan erabilgarriak izan daitezkeen hizkuntza testak garatzeko bidea abiarazten du.

Astronomia

Ekaitz erraldoi bati jarraituz, Saturnoko jet korronte handiaren ezaugarriak aztertu dituzte EHUko Zientzia Planetarioen taldeko ikertzaileek. Eguzki Sistemako jet korronterik zabalena eta bortitzena da. Ikertzaileek xehetasun gehiagoz aztertu ahal izan dute fenomenoa; Hubble Espazio Teleskopioa erabiltzeko baimena lortu zuten. “Hubblen behatzeko denbora lortzea oso zaila da, oso lehiakorra baita, baina haren bidez lortutako irudiak oso kalitate onekoak dira, eta erabakigarriak izan dira”, azaldu du Sánchez Lavegak, lanaren lehen sinatzaile eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak. Orban distiratsua 7.000 km inguruko ekaitz erraldoi bat zen eta informazio berria lortu dute egiturari buruz. Ikusi dute atmosferan zenbat eta sakonago, orduan eta indartsuagoak direla haizeak. Goi atmosferan 1.100 km/h abiadurak neurtu dituzte, eta 150 km inguruko sakoneran 1.650 km/h-koak. Gainera, haize sakona egonkorra da, baina goi atmosferan oso aldakorrak dira korronte ekuatorialaren abiadura eta zabalera, intsolazio-zikloaren eraginez. Saturnoren eraztunen itzalpean indartu egiten dira haizeak. Horretaz gain, beste hainbat fenomeno meteorologikok ere haizean eragiten dutela ikusi dute.

Botanika

Landareei ere erreparatu behar diegu eboluzioa ulertzeko. William Friedman botanikoa (New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1959), Harvardeko Unibertsitateko Arnold Arboretum lorategi botanikoko zuzendaria, irailaren amaieran Donostian izan zen, DIPC Donostia International Physic Centerrek antolatutako Passion For Knowledge topaketan eta landareen garrantziaz eta horiek oinarri diren ikerketez hausnartu zuen Jose Iñaki Hormaza (Donostia, 1965) botanikoarekin batera. Friedmanen arabera, oraindik misterio bat da landareena: “Egun badakigu lehendabiziko landare loredunek lore txiki-txikiak zituztela, baina oraindik ez dakigu zein izan zen horiek ekarri zituen jauzia”, azaltzen du. Landareetan badira ere kasu deigarriak. Adibidez, Ginko biloba izeneko landarea, oso bitxia dena: “Orain dela 200 milioi urteko fosilak aztertu, edo oraingo ginko biloba landareenak, eta ia igualak dira. Ez dira ia batere aldatu”, dio. Haren esanetan, landare organismoak eta animalienak ez dira hain ezberdinak. Izan ere, “biokimika, oinarria, bera da; DNA, proteinak, aminoazidoak… Horiek guztiak komunak dira animalia eta landareetan”. Giza jardueraren ondorioz, izadiak pairatzen duena ekarri du solasaldira. Horren gainean dio klima-aldaketa dela egun gure bizitzan ditugun erronka nagusietako bat: “Ez espezieak desager daitezkeelako bakarrik; Sirian egun gertatzen diren arazoetako asko ere klima-aldaketaren ondorioz gertatzen direla ulertu behar da”.

Teknologia

Euskal Herriko Ekaingo haitzuloa bisitatzeko aukera egongo da app baten bidez edo web bidez. Barnetik erabat digitalizatzeko lanak egin dituzte, kobazuloan aurkitutako Goi Paleolitoko labar-pinturak bereizmen handiarekin ikusteko gai izango gara. Ikusgarriak dira figurak, hauen ingerada eta margolanetan erabili zen teknika argiro ikustea ahalbidetzen duten hartualdi infragorriak ere barne hartzen dituztelako.

Ingurumena

Azaroaren 4az geroztik, ofizialki martxan dago klimari buruzko Parisko Akordioa, eta aste honetan eta hurrengoan Marrakexen (Maroko) dute hitzordua agintariek, akordio hori gauzatzeko urratsak egiteko. Erronka handia dute aurretik: mendea bukatzerako, Lurraren batez besteko tenperatura ezin da bi gradu baino gehiagora igo, industria aurreko garaian genuenarekin alderatuta. Hitzarmena sinatu duten Estatuek konpromiso hori hartu dute. Horrez gain, langa hori 1’5 gradutara mugatzen ahalegindu behar dutela ere zehaztu dute idatzian. Halere, Frantziako bi ikertzailek ondorioztatu dutenez, bi graduko helburua ez da nahikoa, eta 1’5 graduak ez gainditzeko ahalegina ez da borondate kontua, hil ala bizikoa baizik.

Biologia

Serengetin dauden ugaztun belarjaleek migratu egiten dute urtero. Hego-ekialdetik ipar-mendebalera joaten dira, toki lehorretatik leku hezeetara, hain zuzen. Euri-sasoian nahiko ur dago eta belarra ondo hazten da. Sasoi lehorra (ekaina-azaroa) heltzen denean, berriz, errekak eta ibaiak lehortzen dira. Ur-ingestioaren menpeko diren belarjaleek migratzen dute. Adibidez, ñu urdinek eta zebrek, ura edan behar dutelako. Sasoi beroan, egunero edo gutxienez bi egunetik behin edan behar dute ura. Hori dela eta, ezin daitezke 25 km baino gehiago urrundu uretatik. Antilope ipotxa ere aurkezten zaigu testu honetan eta honek ez du ia urik edaten.

Medikuntza

Gure gorputzak sortzen dituen kannabinoideek zein Cannabis landarearen kannabinoideek gure memorian galera eragiten dute, neuronen arteko komunikazioa oztopatzen dutelako. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu neuronetako mintz-hartzaile batzuk inhibitzen dituztela, eta ondorioz, ez da ia neurotransmisorerik sortzen. Orain arte uste zuten kannabinoideek neuronen mintz plasmatikoan eragiten zutela, baina orain ikusi dute mitokondrioetako mintzetan ere eragiten dutela, mitokondrioetako energia-sorrera blokeatzea lortuz. Ikerketa berri hau UPV/EHUKO Neurozientziak Saileko ikertzaileek Frantziako ikertzaile batzuekin elkarlanean egindakoa da.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.