Itsasontziek eragiten duten kutsadurak ekaitzen sorreran eragina duela proposatu dute zientzialariek. Munduan zehar sortzen diren tximistak ikertzean konturatu dira itsas garraioaren eta tximista kopuruaren arteko loturaz.
Mari zen gurean. Eskandinavian, aldiz, Thor zen ekaitzen erantzule. Eta ezaguna da ere Antzinako Grezian Zeus jainkoa zela tximistekin jolasean aritzen zena. Meteorologoek istorio horien xarma kendu badigute ere, oso ondo datorkigu jakitea zer eguraldia egingo duen. Eguraldia iragartzeko datu andana baliatu behar dituzte zientzialariek, eta badirudi faktore guztiak kontrolpean daudela. Ondorioz, eta ordenagailuetako konputazio ahalmenari esker, datuak jasotzeko gai diren estazio eta satelite ugari edukitzea nahikoa omen da eguraldia iragartzeko.
Zentzu horretan, zaila da irudikatzea orain arte kontuan hartu ez den faktore bat egotea, baina hala dela dirudi. Izan ere, itsasoan sortutako kutsadurak ekaitzak indartzeko ahalmena izan dezakeela jakin berri da orain, Washingtongo Unibertsitateko ikertzaileek ezagutzera eman duten aurkikuntza baieztatzen bada, bederen. Itsas garraioaren eta tximista kopuruaren arteko harremana dagoela iradoki dute ikertzaile horiek. Hilaren hasieran Geophysical Research Letters aldizkarian idatzitako zientzia artikulu batean argitaratu dituzte emaitzak .
Katrina Virts ikertzailea izan zen “eureka” une horietako batean lotura ikusi zuen lehena. Washingtongo Unibertsitatean Doktoretza ondorengo ikerketa egiten ari zela, mundu mailako tximisten erregistroak aztertzeari ekin zion: World Wide Lightning Location Network izeneko sarea, hain zuzen. 2005etik 2016ra arte erregistratutako tximistak jasotzen dira datu-base horretan; guztira 1.500 milioi tximista inguru.
Zeregin horretan zegoela, Indiako Ozeanoan zehar zabaltzen zen tximisten marra ia zuzena ikusi zuen mapan, eta atentzioa eman zion. Hain egitura bitxia ikustean, horren atzean zioren bat egon zitekeela pentsatu zuen, eta unibertsitateko kideekin misterio hori argitzeari ekin zion. Eta aurkitu zuten. Proposatu dutenaren arabera, itsasontziak dira errudunak.
Itsasontziek egindako isurien datuekin alderatu dute tximistek jarraitutako patroi bitxi hori, eta hor azaleratu da harremana. Bata bestekoarekin alderatuz, zientzialariek ikusi dute itsasontziek jarraitzen dituzten ibilbideen gainean tximista kopurua ia biderkatu egiten dela Indiako Ozeanoan eta Txinako Hego Itsasoan.
Lotura eremu horretan agertzea ez da kasualitatea. Txina munduko faktoriarik handiena bihurtu den mende horretan, bertatik ateratzen dira itsas garraio gehienak. Garrantzi estrategiko handikoa den Malakako itsasartea zeharkatzen dute itsasontziek, gero Txinako Hego Itsasora ateratzeko.
Kondentsazio nukleoak
Funtsean, tximisten mapa eta itsasontzien mapa elkartzean ikusi dute harremana, zientzialariek beraiek aitortu dutenez. “Bi mapa horiek parean jarrita, bistan zegoen itsasontziek harremana izan behar zutela tximisten sorrerarekin”, nabarmendu du ikerketaren egile nagusi Joel Thorntonek prentsa ohar batean. “Erregaiek sortzen dituzten partikulak direla eta, gizakia ekaitzetan sortzen diren prozesuen indarra aldatzen ari da”, gaineratu du.
Halere, aurkeztu dutena ez da korrelazio hutsa, noski. Aldagaien arteko halako harremanak erabilita ia edozein gauza defenda liteke eta. Azalpen zientifiko batez babestu dute haien proposamena.
Errekuntza motor guztiek ihesak sortzen dituzte. Isuri horiek kedarreko partikula ñimiñoak daramatzate, eta baita nitrogenozko zein sufrezko konposatuak ere. Aerosolak dira horiek, eta hiri handietan sortu ohi den gandua eragiten dute. Baina, era berean, kondentsazio nukleo bezala funtzionatzen dute partikula horiek. Partikulen inguruan metatzen da atmosferan dagoen ur-lurruna, eta horrela sortzen dira euri tantak.
“Partikula hauek hodeiak sortzeko gai diren nukleo bezala funtzionatzen dute, eta ekaitzen garapen bertikala aldatzeko ahalmena dute. Horrela, hodeiak puntu gorenetara eramaten dituzte, eta bertan tximistak sortuko dituen elektrifikazioa eragiten dute”, laburbildu dute egileek. Altitude handietan, euri tanta eta izotz pusken arteko talkek elektrifikazioa eragiten dute. Tximistak, beraz, ekaitzaren indarraren erakusle dira.
Ikertzaileek alboratu dituzte fenomenoa azal zezaketen bestelako faktoreak, hala nola haizeteak edo atmosferaren tenperaturaren estruktura.
Ozeanoak zeharkatzen dituztenean, merkantzia ontziek etengabe isurtzen dituzte horrelako ihesak. Ondorioztatu dute, beraz, itsasontziek isuritako aerosolak direla tximisten kopurua bikoizten dutenak. Ibilbide jakinak baliatzen dituzte itsasontzi horiek, itsasoetako autobideak balira bezala. “Errei hauek martxan dagoen benetako esperimentua suposatzen dute, eta aukera ematen digute ikusteko nola partikula bidezko kutsadura sortzen duten giza jarduerak ekaitzen indarra aldatzeko gai diren”, gaineratu dute ikertzaileek.
Erreferentzia bibliografikoa
Thornton, J. A., K. S. Virts, R.H. Holzworth, and T.P.Mitchell (2017), Lightning enhancement over major oceanic shipping lanes, Geophys. Res. Lett., 44, doi:10.1002/2017GL074982.
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] Itsas garraioaren eta tximista kopuruaren arteko harremana dagoela iradoki dute. Katrina Virts ikertzailea dago horren atzean, beste batzuen artean. Doktoretza ondorengo ikerketa egiten ari zela, mundu mailako tximisten erregistroak aztertzeari ekin zion. Hori egiten zegoela, Indiako Ozeanoan zehar zabaltzen […]