Duela 300.000 urte kokatu dute lehen giza sareen agerpena

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Afrikako ekialdean duela 300.000 urte inguru bizi ziren gizakiek distantzia handietan lehengaiak garraiatzen zituztela proposatu du ikertzaile talde batek.

Kenyako hegoaldean kokatuta dagoen Olorgesailieko aztarnategiak leku propioa nahi du paleoantropologiaren historian. Rifteko haranean dauden beste hainbat aztarnategitan gertatzen den bezala, bertan ederki gorde dira gizakiaren arbasoek utzitako aztarnak. Science aldizkarian kaleratutako ikerketa multzo batek aztarnategi honen garrantziaren neurria eman du. Horien artean, George Washington Unibertsitateko ikertzaile Alison Brooks antropologoak gidatutako ikerketa artikulu batek lehen giza sare konplexuen agerpena iradoki du.

1. irudia: Olorgesailie izeneko aztarnategian eskuratu dituzte lehen gizaki modernoek landutako tresnak. Irudian, Rick Potts ikertzailea, aztarnategia arakatzen. (Argazkia: Human Origins Program / Smithsonian)

Paleoantropologian gertatu ohi den moduan, oraingoan ere proposamen ausartak jarri dira mahai gainean. Jakina da: gainerako zientzietan gertatzen denarekin alderatuz, ezagutza arlo honetan guztiz iraultzaileak diren emaitzetara ohituta gaude aspalditik. Ezagutzaren bidezidorrean zabuka doan zientzia dela eman dezake, baina, dudarik gabe, ziztu bizian doa paleoantropologia.

Proposamen berriaren arabera, duela 300.000 urte inguru Afrikako ekialdean bizi ziren gizakiek haien bizilekutik kanpo ekarritako tresnak eta pigmentuak erabiltzen zituzten. Hala izanez gero, horrek adieraziko luke lehen garai horietan bazirela zerbitzuak partekatzen zituzten giza sareak. Funtsean, eta komatxo askoz hornituta, lehen “merkataritzaren” hastapenak lirateke hauek. Edo, bederen, lehengaien garraioaren lehen adierazpenak.

Kasu honetan, datak nahiko zuhurrak direla dirudi, datazioak egiteko argona eta uranioaren serieak erabili dituztelako, eta geologiarekin ikuspuntutik estratigrafia ondo zehaztuta omen dagoelako. 295-320 milioi urteko tartea eskaini dute datazio horiek. Hainbat hedabidetan jasotako adituen iritziak ikusita, badirudi oraingoan ere desadostasunak objektu horien funtzioei buruzko interpretazioan egongo direla.

Obsidiana eta pigmentuak

Arazoetako bat da garaiko gizakien fosilik ez dagoela bertan. Halere, kontuan izanda duela gutxi Jebel Irhoud-en (Marokon) garai horretako Homo sapiens espezieko aztarnak identifikatu direla, eta Afrikako Ekialdeko aztarnategian topatutako tresnen ezaugarriak ikusita, gure espezieari leporatu diote harrizko tresna horien ekoizpena.

Tresnak barra-barra daude aztarnategian. Bertan bizi izan ziren hominidoek nukleoak eta puntak landu zituzten, eta pigmentua eskuratzeko arrokak ustiatu zituzten, antropologoek egin duten interpretazioaren arabera.

Tresnen artean, bereziki deigarriak dira landutako obsidianak. Obsidiana sumendien inguruan magma arin hoztearen ondorioz sortzen den beirazko arroka da. Kultura eta garai askotan sarri erabili izan da, bereziki bi arrazoiengatik. Batetik, apurtzean oso sorbatz zorrotzak sortzen dituelako, eta mozteko tresnak egiteko aproposa da beraz. Bestetik, zinez arroka ederra delako, eta apaingarriak edo prestigiozko objektuak egiteko erabili izan da maiz. Burdin Arotik aurrera, metalen erabilera orokortu zenean ere, hainbat herritan funtzio zeremoniala mantendu zuten obsidianaz egindako armek.

“Obsidiana garraiatu zuten, eta pigmentuak bildu eta prozesatu zituzten. Horrek adierazten du sare sozialak garatu zirela, eta distantzia handietan gure espezieko kideen arteko hartu-emanak izan zirela”, laburbildu du Brooksek, George Washington Unibertsitateak (AEB) plazaratutako ohar batean.

2. irudia: Besteak beste, pigmentuak eskuratzeko landu omen ziren harri arrastoak aurkitu dituzte. (Argazkia: Human Origins Program / Smithsonian)

Pigmentuei dagokienez, manganesoa duten arroketatik beltza lortu zuten, eta burdin asko zuten arroketan berdin egin zuten kolore gorria edo okrea eskuratzeko. Egileek proposatu dute pigmentu horien erabilerak pentsamendu sinbolikoa adierazten duela. Gogoratu dutenez, hainbat kulturatan pigmentuak erabiltzen dira zeregin sinbolikoetarako, bereziki gorputzak margotzeko. “Norbanakoek zein taldeek bata bestearekin eta paisaiarekin zuten harremanari dagokionean, praktika hauek aldaketa esanguratsuak adierazten dituzte”, idatzi dute ikerketa artikuluan.

Materialen garraioa kalkulatzeko, bereziki obsidianaren azterketan oinarritu dira. Obsidiana benetako harribitxia da arkeologoentzat, sortu den lekuaren arabera marka geokimiko desberdina duelako, eta, hortaz, bere jatorria zehaztasun handiarekin kalkula daitekeelako. Kasu honetan, 25-50 kilometroko distantzietatik materialak garraiatu zituztela proposatu dute ikertzaileek.

“Nukleoak, landutako harriak eta bukatutako tresnak: iturri urrunetatik etorritako halako lehengaiak daudenez -eta objektu horiek duten antzinatasuna ikusita-, badirudi gizakien errepertorioan portaera berri bat dagoela: eremu garrantzitsu batean trukatzeko edo eskuratzeko sareak eratu zirela”, azaldu dute ikerketa artikuluan.

Diziplinan ohikoa den moduan, aurkikuntzak testuinguruan jartzeko gaur egungo ehiztari-biltzaileen bizimoduan jarri dute arreta ikertzaileek. Kasu honetan, Kalahariko basamortuaren inguruan bizi diren lagunek 100 kilometroko distantzian hartu-emanak izaten dituzte; baina, oro har, batez bestean 20 kilometroko ekintza-eremu batean baino ez direla mugitzen azaldu dute ikertzaileek.

Bestetik, material horiek guztiak biltegi desberdinetan aurkitu dituzte, eta hortik ondorioztatu dute nolabaiteko antolaketa zegoela materialak bereizterakoan.

Scienceko aldizkariko ale berean argitaratutako beste artikulu batean, garai horretan izandako ingurumen aldaketak aztertu dituzte. Bereziki, aurkitutako animalien fosilei esker berreraiki ahal izan dute kliman izandako bilakaera. Duela 800.000 bat urte ingurune hezea zegoen; baina, pixkanaka, eskualdeak lehorrera jo zuen. Ikertzaileek uste dute iraganean izandako klima-aldaketa hori akuilu izan zela berrikuntza sortzeko. Esku artean duten hipotesiaren arabera, elikagaien eskuragarritasunean egondako gorabeherak zirela eta, gizakiek etorkizunean etor zitezkeen bolada txarren aurrean prestatu zituzten haien buruak, beraien arteko sustengu sareak osatuz.

Estraturik zaharrenetan Acheulear garaiko tresnak ageri dira: bereziki, eskuzko aizkora handiak eta karrakailuak erabiltzen zituzten, eta Homo erectus espeziak sortu zituela uste dute. Tamalez, duela 500.000 – 320.000 urteko denbora tarteak desagertuta daude aztarnategian, higadurak tarte horri dagokien estratuak desagerrarazi dituelako.

Erreferentzia bibliografikoa

Brooks, Alison S. et al. Long-distance stone transport and pigment use in the earliest Middle Stone Age. Science, 15 Mar 2018: eaao2646. DOI: 10.1126/science.aao2646


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.