Nanopartikulen tamainaren eta elastikotasunaren arteko erlazioa definituta

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Nanopartikula bigunen tamaina eta elastikotasunaren arteko zer erlaziok baimentzen duen translokazioa zehaztu du ikerketa batek.

Irudia: Nanopartikula handi samar batzuk gai dira poro txikietatik pasatzeko, oso elastikoak direlako, eta txikiago baina zurrunagoak direnek, berriz, ezin dituzte zeharkatu.

Nanopartikula sintetiko bigunen translokazioa izan dute ikergai, haiek baino txikiagoak diren nanoporo edo nanozirrikituak zeharkatzen dituztenak, zehazki. Nanopartikula sintetiko bigunen tamainaren eta elastikotasunaren arteko erlazioa definitzen duen lege baten eredua egin eta formulatu dute. Erlazio horrek egiten du posible, adibidez, nanopartikula handi batzuek haiek baino hamar aldiz txikiagoak diren poroak zeharkatzea eta txikiago diren batzuek ezin halakorik egitea. Nanopartikulak karakterizatzeko aplikazioak gara daitezke azterketa horretatik abiatuta.

Polimero-kateak sintetizatu eta horiek nanopartikulak eratu arte tolesten dituzte ikerketa taldean; proteinetan, naturan, gertatzen den tolestura imitatzen saiatzen dira. Sendagaien dosifikazioa izan daiteke nanopartikula horien aplikazioetako bat: kateak tolestean sortzen diren hutsuneetan garraiatuko lirateke sendagaiak eta tratatu beharreko eremura iristean nanopartikula askatuko litzateke.

Horretarako, baina, jomuga dituzten zelulen mintzak zeharkatzeko gai izan behar dute nanopartikulek eta haiek baino txikiagoak diren poroak edo zirrikituak zeharkatzeko gaitasuna nanopartikulen tolestura-mailak eta elastikotasunak baldintzatzen dute.

Nanopartikula-eredu batekin lan egin du taldeak, maila teorikoan, benetako nanopartikulek nanopororen edo nanozirrikituren bat zeharkatzerako orduan zer portaera izango duten iragartzeko. Nanopartikula handi samar batzuk gai dira poro txikietatik pasatzeko, oso elastikoak direlako, eta txikiago baina zurrunagoak direnek, berriz, ezin dituzte zeharkatu.

Eskalatze-lege batzuk eman ditu lanak, tamaina eta elastikotasun jakin bateko nanopartikula batek zeharkatu ahal izango duen diametro txikiena zenbatekoa den zehazteko edo zer fluxu-tasa kritiko den beharrezkoa nanoporoak zeharkatuz translokazioa gertatzeko, besteak beste. Behatu izan denari oinarri teorikoa jarri dio ikerketak.

Informazio horri esker, gaur egun existitzen ez diren karakterizazio-teknikak garatzera ere irits daitezke, hala nola nanopartikula bigunen elastikotasuna ezagutzea nanoporo batzuetatik pasaraziz, edo nanopartikulak banatzea elastikotasunaren edo barneko kohesio-mailaren arabera. Bereizmen-mailatara iristen ari diren karakterizazio-teknika berriei esker banako nanopartikulei buruzko informazioa ematen dute, tamaina nanometrikokoak.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Argituta zergatik nanopartikula batzuek zeharka ditzaketen nanoporoak eta txikiago batzuek ez.

Erreferentzia bibliografikoa:

Pomposo, Jose A., et al., (2018) Ultrafiltration of single-chain polymer nanoparticles through nanopores and nanoslits. Polymer, 148, 61-67. DOI: https://doi.org/10.1016/j.polymer.2018.06.030

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.