Nutrizioa
Askotan entzun izan ohi dugu landa eremuko elikadura osasungarriagoa dela. Bada, zientzialari talde batek ezagutu du azken hamarkadetan, obesitatea bereziki landa eremuan handitu dela. Datu asko jaso dituzte eta beraz, mapa bilduma interaktibo bat egin dute. Espainiari eta Frantziari dagokienez, indizea handitu da, bereziki gizonezkoen artean. Dena dela, alde gutxi dago herriaren eta hiriaren arteko zifretan, Juanma Gallegok artikulu honetan adierazten digun moduan.
Nerea Segura nutrizionista elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, eskoletako menuak asko hobetu behar direla dio, hau da, fruta, barazki eta lekale gehiago, eta prozesatutako janari gutxiago. “Fruta aldetik hobeto gaude, baina gehiago jan behar dute haurrek. Barazkiak, aldiz, oso gutxi jaten dituzte, eta aniztasuna falta da”, dio Segurak.
Kimika eta fisika
Kilogramoaren (Nazioarteko Unitate Sistemaren masentzako oinarrizko unitatea da), amperearen (korronte elektrikoko intentsitate elektrikoaren oinarrizko unitatea), kelvinaren (tenperatura termodinamikoaren unitatea) eta molaren (materiaren unitatea) definizioak aldatu dituzte, Elhuyar aldizkarian azaltzen dutenez.
Astronomia
New Horizons zunda Ultima Thulera iritsi zenetik, lehenengo emaitzak argitaratu dituzte. Gogora dezagun unibertsoko gorputzik urrunena dela Ultima Thule: Neptunotik harago dago, Kuiperren gerrikoan, beste milaka asteroide eta milioika kometen artean, eta eguzki-sisteman inoiz ikusitako objekturik gorriena dela adierazi dute. Elhuyar aldizkariak kontatzen digun moduan, gure planeta-sistemaren hastapenak ikertzeko balio handiko objektua dela aurreikusi dute, espazioko fosil bat bailitz. Ez galdu artikuluan ematen diren xehetasunak!
Jaione Romero nafarrak NASAn egiten du lan. Bertan hasi zenean, nanoteknologia departamentuan zegoen, biosentsore bat sortu nahi zuten garuneko estimulazio sakona egiteko, sistema motorearekin arazoak zeuzkaten gaixoentzat. Haren lana biokonpatibilitate ikasketa zen: “Egiaztatu edo ebaluatu sentsorearen materialek ez zutela toxikotasunik sortzen”. Gero, bioingeniaritzako departamentura jauzi egin zuen eta bertan espaziorako ura birziklatzen hasi zen, “bereziki osmosi zuzeneko mintzak, gernua ur edangarri bihurtzeko”. Horretaz gain, beste proiektu batean badabil buru belarri: “Gizakiaren hesteen antza daukan ur birziklatze sistema bat sortu nahian gabiltza, genetikoki eraldatutako bakterioek osmosi sistema baten bidez birsortua”. Zuzeun irakur daiteke.
Geologia
Denok dugu buruan Jurasiko Periodoa, baina ba al dakigu zein den Kretazeo Periodoa? Mikel Horguek artikulu honen bidez azaltzen digu. Kretazeo Periodoan sedimentuak itsasora garraiatzen zituzten ibaiez gain, bazeuden deltak, hondartzak, estuarioak, …, hau da, ingurune sedimentarioak. Gure lurraldeko arrokak ikertuz jakin daiteke periodo horretan gure lurraldea gune subtropikala zela eta ingurune-aldaketa ugari jasan zituela. Horguek adierazten duen moduan Kretazeoa bi denbora-ataletan banatzen da Goiztiarra eta Berantiarra. Bi garai hauei buruz gehiago jakin nahi baduzue, irakur ezazue artikulua osorik.
Matematika
Baieztapen matematiko guztiak ez dira ez egiazkoak ez gezurrezkoak. Fenomeno hau azaltzeko adibide bat ipini dute: Jarraituaren Hipotesia, zenbaki arrunten eta errealen kardinalari buruz egiten duen baieztapena. Honela dio Jarraituaren Hipotesiak: “Inongo multzok ez du zenbaki arruntena baino kardinal hertsiki handiagoa eta zenbaki errealena baino kardinal hertsiki txikiagoa”. Hauxe proposatu zuen Georg Cantorrek eta hainbat saiakera egin zituen frogatzeko. 1940. urtean, Kurt Gödelek frogatu zuen hipotesia ezin dela gezurtatu, hau da, ezin dela frogatu errealen eta arrunten artean dagoen multzo bat existitzen denik, kardinalari dagokionez. Hau eta gehiago Javier Cantoren artikuluan.
Medikuntza
Biodonostia ikerketa zentroko laborategi esperimentalean, zirujauak berreraikitzeko kirurgia egiten ari dira, minbiziarengatik aurpegiaren zati bat galdu dutenei zati hori berregiteko. Horretarako, zerriak erabiltzen dituzte, Donostiako Onkologikoa zentroko Jose Angel Gonzalez otorrinolaringologoak Berrian azaltzen duen moduan, “modelo ideala ugaztuna” delako, “eta horien artean zerria, gure antz ikaragarria duelako”. Esperimentazioak egiteko animaliak erabiltzeari buruz, Gonzalezek dio: “Abereak niri laguntzen dit nire lana egiten eta sendagile hobea izaten herritarrentzat. Horrek errespetua eskatzen du. Bera ez da jabetzen, baina errespetua hari eskerrak emateko modu bat da, ia, gizarteari egiten dion mesedearengatik”.
Dibulgazioa
Asteon, Eduardo Punset dibulgatzailea hil da, gaixotasun luze baten ondorioz, 82 urte zituela, Berrian irakur daitekeenez. Punset ezagun egin zen zientziari buruzko dibulgazio programei esker. Bazituen ere zientziari lotutako liburuak eta lanak.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.