Ibaizabal itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Dibulgazioa · Kultura zientifikoa

Milioi bat lagun inguru bizi gara Ibaizabal itsasadarraren bi aldeetan diren hirietan edo horietatik hurbil dauden herrietan. Lagun horietako askok gure bizitzaren denbora gehiena edo osoa eman dugu inguru horretan, eta gainera, askotan igaro gara ibaiertz batetik bestera. Baina hori horrela izanik ere, oso gutxi da itsasadarrari buruz dakiguna, azken mende erdian Ibaizabal itsasadarrari buruzko ezagutza handia pilatu den arren.

Lortu dugun ezagutza horren zati txiki-txiki bat erakutsi nahi izan dio UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak Bizkaiko herritarrei eta kanpotik bisitan etortzen zaizkigunei ere. Eta gainera, gure metropolian jende kopuru handien pasatzen den lekuetako batera eramanez egin du. Metrora eraman dugu. Horretarako Metro Bilbaoren paregabeko laguntza izan dugu, egitasmo honetan indar guztiz parte hartu du-eta.

Itsasadarraren historian zeharreko garapena, inguruko geologia, ubidearen eta Abraren ekologia, egin diren saneamendu lanen ondorioak, Bizkaiko Zubia, metroa eta zenbait osagai aurkeztu dira infografiez hornitutako hamar panel-bilduma baten bitartez. Zientzia eta teknologiaren argitan erakusten dira gai horiek guztiak. Bizi garen eta lan egiten dugun inguruaren ikuspegi desberdina eskaintzen da horrela, ikuspegi ulergarriagoa. Infografia-bilduma NorArte estudioak gauzatu du eta bertan agertzen den informazioa hainbat erakundeetako ikertzaile eta adituren eskutik jasotakoa da.

Erakusketa honen bitartez eman dio hasiera Katedrak 10 urte beteko dituen 2020 urte honi. Ezagutza jendartera eramatea bilatzen duen ekintza-lerro berri batekin hasi nahi izan du Katedrak urte berria. Orain arte herritarrak deitu egin ditugu zientzia gizarteratzeko antolatu ditugun ekitaldietara etor daitezen; ekimen berri honekin, berriz, kontrako norazkoan ibili nahi dugu, jendearengana joan nahi dugu, ibiltzen eta egoten deneko lekuetara hurbildu nahi dugu zientzia, gure ohiko jarduerak albo batera utzi barik, noski.

Abenduaren 16tik 31ra Moyuako metro-geltokian izan dira panelak. Urtarrilaren 2tik 31ra Indautxuko geltokian izango dira, eta otsailean zehar Portugaletekoan egongo dira ikusgai. Ez galdu itsasadarra beste begi batzuekin ezagutzeko aukera.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.


2 iruzkinak

  • Kaixo,
    Jakin ezazue, twitterren ikusitako zuen iragarkiari ezker, Bilbora hurbildu nintzenean erakusketa ikustera joan nintzela, senarra ere nirekin eraman nuelarik. Ez dut esango desilusioa izan zenik, interesgarria zelako, baina espektatibak handiagoak zirenez, ez ziren, nolabait,bete.
    Beraz, promozioa politagoa bada erakusketa bera baino, ez dio mezederik egiten; alderantziz, kalte egiten dio. Gutxienez, parekatuta joan beharko liratekela esango nuke, besterik ez.
    Jarraitu horrela, lan handia egiten ari zarete eta…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude