Txinako koronabirusa, aurtengo lehenengo birus berria

COVID19 · Dibulgazioa

Pasa den urteko azken egunetan Txina ekialdeko Wuhan herriko merkatuan hainbat pertsona aldi berean kutsatu omen ziren. Denek antzeko sintomak izan zituzten, arnasbidekoak, pneumonia bat printzipalki. Gaixotasuna aztertu ondoren, aste baten bueltan, urtarrilaren 7an, birus berri baten informazioa kaleratu zuten. Birus horri koronabirus berria deitu diote momentuz, 2019-nCoV laburduraz.

koronabirusa
1. irudia: Koronabirusaren agerraldia dagoen lurraldeetan maskarak edo mozorroak jarri behar dira, aire tanta kutsatua ekiteko. (Argazkia: pics_pd – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixnio.com)

Baina koronabirusak zer dira?

Aspalditik ezagutzen den birus mota da, 1960. hamarkadaren erdialdean isolatuak. Izena haren itxuragatik dator, koroa itxura dute mikroskopioz behatzen direnean. Gai dira gizakiak eta animalia ezberdinak (hegaztiak eta ugaztunak batez ere) kutsatzeko.

koronabirusa
2. irudia: MERS-CoV koronabirusa Ekialde Hurbileko arnas sindromea sortzen du. (Argazkia: Estatu Batuetako Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroa – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Ezagunak diren koronabirus ezberdin guztietatik, gutxi batzuk baino ez dira gai gizakia kutsatzeko, beste guztiak animalia ezberdinetan daude (saguzarrak, untxiak, oilaskoak, ahateak,…). Gizakia kutsatzeko gai diren koronabirus ezagun hauek dira urtero gure artean mugitzen direnak eta, gehienetan, hotzeria arrunta sorraraziz, sarritan infekzio arina edo sintomarik gabekoa izanik. Batzuetan, eta bereziki, immunoeskasia duten pazienteen umeen edo adinekoen pneumoniekin ere erlazionatu dira.

Mende honetan, beste bi koronabirus berri aurkitu egin dira: 2002an SARS-CoV eta 2012an MERS-CoV deiturikoak. Lehenengoa, Txinan sortu zen eta arazo larria eman zuen 2003-2004an, munduan 8.000 pertsona baino gehiago kaltetuz eta ia 800 hildako sorraraziz, bere heriotza-tasa % 10koa izan zelarik. Sorrarazitako gaixotasunari arnas sindrome akutu larria deitu zioten (pneumonia larri bat). Iturburua saguzarrak izan ziren eta ondoren zibetaren bidez hedatu zen. Animalia exotiko hauek jan zituzten pertsonek kutsatu omen ziren eta, ondoren, pertsonaz pertsona transmititzeko gai izan zen birusa.

Bigarrena, MERS-CoV, Saudi Arabian identifikatu zen. Gameluak dira gordeleku garrantzitsu bat eta horietatik gizakira transmititzen da, ondoren pertsonen arteko transmisioa emanez. Birus honen heriotza-tasa % 35a omen da. Kasu honetan ere sorrarazitako gaixotasuna pneumonia larria da (Ekialde Hurbileko arnas sindromea ere deitzen zaio).

Koronabirus berriaren (2019-nCoV) berezitasunak

Birus honen azterketa genetikoak dio SARS-CoV birusarekiko antzekotasun handia duela baina birus berria dela.

Egun, 2.000 gaixo baino gehiago daude eta ia 60 hildako (Hong Kongeko Osasun Departamentuaren bidez jarrai daiteke datuen bilakaera). Agerraldiaren epizentroa Wuhan hiria da eta, bertatik, Txinako hainbat lurraldeetara hedatu da eta beste herrialde batzuetara ere (Japonia, Hego Korea, Thailandia, Singapur, Vietnam, Estatu Batuak, Australia). Europan ere lehenengo kasuak antzeman dira Frantzian. Momentuz, herrialde hauetan guztietan banakako kasuak agertzen ari dira eta denek komuna dutena da Txinatik etorriko pertsonak direla (3. irudia).

koronabirusa
3. irudia: 2019-nCoV birus berriak sorrarazitako gaixo-kopurua (Munduko Osasun Erakundetik hartua, 2020ko urtarrilaren 25eko datuak). (Argazkia: Miren Basaras)

Hedapena mozteko asmoz, Txinako gobernuak Wuhan eta inguruko hainbat lurralde berrogeialdian jartzea erabaki du. Neurria zorrotza iruditu arren, SARS koronabirusen epidemian ikasitakoa baliozkoa izan behar du egungo agerraldi hori ahalik eta arinen kontrolatzeko.

Birus berri honen azterketa genetikoak dio parekotasun altua duela saguzarrek duten koronabirus batekin eta, hori dela eta, animalia horiek direla birus berri honen gordelekuaren susmoa dago. Wuhan hiriko merkatuan ere inguruneko laginak aztertu direnean antzeman da birusa. Honek baieztatzen du merkatu horretako beste animalia exotiko batzuk ere egon daitezkeela inplikatuak transmisioan, nahiz eta momentuz ez den guztiz zehaztu zeintzuk izan daitezkeen.

Argi dagoena da birus berri honek espezieen arteko saltoa egin duela (animalietatik gizakira) eta, ondoren, mutazioren bat pairatuz gai izan dela pertsonen arteko transmisio ahalbidetzeko.

Pneumonia: gaixotasun larria

Behin birusa gizakiaren barnean sartzen denean, bere inkubazio-aldia 2-14 egunekoa da. Ondoren arnasbideko infekzioak sorrarazten ditu: sukarra, eztarriko mina, buruko mina,… baina koadro kliniko larriena da birusa biriketara ailegatzen denean ematen duen pneumonia. Horren ondorioz, hainbat gaixo hil egin dira. Batez ere, immunologikoki ahulduta dauden pertsonak (adinekoak, beste gaixotasun bat dutenak,…). Beraien sistema immunea ez da gai gaixotasun honi aurre egiteko.

Nola saihestu birusa?

Birus berria izanik egun ez daude botika edo txerto espezifiko eta eraginkorrik bere kontra. Herrialde batzuk, Txina nagusiki, hasi dira txerto eraginkor baten bila.

Egun, prebentzio-neurriak dira birusaren hedapena mozteko mekanismo eraginkorrenak. Alde batetik, higiene-neurrietara bideratuta daude. Horien barnean, eskuen garbiketa, eztula egiterakoan listu zipriztinak ez hedatzeko ukondoa jartzea, paperezko mukizapiak erabiltzea, eta abar izango dira hartu beharreko neurriak.

Bestetik, agerraldia dagoen lurraldeetan maskarak edo mozorroak jarri behar dira, aire tanta kutsatua ekiteko. Lurralde hauetan ere animalien merkatuak debekatu dira, animalia basatiekin kontaktua ekiditeko.

Azkenik, birusaren hedapena kontrolatzeko beste neurri bat isolamendua da. Txinatik irtendako eta beste herrialdeetara ailegatutako gaixoak, infekzio berri honen susmoa dagoen bitartean, pazienteak ospitaletako gelatan isolatu egin behar dira, beste pertsona osasuntsuak ez kutsatzeko. Txina bertan, agerraldiaren epizentroan dagoen populazioa berrogeialdian jarri da; neurri honen helburua hedapen globala saihestea da edo, alden neurrian, gutxitzea.

Une honetan eta birusa aurkitu zenetik hilabetea pasatu ez denean, gauza asko ezezagunak dira: zein den benetako gordelekua, zeintzuk animaliak parte hartzen duten transmisioan, kutsakortasun-maila, heriotza-tasa, eta abar. Baina argi dagoena da horrelako arazoak agertzen direnean derrigorrezkoa dela nazioarteko kolaborazioa. Munduko edozein lekutan gertatzen denean osasun arazo bat, denbora laburrean munduko beste paraje batean ager daiteke eta.

Iturriak:


Egileaz:

Miren Basaras Ibarzabal, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.

8 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.