Ikerketa ontzien argiztapenak Artikoko gauean duen eragina aztertu dute, inguruan dauden arrainen kopuruari erreparatuta. Eremuaren arabera, argi horrek itsaspeko organismoak uxatzen eta erakartzen dituela ikusi dute.
Pixkanaka baina etengabean. Horrela zabaltzen da argiztapen artifiziala planetan zehar. Kalkulatu da batez bestean urteko %6 handitzen dela argiztapen hori. Iparraldeko 75 graduen eta Hegoaldeko 60 graduen artean kokatutako lur masen %23 lur artifizialen eraginaren pean daude, bai modu zuzenean zein hodeiek islatutako argia jasota. Gure espeziearen hedapena kontuan hartuta, hau ez da arraroa. Gizakia non, bonbillak han. Argi hori, noski, beharrezkoa da gehienetan, baina, seguruenera, gauzak modu txukunagoak egiteko moduak badira, argiztapen horren efizientzia handituz eta argi kutsadura gutxituz.
Argi artifizial horren eragina argitzen saiatzen ari dira aspalditik ikertzaileak. Gizakien artean, askotan aipatu da argiztapen artifizialak ziklo zirkadianoetan izan dezakeen eragina. Gaiaren inguruan gero informazio fidagarri gehiago dagoen arren, egia da ere eragin hori askotan puztu egin dela. Agian, batek daki, gauetan buruan pilatzen zaizkigun kezka horiek guztiak pantailatxo baten argiari leporatzea irtenbide erraza eta modernoa delako.
Ageriagoa da basa animalietan sortzen den eragina, horien bizimoduak ez baitaude ohituta argi artifizialera. Adibidez, argi horrek desorientazioa sor dezake, bereziki nabigatzerakoan argi iturri naturalak erabiltzen dituzten dortoka eta hegazti espezieen artean. Nabarmena izanda ere, ez da eragin bakarra. Eta, ohi bezala, ondorioak onerako zein txarrerako izan daitezke, espeziaren arabera. Hala, hiri inguruetako argiak ehiza egiteko bidea errazten die zenbait harrapakariri, beste espezie batzuk ehizatuak izateko arrisku gehiago daukatelarik. Modu berean, gero eta gehiago, ugaztunek iluntasunera jotzen dute aterpe bila, gizakietatik babesteko. Bestetik, zenbait intsektu eta hegazti espezieren kasuan, iluntasunean dagoen argi puntu distiratsu baten inguruan hegal egiten dute etengabean; batzuetan, heriotzaraino.
Argiarekiko erakarpen hau ehiza egiteko erabiltzen dute argirik gabeko ur sakonetan bizi diren arrain biolumineszenteek, eta arrantzaleek teknika hau kopiatu dute, batez ere, txipiroiak erakarri eta arrantzatzeko. Batzuetan, Lurra gauez erakusten duten mapa ikusgarrietan azaltzen dira flota industrialek sortutako argiak, itsasoaren erdian eraikitako hiriak balira bezala.
Baina argia txipiroiak erabiltzeko erabiltzen den modu berean, logikoa da ere pentsatzea beste organismoetan ere eragina izan dezakeela. Horren inguruko ezagutza handitzera jo du ikertzaile talde batek, Artikoan ikerketa itsasontziek sortzen duten argi artifizialak arrainetan eta zooplanktonean duen eragina aztertuz.
Duela gutxira arte, Artikoko gauean jatorri naturaleko argiak besterik ez zeuden: ilargia, izarrak, planetak eta, noizean behin, aurora borealak. Baina, gizakiaren presentzia, gero eta handiagoa da, eta argi dago hemendik gutxira askoz handiagoa izango dela, berotze globalaren ondorioz bertako izotzak atzera egiten ari direlako. Bereziki kostaldeen inguruan nabarmena da gizakiaren eragin hori.
Momentuz, batez ere ikerketa itsasontziak dira Artikoko gauera argia eramaten dutenak, eta, horregatik, horien eragina aztertu dute Nature Communications Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, hemendik gutxira handituko den argi kutsaduraren erakusle. Hain toki bakartian egonda, itsasontzi horiek ez dira oharkabean pasatzen: itsaso ilun batean pizturiko Gabonetako zuhaitza ematen dute, Delawareko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Jonathan Cohenen esanetan.
Ikerketa honetan itsasontziaren inguruan dagoen biomasa kopuruan argi artifizialak duen eragina aztertu dute. Argiaren eragina norainokoa den ebatzi ahal izateko, itsaspeko arrainen inguruko azterketa akustikoak egin dituzte, eta laginak ere hartu dituzte, zooplankton kopurua zein den jakin ahal izateko. Bi egoera desberdinetan egin dituzte neurketak: argiak itzalita eta argiak piztuta.
Hiru tokitan egin dituzte neurketak, neguan: Svalbard uhartediaren inguruko bi puntutan, eta hegoalderago dagoen Eskandinaviako iparraldeko hirugarren puntu batean. Gauez izan arren, azken puntu honetan iluntasuna ez zen hain sakona.
Hiru laginketek, baina, bestelako emaitzak eman dituzte. Hegoaldeko puntuan, argiak piztean biomasa kopurua zertxobait jauzi da (%4-19), baina Svalbardeko bi puntuetan eman da alderik nabarmenena: batean biomasa kopurua %47–54 gutxitu da, baina beste puntuan %43–55 handitu da. “Eraginean hautemandako alde hauek iradokitzen dute ez dagoela modu argirik argi artifizialaren eragina ezaugarritzeko”, idatzi dute zientzia artikuluan. Hortaz, norabide bakarrean ez, baina argiak eragin handia baduela egiaztatu ahal izan dute.
Aurretik ezagutzen zen argiak bazuela halako eragin bat neurketetan, baina ez zuten espero eragin hori hain handia izatea: argi horren eragina 200 metroko sakonera iristen dela egiaztatu dute.
Ondorioa garbia da, ikertzaileen arabera: ezinezkoa da ur zutabe baten azpian dagoen biomasa neurtzea argiztatutako itsasontzi batetik, argiaren pean animaliek ez dutelako egiten normalean egingo luketena. “Saiatzen ari zara neurtzen eta ulertzen ur zutabean dauden animalien kokapena, baina prozesu hori oso sentikorra da argiarekiko; eta, aldi berean, zure inguruan dagoen argi baldintzak aldatzen ari zara”, azaldu du Cohenek.
Biologiari lotutako interesaz gain, ikerketak ekonomiarekin ere badu harremanik. Izan ere, lanaren helburuetako bat izan da arrantzari begira egiten diren neurketetan argiaren alborapena norainokoa den jakitea, bai Artikoan zein beste eremuetan gauez burutzen diren laginketetan. Halako inkesten doitasuna hobetzeko beharra azpimarratu dute, arrantza kuotak ezartzerako orduan, neurketa horietan eskuratutako datuak erabiltzen direlako. Ikertzaileen arabera, argiak piztuta egiten diren neurketek biomasaren gaineko balioespen okerra dakarte.
“Historia ebolutiboan zehar, tenperaturek, izotz geruzen hedapenak zein CO2 mailek, faktore horiek guztiek eragina izan dute komunitate biologikoetan, baina argi artifizialaren eragina aurrekaririk gabekoa izan da. Hala, argi artifizialaren aurrean eboluzionatzeko beharra edo aukera izan duen espezierik ez da egon”, ohartarazi dute zientzia artikuluan.
Erreferentzia bibliografikoa
Berge, J., Geoffroy, M., Daase, M. et al. (2020). Artificial light during the polar night disrupts Arctic fish and zooplankton behaviour down to 200 m depth. Communications Biology, 3, 102. DOI: https://doi.org/10.1038/s42003-020-0807-6.
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] Ikerketa batean ontzien argiztapenak Artikoko gauean duen eragina aztertu dute inguruan dauden arrainen kopuruari erreparatuta. Delawereko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Jonathan Cohenen esanetan: Itsaso ilun batean pizturiko Gabonetako zuhaitza ematen dute. Bi egoera desberdinetan egin dituzte neurketak: argiak itzalita eta […]