Ilea maiz garbitzeak ez du eraginik ilearen osasunean

Dibulgazioa

Pertsona askoren ustez, ilea asko edo gutxi garbitzeak zerikusia izan dezake ilea erortzearekin, edo, are gehiago, aukeratutako xanpuaren markak edo xanpu motak nabarmen alda dezake ilearen osasuna. Baina hori ez da hala. Izan ere, orokorrean xanpuari garrantzi handiegia emateko joera dugula esan genezake.

Xanpuek kanpotik dihardute eta, ondorioz, ez dute buruko ile larrua zeharkatzeko gaitasunik. Are gehiago, xanpuek buruko ile larrua zeharkatzea arriskutsua izango litzateke. Ez dagoenez sustraira iristen den xanpurik, xanpuek ezin dute ilearen osasuna aldatu. Ilearen itxura bai, baina haren osasuna ez.

Irudia: Xanpua edo ozpina? Ez batak ez besteak, ez garbitze-maiztasunak ez dute eraginik ilearen osasunean edo burusoiltasunean. (Argazkia: Licya Puleio – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)

Gure dermatologia kontsultetan ilearen osasunari buruzko kontsulta ugari jasotzen ditugu. Jarraian, kontsulta horietako ohikoenen erantzunak bildu ditugu.

Ileari buruzko ohiko zalantzak

1. Zein maiztasunekin garbitu behar dugu ilea?

Ilea garbitzeko maiztasunak eta xanpu motak ez dute inolako eraginik ilearen osasunean. Estetika eta higienearen lotutako kontua da, jertsea noiz aldatu erabakitzea bezalaxe. Gure esku dago noiz garbitu ilea, baina larruazalaren –buruko ile larruaren– osasunean ez du eraginik haren maiztasunak.

Gantza kentzeko, zaharrak astean behin garbitu daitezke. Nerabeak, aldiz, askoz sarriago garbitu beharko dira, batez ere hormona eztanda handiko garai batean daudelako. Pubertaroa baino lehen ia ez dugunez gantzik buruan, haur gazteenak ere astean behin garbitu daitezke.

Hilekoa dutenean, emakumeek ez dute burua hain sarri garbitu beharrik izango, ez baitute hainbeste gantz sortuko.

2. Zergatik ez dute balio xanpuek, lozioek eta bitamina gehigarriek?

Izan ere, ez xanpuak ez lozioak ez dute larruazala zeharkatzen eta, beraz, ez dira ilearen sustraira iristen. Gainera, xaboia azkar kentzen da urarekin.

Bitaminei dagokienez, berriz, alde batera utzita kanpotik aplikatzekoak ote diren edo ahotik hartzen ote diren, kontuan hartu behar da dieta askotarikoa duen pertsona osasuntsu batek ez duela bitamina gehigarririk behar. Alabaina, industria farmazeutikoak munduko biztanle guztiak erakarri nahi ditu, ez bakarrik gaixoak, osasuntsuak ere bai.

Gainera, ez dago alopezian eragina duen bitamina, xanpu edo loziorik: faktore genetikoen araberakoa da burusoiltasuna ia erabat. Are gehiago, bakean uzten badugu, gure gorputzak askoz hobeto funtzionatzen du.

3. Zergatik erortzen zaigu hainbeste ilea?

Pertsonek ilea erortzearekin nahasi ohi dute ilea berritzea. Egia esan, ohikoena ilea berritzea da. Aspaldi, aire zabalean bizi ginenean, ileberritzeek zentzu handiagoa zuten, gorputzaren tenperatura erregulatzeko balio baitzuten. Izan ere, ugaztun askok sasoiko ileberritze sinkronizatua egiten jarraitzen dute, eta horrek esan nahi du urtean behin, garai berean, ilea berritzen dutela. Halako kasuetan, klimak arautzen du prozesu hori.

Gizakiok, ordea, galdu egin dugu sinkronizazio hori, berogailuak, berokiak, aire egokituak eta bestelako tenperatura erregulagailuak ditugulako, beti berdinak ez direnak eta organismoa asko desorientatzen dutenak. Hala ere, etengabe «ileberritzeak» egiteko joera mantentzen dugu.

Aprobetxa dezagun funtsezko zerbait argitzeko: ilea erortzea eta burusoila izatea gauza erabat desberdinak dira; askok uste dute ilea erortzen zaielako burusoil geratuko direla, baina hori ez da egia. Burusoiltze prozesu batzuek ez dakarte berekin ile gehiago erortzea, baizik eta sustraiak ez duela ondo lan egiten. Dutxa edo orrazia ilez betetzen badugu, ziur aski oso osasuntsu gauden seinale da hori; hots, ilea eraginkortasunez berritzen ari garela esan nahi du.

Maiztasunak ez du axola

Laburbilduz, gehien gustatzen zaigun xanpua erabil dezakegu eta nahi dugun maiztasunarekin garbitu gaitezke; izan ere, horrek ez du eraginik izango gure ilearen osasunean, gure itxuran eta higienean baino ez. Are gehiago, rastak dituelako hainbat urte ilea garbitu gabe eman duen norbaitek eta ilea egunean hiru aldiz garbitzen duen kirolari profesional batek burusoil geratzeko arrisku bera dute.

Gauza bera esan daiteke xanpuaren ordezko aukerei buruz, hala nola ozpinari edo koipegabetzeko beste substantzia batzuei buruz: horiek erabili eta eroso sentitzen bazara, jarraitu erabiltzen. Baina metodo «tradizionalak» nahiago baditugu, xanpua baliatzen jarrai dezakegu.

Zehazki, badirudi ozpinak orain nolabaiteko interesa piztu duela, baina gantz apur bat kentzeko funtzioa baino ez duela esan daiteke. Beraz, itxura atsegina eman diezaguke mota jakin batzuetako ilea badugu, baina, zalantzarik gabe, ile egokitzailea duen xanpu on batek askoz emaitza hobeak emango dizkigu estetikoki.


Egileaz: Ramon Grimalt (@DrRamonGrimalt) dermatologoa da eta Kataluniako Nazioarteko Unibertsitateko Medikuntza Departamentuko irakasle agregatua.


Oharra: Jatorrizko artikulua The Conversation webgunean argitaratu zen 2020ko ekainaren 2an: ¿Champú o vinagre? Ni uno ni otro ni la frecuencia de lavado influyen en la salud capilar o la calvicie.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude