Asteon zientzia begi-bistan #319

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Uxue Razkin

eguzki koroa

Nobel sariak

Asteon, sariak izan ditugu barra-barra. Eta ez edonolakoak: Nobelak! Kimikakoarekin hasiko gara: genoma editatzeko CRISPR/Cas9 metodoa garatu zutenek jaso dute. Bi saridun izan dira eta biak emakumeak! Emmanuelle Charpentier eta Jennifer A. Doudna. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak hemen.

Fisikako Nobel saria zulo beltzen ikerketan jardun dutenei eman diete. Hala, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, Roger Penrosek jasoko du sariaren erdia, erlatibitatearen teoria orokorrak zulo beltzen sorrera iragartzen duela erakusteagatik. Bestalde, Reinhard Genzelek eta Andrea Ghezek jasoko dute beste erdia, gure galaxiaren erdian objektu supermasibo trinko bat aurkitzeagatik.

Azkenik, Medikuntzako Nobel saria C hepatitisaren birusa aurkitu zutenek jasoko dute, Elhuyar aldizkariaren arabera. Hiru dira ikertzaileak: Harvey J. Alter, Michael Houghton eta Charles M. Rice.

Osasuna

Miren Basarasek Berriako artikulu honen bidez eskura ditugun testak errepasatu ditu. PCR probak eta test azkarrak direnak. Horien artean, antigenoaren detekzioa ahalbidetzen duen testaz mintzo da. Horretan, azaltzen duen moduan, koronabirusak geruzan duen proteina bat atzematen da.

Koronabirusarekin jarraituz, Antonio Salas genetistak eta ikertzailearen hitzak aurkituko ditugu elkarrizketa interesgarri honetan, Berrian. Koronabirusaren lehen agerraldiak izan ditu ikergai; Espainiako Estatuko COVID-19aren mutaziorik garrantzitsuenak aztertu ditu eta ondorioztatu du otsailaren 11n Gasteizen zela birusa.

Asteon ere, COVID-19aren inguruko usteak desmuntatzen saiatu dira Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoak Berriako erreportaje honetan. Oraingo honetan, PCR testen inguruko uste okerrak!

Arkeologia

Ikertzaile talde batek Granadako Los Machos harpean dagoen labar arteko panelean hatz-markak aurkitu ditu eta horien analisia eginda, ondorioztatu du 36 urte baino gehiago zituen gizonezko batek eta 10-16 urte zituen gazte batek egin zituztela irudiak. Gazte hori, gainera, emakumezkoa izan zitekeela ere proposatu dute. Informazio guztia artikuluan.

Paquita Sanez de Urturi arkeologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, kontatzen da lehen profesionala izan dela Arabako arkeologian eta egun erretiratua dagoela baina ikertutako guztia idazten dabilela, galdu ez dadin. Haren lehen indusketak, unibertsitateko ikasketak, eta sektoreari buruz hitz egin du honetan. Ez galdu!

UPV/EHUko ikertzaileek eta Osakidetzak elkarlanean egin duten ikerketa batean ikusi dute lotura dagoela elikadura eta hainbat minbizi moten artean. Zehazki, ondesteko minbizia izan da aztertutakoa. Berriako artikulu honetan Iker Alegria Lertxundi ikertzaileak eman dizkigu lotura horren xehetasunak.

Mikrobiologia

Bakterioek antibiotikoen aurka garatzen duten erresistentzia hizpide, ikertzaile talde batek Flemingen onddoak berreskuratu eta haien sekuentzia genetikoa aztertu du. Penizilina ekoizpena hiru genek gidatzen dute eta horiexek izan dira ikergai nagusiak. Ikertzaileek ikusi dutenez penizilina ekoizpenaz arduratzen diren geneek aminoazido desberdintasun nahiko altua dute populazio desberdinek. Josu Lopez Gazpiok azaldu dizkigu ikerlanaren xehetasunak.

Astrofisika

Eguzkiaren koroa zergatik da horren beroa? Zientzialariek erantzuna topatu dute: “nanozurrusta” fenomenoak daude horren atzean, Berriak azaldu digunez. Eguzkiaren koroak milioika kelvin baino gehiago ditu. koroa eguzkiaren azala baino beroagoa da.

Botanika

Bakterioek Arabidopsis landarearen hazkuntzan nola eragiten duten argitzeko, 185 espezieko komunitate bakteriano sintetikoaz inokulatu du landarea ikertzaile talde batek. Elhuyar aldizkariak azaldu digu genero bakteriano batek (Variovorax izenekoa) duela landareen hazkuntzan eragin handiena, landareen hormona-maila manipulatu eta beste bakterioek eragindako aldaketak inhibitu baititzake.

Medikuntza

Aurreko astean, Elhuyar aldizkariak aurreratu zuen albistea: nanohodien bidez bizkarrezur-muineko lesioetako neuronak birkonektatzea lortu dute Donostiako CIC biomaGUNE eta Italiako SISSA ikerketa-zentroetako ikertzaileek. Neuronen arteko konexio horri erreparatu dio Berriak asteon. Pedro Ramosen, Biomaguneko Ikerbasque irakaslearen eta Erresonantzia Magnetiko Bidezko Irudi Unitateko buruaren azalpenak dituzue irakurgai. Ez galdu!

Genetika

Gene-datu baseak izan ditu mintzagai Koldo Garciak Edonola blogean. Zehazki, kontatu digu SARS-CoV-aren sekuentziak datu-base publikoetan eskuragarri jarri direla eta bi datu-basek eskaintzen duten informazioa aztertu du testu honetan: alde batetik, Washington-ko Unibertsitateko genoma-nabigatzailea. Eta bestetik, Kaliforniako Unibertsitatea- Santa Cruzeko genoma nabigatzailea.

Nature Reviews Genetics aldizkarian 12 ikertzailek genetikaren eta genomikaren etorkizunaz esan dutena biltzen ari da Koldo. Gaurkoan ere badator zientzia pilula interesgarri batekin: Eileen Furlongen, Europako Biologia Molekulareko Laborategiko Genomaren Biologiako buruaren hitzak ekarri dizkigu. Zehazki, gene-areagotzaileen ikerketa eta enbriogenesiaren ikerketak izan dira azalpen artikulu honetan.

Antropologia

Gizakiak baditu ezaugarri propio batzuk. Horien artean, sexua praktikatu ohi dugun modua. Testu honetan azaltzen den moduan, Hominidae familiakoekin alderatuta, gure espeziekoak etengabe dira sexualki harkorrak eta, halaber, obulazioa ezkutatzen dutela. Halaber, beste ezaugarri bat azaltzen zaigu: gizakiak monogamo sozialak gara.

Geologia

Meatzaritza ustiaketa eta horien garraioaz hitz egin digute artikulu honetan. Bertan, azaltzen da, adibidez, Bilboko itsasadarrean eraiki ziren zamalekuetara burdina eramateko zabaldu zen trenbide sarea, eta oro har, aipatzen da minerala nola garraiatzen zen.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude