Fetuak gai dira zaporeak bereizteko

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ingalaterran egindako ikerketa baten emaitzen arabera, fetuak gai dira zaporeak bereizteko. Hain zuzen ere, amak hartutako elikagai baten zaporearen aurrean modu batera joka dezakete eta beste zapore baten aurrean beste modu batera. Esperimentuak azenarioarekin eta aza kizkurrarekin soilik egin diren arren, emaitza hauek iradokitzen dute 32 eta 36 aste bitarteko garapena duten fetuak jada gai direla askotariko zaporeak bereizteko.

zaporeak
Irudia: azenarioa eta aza kizkurra izan dira fetuekin esperimentuak egiteko aukeratutako bi barazkiak (Argazkia: Rudy and Peter Skitterians – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Durham-eko Unibertsitateko zientzialari talde batek argitaratu berri duen ikerketa baten emaitzen arabera, fetuak gai dira amak irentsitako elikagaien zaporeak bereizteko. Psychological Science aldizkarian argitaratutako lanean jakinarazi duten bezala, lehen aldiz lortu dute fetu batean horrelako ebidentziak jasotzea, hain zuzen ere, fetua gai dela amak hartutako elikagai bakoitzaren zaporearen arabera jokatzeko. 32 eta 36 aste bitarteko haurdunaldietako fetuak izan dira ikergai eta bi zaporekin egin dituzte esperimentuak: azenarioa eta aza kizkurra.

Horretarako, 4D ultrasoinu eskanerrak erabiliz haurdun zeuden ehun emakume aztertu zituzten. Emakumeei zenbait elikagaiak emanez -azenarioa edo aza kizkurra- fetuaren aurpegiaren irudiak aztertu zituzten. Kontrol gisa elikagairik jaso ez zuten emakumeen fetuen irudiak erabili zituzten. Emakumeei elikagaiak eman ondoren, ikertzaileek adi-adi aztertu zituzten fetuen keinu eta aurpegierak. Oro har, argiak dira Beyza Ustun eta bere lankideek aurkeztutako ondorioak: azenarioa jan ostean, fetuen aurpegiak irribarretsuaklaugther-face edo lip-corner puller- ziren eta, aldiz, aza kizkurra jan ostean, aurpegierak negartiak ziren –cry-face edo lip stretch-.

Egindako aurkikuntzak mota horretako lehenak izan dira; izan ere, jaio ostean bakarrik aztertu ahal izan da zentzumenekin lotutako garapena, egileek diotenez. Ikerketa hau, beraz, lehen pausoa izan daiteke fetuen zentzumen-gaitasun batzuk ulertzen hasteko ¾dastamena eta usaimena¾. Era berean, ikertzaileen aburuz amaren elikadurak eragina izan dezake fetuengan eta, hortaz, etorkizuneko haurren elikadura-lehentasunetan. Hori gakoa izan daiteke dieta osasungarriak sustatu ahal izateko. Ustunek aipatu duenez, orain arte ezaguna zen fetuak dastatzeko eta usaintzeko gai izan zitezkeela, baina proba guztiak fetua jaio ostekoak ziren. Kasu honetan, fetua umetokian dagoen bitartean egin ahal izan dira esperimentuak, eta areagotu egin da, horrela, emaitzen fidagarritasuna.

18 eta 40 urte bitarteko emakumeen fetuak aztertu zituzten eta 400 mg elikagai eman zieten azenarioa edo aza kizkurra eta 20 minutu itxaron zuten eskanerrak egin aurretik. Ikerketaren mugetan, ikertzaileek aipatzen dute zaporeak bereizteko faktore genetikoak ere egon daitezkeela -TAS2R38 genea aipatzen dute-, eta horien eragina ezin izan dutela guztiz kontrolatu. Zenbait hobekuntza proposatzen dituzte etorkizuneko lanei begira arlo horretan, baina 4D ultrasoinu-eskanerra mota honetako analisiak egiteko tresna eraginkorra dela frogatu dute.

Oraingoz ikerketa bakarra den arren, litekeena da etorkizunean beste batzuk gehitzea eta, horrela, pixkanaka giza garapenaren funtsa ulertzeko gakoa izango dugu. Litekeena da oraindik goizegi izatea ikerketa honen inplikazioak zeintzuk diren jakiteko edo haurdun dauden emakumeen elikadurak fetuetan izan dezakeen eragina zein den jakiteko, baina, edozein kasutan, ikerketa hau bide berri baten lehen pausoa izan daiteke. Oraingoz, eman diezaiogun denbora zientziari.

Informazio gehiago:

Durham University (2022). First direct evidence that babies react to taste and smell in the womb, EurekAlert.org, 2022ko irailaren 21a.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ustun, B., Reissland, N., Covey, J., Schaal, B., Blissett, J. (2022). Flavor sensing in utero and emerging discriminative behaviors in the human fetus, Psychological Science, XX (X). DOI: 10.1177/09567976221105460


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

  • […] Ingalaterran egindako ikerketa baten emaitzen arabera, fetuak gai dira zaporeak bereizteko. Zehazki, 32 eta 36 aste bitarteko garapena duten fetuekin egin dute azterketa, eta bi zaporekin egin dituzte esperimentuak: azenarioarekin eta aza kizkurrarekin. Haurdun zeuden emakumeei elikagaiak eman ondoren […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.