NASAren Perseverance ibilgailuko MEDA tresnaren datuetan oinarrituta, Nature Geoscience aldizkariak Marteko atmosferaren ezaugarrien berri eman du. Datu hauei esker, Marteko meteorologia ezagutzeko aukera dago. Datu meteorologikoak, besteak beste, etorkizunean gizakiek planeta gorrira egingo dituzten espedizioak prestatzeko baliagarriak dira.
Perseverance NASAren ibilgailu autonomo bat da, eta 2021eko otsailaren 18an iritsi zen Jezero kraterrera (Marten lehortuta dagoen antzinako aintzira baten ohea). Ibilgailuak zazpi tresna zientifiko konplexu eta berritzaile ditu, iraganean ustez izandako bizitza zantzuen bila planetaren azalera esploratzeko, laginak bildu eta uzteko eta gero Lurrera ekartzeko, teknologia berriak probatzeko giza esplorazioan erabiltzeko xedez, eta atmosfera xehetasunez aztertzeko.
Azken helburu horri dagokionez, hau da, atmosferaren azterketari dagokionez, MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer) tresnak emaitza berritzaileak lortu ditu. Ikerlana José Antonio Rodríguez Manfredik, Madrilgo Astrobiologia Zentroko ikertzailea, zuzentzen du eta UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Ikerketa Taldeko ikertzaileek ere hartzen dute parte. MEDA sentsore-multzo bat da, tenperatura, presioa, haizea, hezetasuna eta Marteko atmosferan beti esekita dagoen hautsaren propietateak neurtzen dituena.
Perseverancek atmosferaren ikerketa osatu berri du Marten eman duen lehen urtean (Lurrarekin alderatuta, gutxi gorabehera bi urteko iraupena du Marteko urtebetek). Emaitzen aurrerapena Nature Geoscience aldizkariaren urtarrileko zenbakian argitaratu dira. UPV/EHUko Zientzia Planetarioko ikertzaileek tenperaturaren eta presioaren urte sasoiko eta eguneroko zikloen azterketa gidatu dute eta baita prozesu oso desberdinek beste denbora eskala batzuetan eragindako aldaketak ere.
Jezero kraterra planetaren ekuatoretik gertu dago eta, urtaroetan zehar, airearen batez besteko tenperatura zero azpitik 55 gradu ingurukoa da, baina gauaren eta egunaren artean asko aldatzen da, 50 eta 60 gradu artekoa izanik alde tipikoa. Eguneko erdiko orduetan, gainazala berotzean, mugimendu zurrunbilotsuak sortzen dira airean, aire masak igotzean eta jaistean eragindakoak (konbekzioa). Gaua iristean, airea egonkortu egiten da eta eten egiten dira zurrunbiloak.
Presio sentsoreek, bestalde, xehetasunez erakusten dute Marteren atmosfera ahularen urtaro aldaketa, kasko polarreko atmosferako karbono dioxidoa urtzeak eta izozteak eragindakoa; bestalde, eguneko ziklo konplexu eta aldakor bat erakusten dute, atmosferako marea termikoek modulatua. “Marteren atmosferaren presioa eta tenperatura aldatu egiten dira Marteren eguzki egunaren aldietan eta haren azpimultiploetan, eguneko intsolazio zikloari jarraituz (lurrekoa baino pixka bat luzeagoa da eguzki eguna, Martekoak batez beste 24 h 39,5 minutu baititu); aldaketa horietan eragin handia dute hauts kantitateak eta atmosferako hodeien presentziak”, adierazi du Agustín Sánchez Lavegak, Bilboko Ingeniaritza Eskolako katedradunak eta Mars 2020 misioko ikertaldeko kideak.
Bi sentsoreek, gainera, ibilgailutik gertu gertatzen diren fenomeno dinamikoak detektatzen dituzte atmosferan, esate baterako: haize zurrunbiloek eragindakoak —harrotzen duten hautsa dela eta “dust devils” deiturikoa —, edo oraindik ondo ulertu ez diren arrazoiengatik sortutako grabitate uhinak. “Hauts zurrunbiloak ugariagoak dira Jezeron Marteko beste leku batzuetan baino, eta tamaina handikoak izan daitezke: 100 metro baino diametro zabalagoa izan dezakete zurrunbilook. MEDArekin, alderdi orokorrak (tamaina eta ugaritasuna) ez ezik, zurrunbilo horiek nola funtzionatzen duten ere zehaztu ahal izan dugu” adierazi du Zientzia Planetarioen taldeko Ricardo Hueso ikertzaileak.
Bestalde, MEDArekin milaka kilometrora dauden ekaitz gogorrak antzeman dira, Lurrean izaten direnen oso antzera sortuak: orbitan dauden sateliteek emandako irudien bidez ikusi dira, eta elur karbonikoak sortutako iparreko kasko polarraren ertzetik mugitzen dira.
Aztertutako fenomeno ugari eta aberatsen artean, MEDAk xehetasunez ezaugarritu ahal izan ditu 2022ko urtarrilaren hasieran izan zen hauts ekaitz beldurgarrietako batek atmosferan eragindako aldaketak. Ibilgailuaren gainetik igarotzean, bat-bateko aldaketak sortu zituen tenperaturan eta presioan, haize bolada gogorrak eragin zituen eta hautsa harrotu eta tresnak kolpatu zituen, haize sentsoreetako bat kaltetuz.
“MEDA doitasun handiko neurri meteorologikoak ematen ari da, eta, horiei esker, lehen aldiz ezaugarritu ahal izango da Marteren atmosfera, eskala lokaletatik metro batzuetako distantziara, bai eta planetaren eskala globalean ere, milaka kilometrora gertatzen denari buruzko informazioa bildu baita. Horrek guztiak Marteko klima hobeto ezagutzea eta erabiltzen ditugun iragarpen ereduak hobetzea ekarriko du”, adierazi du Sánchez Lavegak.
Iturria:
UPV/EHU prentsa bulegoa: Marteko meteorologia oparoa zehatz-mehatz aztertua Perseverance roverretik
Erreferentzia bibliografikoa:
The diverse meteorology of Jezero crater over the first 250 sols of Perseverance on Mars. Nature Geoscience. DOI: 10.1038/s41561-022-01084-0
, ; M.; , (2023)., ;
2 iruzkinak
[…] deskubrituko dute umeek: mendi handi-handiak, arroila erraldoiak, zulo beldurgarriak… Edota meteorologia eta bertan ohikoak diren hareazko ekaitzak. Izan ere, Mia robota bidelagun aparta da haren etxea […]
[…] berri bati esker ura berriro ere jopuntuan jarri da, karkabak sortzeko eragile gisa. Gaur egun, Marteren errotazio ardatzaren inklinazioa kontuan hartzen badugu, karkabak dauden guneetan ez dira […]