Marian Elliot Koshland, gure antigorputzak ezagutarazi zizkigun immunologoa

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

COVID-19aren pandemiaren lehenengo asteetan ia egunero entzuten zen «antigorputz» hitza, gizakion immunitate sistemaren parte diren proteina horiek, kanpoko mikroorganismo inbaditzaile askorengandik –hala nola birusak eta bakterioak– babesten gaituztenak. Marian Elliot Koshland (1921-1997) biologo iparramerikarrak, hurbilekoentzat Bunny izenaz ezaguna, goitik behera aldatu zuen antigorputzen funtsezko eginkizunari buruz zegoen ezagutza. Aitzindaria izan zen, eta XX. mendeko ikertzaile handienetako bat izatera iritsi zen.

Nobel saridun baten akatsak zuzentzen

1950eko hamarkadan Marian zientziaren munduan agertu zen arte, Linus Pauling Nobel saridunaren azalpena erabiltzen zen antigorputzek mikroorganismoei aurre egiteko zuten moldagarritasun harrigarria ulertzeko. Horren arabera, antigorputz guztiak proteina berbera ziren, eta mikrobio jakin bati hurbiltzean haren formari atxikitzen zitzaizkion, horri aurre egiteko. Hala uste izan zen, harik eta gure bakteriologo gazteak untxiekin egindako lanari buruzko hitzaldi bat egin zuen arte, Biologia Esperimentaleko Elkarte Estatubatuarren Federazioaren aurrean. Bunnyk ezberdintasunak antzeman zituen antigorputzen aminoazidoen artean; ondorioz, Paulingek zioenaren kontra, guztiak ez ziren berdinak, eta hori zen haien eraginkortasunaren gakoa.

Marian Koshland
1. irudia: Marian Elliot Koshland (1921-1997) biologo iparramerikarra zen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Kontatzen dutenez, zalaparta handia sortu zen hitzaldiaren ondoren. Emakume ia ezezagun batek nolatan gezurtatu zezakeen Nobel saridun bat? Marian, ordea, ez zen kikildu. Galderak banan-banan erantzun ondoren, lankideen mesfidantzak deuseztatu zituen, urratsez urrats azalduz emaitza hori lortzeko erabili zituen metodo zehatzak. Azkenean, diotenez, denak altxatu egin ziren, eta txalo zaparrada handia eskaini zioten. 40 urte geroago, berebiziko garrantzia izango zuen ere genetika, biokimika eta immunologia lotzen dituen ikerkuntzan.

Marian Elliot 1921eko urriaren 25ean jaio zen New Havenen (Connecticut, AEB). Bere ama Margrethe Schimidt zen, daniar jatorriko irakaslea, eta aita, Walter Elliott, Hegoaldeko Konbentzio Baptistako erreminta-saltzailea zen. Aita oso zorrotza zen, ez zegoen zigor fisikoen aurka, eta aurreiritzi arrazista handiak zituen.

Zorte ona?

«Zorte hutsak eraman ninduen immunologo izatera», esan zuen emakume izugarri adimentsu honek zenbait hamarkada geroago, nahiz eta drama familiarrez zipriztindutako zortea izan.

Lau urte baino ez zituela, bere anaiak sukar tifoidea harrapatu zuen. Ondorioz, Bunny auzoko neska gazte batzuekin bizitzera joan zen, eta haiek oso serio hartu zuten bere heziketa. Gaixotasunaren ondorioz, asko ahuldu zen bere anaiaren immunitate sistema, eta, hortaz, infekzioak har ez zitzan, Marianek urtebeteko berrogeialdia egin behar izan zuen etxean, aitaren heziketa zorrotzaren menpe. Haren hitzetan: «Azkenean, eskolara joateko baimena eman zidatenean, argi zegoen auzokoen eta aitaren tutoretzak nire adinkideen aurretik jarri ninduela, eta segurtasun horri esker argi nuena are argiago ikusi nuen, alegia, ikastea zela ondo egiten nuen gauza bakarra».

Bigarren zorte kolpea bigarren hezkuntzan izan zuen. Bertan hiru haur juduren lagun egin zen; bere familian baino giro ikasiagoa zuten, eta, haiei esker, bere ezagutzak areagotu zituen. 1930eko hamarkadako depresio ekonomikoan bete-betean, antzerkira eta operara joaten zen haiekin, baina baita Chinatown eta antzeko lekuak esploratzera ere. «Elektronika egiten bazuten, nik ere bai; nota ona ateratzen bazuten, nik ere bai; eta metro bateko suge hertsatzaile bat hartzen bazuten, nik ere egin behar nuen», adierazi zuen testu autobiografiko batean. Bitartean, aitaren anbizioa zen «dama» bihur zedin, hau da, etxekoandre on bat, baina bere lagunek intelektualki akuilatzen zuten. «Horrela, ihes egin nuen neskato bat izatearen ohiko presioetatik».

Ikasketak egin nahi zituenez baina bere familiak urrutira bidaltzeko dirurik ez zuenez, Vassar College aukeratu zuen, New Yorkeko Poughkeepsie herriko unibertsitate pribatu bat, bertan beka bat lor zezakeela esan baitzioten. Gastuak ordaintzeko, idazkari lanetan aritu zen. Eta orduan iritsi zitzaion hirugarren zorioneko zirkunstantzia: bertan zeraman bigarren urtean Catherine Dean irakaslea iritsi zen, immunologian espezializatua, eta patogenoei aurre egiteko gai zieten antigorputzen ikerketaren jakin-mina piztu zion (bere ibilbidearen erdigune bihurtu ziren).

Baina Vassar ez zen berarentzako lekua. Hala, gau batean Chicagora zihoan autobus bat hartu zuen, eta Medikuntzan matrikulatu zen hango unibertsitatean. Geroago, bakteriologian espezializatu zen. Hain zuzen ere, Bigarren Mundu Gerran, Chicagoko Unibertsitatea tropen gaixotasunak kontrolatzeko ikerketa zentro bihurtu zen, eta, gainera, bonba atomikoaren garapenean parte hartu zuen. Izan ere, ikasketak egin bitartean, Marian lanean aritu zen Ekialde Urrunean zeuden tropak koleratik babesteko ahotiko txertoa ikertzen zuen taldearekin. Talde horrek aurkikuntza garrantzitsuak egin zituen antigorputzei buruz, eta horiek geroago baliatu ziren poliomielitisaren aurkako ahotiko txertoa garatzeko.

Ezkontza Levi Straussen oinordekoarekin

1943an lizentziatu zen Chicagon, eta bertan ezagutu zuen ere Daniel E. Koshland Jr. biokimikaria eta Levi Strauss XIX. mende amaierako lehen galtza bakeroen sortzailearen fortunaren oinordekoa. Danielekin, 1945ean, urtebete eman zuen Tennesseen arma nuklearrek sortutako erradiazioaren ondorio biralak ikertzen, Manhattan Proiektuaren barruan. Hurrengo urtean ezkondu ziren, eta Chicagora itzultzea erabaki zuten. Bertan, Immunologian doktoratu zen Marian hiru urte geroago. 28 urte zituen.

Lekukotza batek testuinguruan kokatzen du zeinen zaila zen garai hartan Bunnyrentzako eta beste emakume batzuentzako ibilbide akademiko bat egitea, aurretik lan zientifikoa egin arren. Bere koinatuak kontatu zuen Marianen irakasleak ez ziola doktoregoa eman nahi garai hartan haurdun zegoelako, eta uste zuelako ez zuela baliatuko, haurra zaindu behar baitzuen.

Bost seme-alaba eta patu bat

Doktoratu ondoko beka batekin Bostonen bi urte eman ondoren, 1950eko urteen hasieran zientzialari bikoteak lana aurkitu zuen Brookhaven Laborategi Nazionalean, Uptonen (New York), eta bertan aritu zen Marian 13 urtez, gehien interesatzen zitzaiona ikertzen. Baina zerbait gertatu zen. Ordura arte, ohiko ibilbidea egin zuen: ezkontza, graduondoko eskola, bi seme-alaba, doktoratu ondokoa… Eta bere karrerari dedikazio osoa eskainiko ziola barneratu zuen pozez, baina ustekabeko konplikazio bat sortu zen, alegia, bikiak jaio ziren. Horrek esan nahi zuen familian, bat-batean, bost urtetik beherako lau haur zeudela. Eta zalantzak piztu zitzaizkion: Ama ona eta immunologo ona izan zitekeen, aldi berean? Zorionez, amatasunean bakarrik jardutea erabaki zuenean, Danielek sinetsarazi zion ezin zituela bere ikerketak baztertu, zientzian lanaldi partzialean aritu arretan, beste batzuek lanaldi osoan egiten zutena baino gauza garrantzitsuagoak egiteko gauza zela. Eta kasu egin zion.

Marian Koshland
2. irudia: Marianek hitzaldi bat egin zuen antigorputzen dibertsitateari buruz egin zituen ikerketa sakonak aurkezteko, eta ziurtzat uste zena desmuntatu zuen. (Argazkia: swiftsciencewriting – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Gure antigorputzen dibertsitatea

Hain zuzen ere, Uptonen zegoela, Marianek hitzaldi bat egin zuen antigorputzen dibertsitateari buruz egin zituen ikerketa sakonak aurkezteko, eta ziurtzat uste zena desmuntatu zuen. 1960ko urteetan ildo horretan jarraitu zuen, antigorputzak osatzen zituzten aminoazidoak eta haien arteko desberdintasunak aztertzen.

Daniel ezaguna zen biologia molekularrean egindako lanengatik eta, Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley) postu bat eskaini ziotenean, bizi ziren herri txikian familia oso finkatuta egon arren, aukera hori aprobetxatzea erabaki zuten. Zenbaiten mesfidantza gorabehera, Bunnyk ere lortu zuen lanaldi partzialeko ikertzaile lanpostu bat unibertsitate berean 1965ean, baina 1970era arte ez zuen lanaldi osoko plaza lortu.

Bere ikerketen aitortza geroago iritsi zitzaion. 1982. eta 1989. urteen artean, Mikrobiologia eta Immunologia Saileko burua izan zen, Berkeleyn. Zientzia Elkarte Estatubatuarreko batzordeko kide ere izan zen, eta Biologia Esperimentaleko Elkarte Estatubatuarren Federazioaren Zientzietako Bikaintasunaren inaugurazio saria irabazi zuen. Horrez gain, omendu egin zuen Immunologoen Elkarte Estatubatuarraren Zientzietako Emakumeen Estatuserako Batzordeak.

Zorroztasuna aldarri

Marian Elliot Koshlandek ez zion inoiz ikasteari utzi. Bere ibilbidearen bukaeran ia-ia, DNAri buruzko ikerketen ahalmena ulertu zuen, eta urte sabatiko bat eskatu zuen David Baltimoren laborategian lan egiteko eta teknika genetiko berriak ezagutzeko. Ondoren, bere laborategira eraman zituen, klonazioa kasu, antigorputzei buruzko esperimentuetan erabiltzeko. Berarekin lan egin zutenek nabarmentzen zuten izugarri zorrotza izateko grina zuela; horrek emaitzen argitalpena atzeratzen zuen, eta zenbait arazo sortu zizkion bere taldekideekin.

Bunny 1997ko urriaren 28an hil zen, biriketako minbiziak jota. Bere izena ez ahazteko, bere senarrak Marian Koshland Zientzia Museoa sustatu zuen Washingtonen. Museoa zabalik egon zen, zientziari eskainia, 2004. eta 2017. urteen artean. Halaber, bere izena daraman ikerketa zentro bat sortu zuten Haverford Collegen. Bere seme-alabetako bi, Catherine eta Douglas zientzialariek han ikasi zuten, hain zuzen ere.

Marian Koshland
3. irudia: Marian Koshland Zientzia Museoa, Washingtonen. (Argazkia: Williamborg – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia)

Bere bizitzaz aritzean, nahiago zuen hitz egin haurtzaroan lagun onak eduki izanaren, bere jakin-mina eta sormena sustatu zuten irakasleak aurkitu izanaren eta bikotekidearen laguntza eduki izanaren zorte onaz, baina onartzen zuen ere trabak izan zituela, bere senarrak izan ez zituenak. Adibidez, Chicagoko irakasle batek esan zion ikasle ona zela, baina emakume izategatik kontraturik izango ez zuela; departamentu bateko buruak esan zion ez zuela inoiz inoren emaztea kontratatuko, ezta atezain batena ere, beste lan bat bilatzera animatuz; eta lankide immunologoek, Marianen aurkezpenen ondoren, inolako frogarik gabe, ziurtatzen zuten bere datuak ezin zirela erreproduzitu, bere aurkikuntzen aitortza atzeratuz. Eremu zientifiko batzuetan oraindik ere dirauten tik horiek konpentsatzeko, gizonezko lankide eta nagusien laguntza jaso zuen eta dirua utzi zioten lanerako behar zuena erosteko, eta aurrera egitera animatu zuten. Azkenean, benetako azalpena eman zigun gure bisitari desiraezinenak kontrolatzeko moduari buruz, haiei aurre egiteko benetan baliagarria dena.

Erreferentzia bibliografikoa:

Allison, Jim (1998). In Memoriam Marian Koshland 1921-1997. The Journal of Immunology, 161, 545-546. DOI: 10.4049/jimmunol.161.2.545

Iturriak:


Egileaz:

Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko urtattilaren 24an: Marian Elliot Koshland, la inmunóloga que nos descubrió cómo eran nuestros anticuerpos

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.