Irristaden eta erorketen zientzia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

San Ferminetan, 2005etik ohitura den bezala, aurten ere 1500 litro produktu irristagaitz bota dituzte ibilbidearen zenbait lekutan zezenen eta korrikalarien erorketak saihesteko. San Ferminetara joan gabe ere, erorikoak ohikoak dira, batez ere lurzorua labainkorra dagoenean.

Zientzialariek urteak daramatzate irristada eta erorketak nola gertatzen diren ikertzen, haiek saihestu ahal izateko. Izan ere, irristatzea prozesu sinplea dela dirudien arren fenomeno konplexua da, bertan faktore ugarik parte hartzen baitute, esaterako lurzoruaren eta oinetakoaren zolaren zimurtasuna eta interakzioak, irristatze-marruskadurak, etab.

Marruskadura honela definitu daiteke: mugimenduan dagoen gorputz batek jasaten duen erresistentzia, mugimendu horren aurka. Hau da, bi gainazal kontaktuan jartzean batak besteari eutsiko diote edo erraz irristatuko dira. Marruskadura-indarrak garrantzitsuak dira eguneroko bizitzan. Esaterako, kotxeen kasuan gurpilek marruskadura jakin bat izan behar dute errepidean ez irristatzeko. Baina beste kasu batzuetan, jolas-lekuetako txirristetan edo kantxa jakin batzuetan marruskadura txikia behar da, pixka bat labainkorra izan dadin komeni baita.

irristada
Irudia: lanaldian edo aisialdian izaten diren irristada edo labainkadak dira lesio pertsonalak eragiten dituzten istripuen arrazoi nagusietako bat. (Argazkia: adpeoplein0 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Oro har, erabiltzen ditugun oinetakoak frikzio handia izaten dute eta lurrera ondo itsasten dira nahiz eta lurra irristakorra izan. Oinetakoaren zola leuna bada, adibidez maiz erabiltzeaz higatuta dagoelako, erraz irristatu gaitezke marruskadura-koefizientea txikia delako. Horretaz gain lurrean ura, koipea, izotza edo beste substantziaren bat badago lurra irristakor bihur daiteke eta, ondorioz, erorketak eragin.

Irristadak murrizteko helburuarekin ohikoa da zorua tratatzea. Oro har, lur-gainazalaren topologia edo testura aldatzen da, marruskadura-koefizientea handitzeko. Irtenbide horien artean tratamendu kimikoak daude, edo tratamendu mekanikoak, gainestaldurak jartzea edo alfonbrak erabiltzea, adibidez. Beste aukera bat margo bereziak erabiltzea da, irristada murrizteko gehigarriak daramatzatenak; esaterako, silika area, aluminio oxidoa edo plastiko zatitxoak. Baina kontuz ibili behar da, frikzioa oso altua bada oinak itsatsita gelditu daitezke zorura, berezkoa duten mugimendua oztopatuta, eta lurrera eror daiteke norbera.

San Ferminetan erabiltzen den formulazioa sekretua denez gero, ez dago argi jakiterik nola gauzatzen duen efektu hori. Dagoen informazioaren arabera, badirudi erabilitako produktu irristagaitzak lurzoruarekin erreakzionatzen duela eta mikroporoak sortzen dituela gainazalean. Mikroporoek, beren aldetik, bentosak balira bezala jokatzen dute eta animaliek irrist ez egitea lortzen dute.

Lurzorua bustita dagoenean ere egokiak dira, baina urtero errepikatu behar da prozedura, mikroporoak bere eraginkortasuna galtzen baitu zikinkeriak mikroporoak estaltzen dituelako.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Blanco, M., Monteresín, C., Cerrillo, C., Fuentes, E., Aranzabe, E., Gómez, I., Gil, L. (2020). Slip-resistance improvement on paints employed on walking surfaces by the incorporation of nanoparticles. Progress in Organic Coatings, 148, 105852. DOI: https://doi.org/10.1016/j.porgcoat.2020.105852.
  • Kim, In-Jun (2017). Tribological Approaches for the Pedestruan Safety Measurements and Assessments in Pedrestian Fall Safety Assessments. Ed. Springer Cham, Switzerland. DOI: https://doi.org/10.1007/978-3-319-56242-1
  • Britannica, The Editors of Encyclopaedia. “friction”. Encyclopedia Britannica, Invalid Date, https://www.britannica.com/science/friction. 2023ko uztailaren 17an kontsultatua.

Egileez:

Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen PMAS Saileko (Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia Saila) ikertzailea Polymaten eta Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea Polymaten.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.