Asteon zientzia begi-bistan #473

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

liburua

Argitalpenak

Aurreko igandean, otsailak 11, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatu zen. Horren harira, Zientzia Kaieran Emakumea zientzian liburua aurkeztu zen. Liburua Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren proiektua da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak parte hartu du. Liburuaren helburua gaztetxoengan zientziarekiko jakin-mina piztea da, baina betiere zientziaren historian ekarpenak egin dituzten emakume zientzialariak ikusaraziz. Izan ere, DBHko testuliburuetako zientzia-edukietan emakumeen presentzia % 5a baino txikiago da. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Lluís Montoliu biologian doktoreak Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. CRISPR tresna zoragarriak liburua argitaratu zuen 2020an. Bertan CRISPR teknologia berritzailea aurkezten du, eta edizio genetikoaren nondik norakoak azaltzen ditu. CRISPR tresnak hainbat aplikazio ditu biologian, osasun-arloan eta bioteknologian, eta abantaila asko dituen arren, hainbat muga ere baditu. Montoliu edizio genetikorako CRISPR tresnen erabileran aitzindaria izan da Espainian, eta bere ezagutza bildu du dibulgaziozko liburu horretan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran, ZIO bildumarekin elkarlanean egindako atalean.

Ingurumena

Anna Botsford Comstock estatubatuarra naturalista izan zen, eta baita zientziaren arloko ilustratzailea, idazlea eta hezitzailea. Txikitatik haren amak sustatu zuen beregan naturarekiko maitasuna. Entomologo batekin ezkondu zen gero, eta senarraren argitalpenetarako marrazkiak egiten hasi zen. Urte batzuetara historia naturalean lizentziatu zen, eta naturaren inguruko hainbat liburu idatzi eta marraztu zituen. New Yorkeko Estatuan Nekazaritza Sustatzeko Batzordeko kide izan zen, eta natura ikasketak eman zituen Cornelleko Unibertsitatean. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Munduko akuifero gehienak gainbeheran dira, azterketa berri baten arabera. Akuiferoak lurrazpian urez gainezka dauden lur bustiak dira. Batzuei etengabe ura iristen zaie, baina beste batzuk fosilak dira, eta behin hustuta, ez dira berriz betetzen. Akuiferoen gainean orain arte egindako laginketa handienaren emaitzek erakutsi dute munduko akuiferoen %71 ura galtzen ari direla. Azterketaren egileek adierazi dute akuifero horiek berreskuratu daitezkeela, betiere akuiferoen kudeaketa hobetuz gero. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Italian karraskarien kontrako pozoia aurkitu dute otsoen gorpuetan. Hildako otsoak aztertuta iritsi dira ondorio horretara, konposatu antikoagulatzaileak aurkitu baitituzte analizatutako otsoen % 61ean. Lehen aldia da halakorik frogatzen dela, eta ikertzaileek ohartarazi dute litekeena dela Europako beste leku batzuetan ere gauza bera gertatzea. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Groenlandian ere izotz-geruza galdu da 1980-2010 artean. Satelite bidezko argazki historikoak aztertu dituzte Leedseko unibertsitateko ikertzaileek, eta kalkulatu dute 28.707 km2 murriztu dela izotz-geruza urte horien artean. Gainera, datuek erakutsi dute 2007-2012 tartean, Groenlandiako bataz besteko tenperaturak hiru gradu altuagoak izan zirela, 1979-2000 artean baino. Ikertzaileek ohartarazi dute izotza urtzeak tenperaturak gehiago igotzea eragiten duela, albedoaren eraginez. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Asiako, Argentinako eta Espainiako zabortegietan metano isurketa erraldoiak atzeman ditu ikerketa batek. Datuen arabera, 2019 urtetik 1.200 isurketa masibo baino gehiago izan dira. Ikerketaren arabera, Espainia da munduan metano gehien isurtzen duten zabortegiak dituen seigarren herrialdea. Isurketa horiek murriztu daitezke, alde batetik, zabortegietan zabor organiko gutxiago metatuta, eta bestetik, zabortegiek isurtzen duten metanoa atzemanda. Kalkulatzen da zabortegiek sortutako metano isurketak emisio guztien %20 direla, gutxi gorabehera. Datuak Berrian.

Glaziarretako izotzak atmosferaren aztarnak gordetzen ditu barnean, eta BC3ren Izotzalab laborategian izotzetan gordeta dauden burbuila horiek ikertzen dituzte. Laborategian Groenlandiako eta Pirinioetako Monte Perdidoko laginak dituzte, eta jakin dezakete nolakoa zen duela 800.000 urteko atmosfera. Izotzalaben jakin nahi dute nolakoa den elur-malutak burbuila bihurtzeko prozesua, burbuilen bilakaerari buruzko informazio gehiago lortzeko. Informazio gehiago Berrian: Izotzean ezkutatutako altxorra.

Medikuntza

Minbiziaren baheketarako gailu bioelektroniko bat sortu du UPV/EHUko Microfluidics Cluster taldeak. Gailu horrek polimero adimendun batekin estalitako urrezko elektrodoak ditu, eta odolean minbizi-zelulak atzemateko eta kontzentratzeko gaitasuna du. Metastasian odolean aurkitzen diren minbizi-zelulen kontzentrazioa oso baxua izaten da. Gailu bioelektroniko horrek batu egiten ditu, hautematen errazagoak izateko. Gainera, ohiko neurketa elektrikoekin monitorizatu daiteke, modu ez-inbaditzailean eta kontrolagarrian. Datuak Zientzia Kaieran: Gailu bioelektronikoa minbiziaren baheketarako.

Farmakologia

Nirsevimab antigorputzak % 80 murriztu du haurrak bronkiolitisagatik ospitaleratzea. Arnas-birus sintzitialaren aurkako antigorputz monoklonala da Nirsevimab, eta Sanofi eta AstraZeneca laborategiek garatu dute. Espainia aitzindaria izan da haren erabileran, eta bederatzi ospitaletan gertatutako ospitaleratzeak aztertuta lortu dute emaitza hori. 2023ko irailean hasi ziren haurrak immunizatzen, eta lehen hiru hilabeteetan %90 inguruko estaldura izan du Valentzian, Murtzian eta Valladoliden. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Ikerketa berri baten arabera, uholde batek gertatu eta handik denbora luzera ere eragin diezaioke osasunari. Zehazki, hondamendia gertatu eta hiru eta sei aste bitartean hiltzeko arrisku handiagoa dela ondorioztatu dute. Egileek 35 herrialdetako 761 lekutako datuak aztertu zituzten, eta ikusi zuten bertako biztanleek aukera gehiago zituztela arnas gaitzen, gaitz kardiobaskularren edo bestelako arazoengatik hiltzeko uholdea gertatu ostean. Heriotza-tasa handiena 15 egunera gertatzen zen. Datuak Zientzia Kaieran.

Astronomia

Mimas Saturnoren ilargiak ere ozeano bat izan dezakeela iragarri dute. Cassini zundak jasotako datuak aztertuta iritxi dira ondorio horretara. AEBko, Europako eta Italiako espazio-agentziek lankidetzan egindako misioa da Cassini. Duela urte batzuk, misio berak ondorioztatu zuen Entzeladok, Saturnoren beste ilargi batek, izotz-azpian ozeano likido bat zuela. Orain Mimas ilargian jarri dute arreta, eta haren orbitaren eta errotazioaren datuek iradokitzen dute ozeano bat izan dezakeela. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Internet

Interneteko irudiek testuek baino genero-isuri handiagoa dute, lan berri baten arabera. Horretarako, Googleko, Wikipediako eta IMDb datu-baseko milioi bat irudi eta testu baino gehiago aztertu dituzte. Baieztatu dute gizonak neurriz gain daudela ordezkatuta emaitzetan, eta bereziki, irudietan. Horrez gain, frogatu dute irudiek, testuekin alderatuta, pentsaeran eragin handiagoa dutela. Irudien kontsumoa gero eta handiagoa dela aintzat hartuta, egileek gain horren inguruan ikerketa gehiago egitea aholkatu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.