Berdeguneak eta haurren garapen kognitiboa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

UPV/EHUko ikerketa batek ez du ebidentzia garbirik azaldu inguru berdeagoetan edo urdinagoetan bizitzearen eta lan-oroimenaren errendimendu handiagoa izatearen artean.

berdeguneak
Irudia: Mikel Subizak aztertu du bizitokiaren inguruko gune berdek eta urdinek haurren garapen kognitiboan duten eragina. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Beti lotu izan da osasun hobea izatea berdeguneak edo inguru urdinak —parkez, lorategiz, urmaelez, erriberaz eta abarrez inguratuta— gertu izatearekin, halakoetan kutsadura-maila txikiagoa espero baita. Hain zuzen, bizitokian gune berde eta urdinak eskuragarri izatea askotariko emaitzekin lotu izan da haurren osasunaren arloan, neurogarapenarena barne. Ikerketa batzuek erakutsi dute gune berdeago eta/edo urdinagoetan bizi diren haurrek puntuazio handiagoak lortzen dituztela ataza kognitiboetan; beste batzuek, ordea, ezin izan dute hori baieztatu.

UPV/EHUko Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko ikertzaileek Haurtzaroa eta Ingurumena (INMA) proiektuan parte hartzen dute. Haren baitan egin dute azterlana, eta Mikel Subiza ikertzaileak galdera horri heldu nahi izan dio, horrelako espazioek osasunean eta garapen kognitiboan duten eragina ezagutzeko. Horretarako, INMAn jasotako estatuko hainbat lekutako sei eta hamabi urte arteko 1.500 haurren datuak erabili ditu. Datu horietan, “2000ko hamarkadan haurdun zeuden emakumeen kohorte bat bildu zen. Haien datuak jaso ziren eta urteetan zehar jarraipena egin zitzaien, haien osasunaren eta seme-alabenaren bilakaera aztertzeko, hainbat eremutan”, aipatu du.

Aztergai izan dituzte bizitokiaren inguruko gune berde eta urdinek haurren garapen kognitiboan (besteak beste, haien arreta-, oroimen- eta adimen-gaitasunean) dituzten eraginak, ikusteko ea inguru berdeagoetan bizi diren haurrek puntuazio hobea lortzen zuten. Zehazki, haurren lan-oroimena aztertu zuten: oroimenaren eta arretaren eragin-truketik sortzen den funtzio exekutibo bat, informazioa denbora-tarte laburretan mantentzeko eta manipulatzeko aukera ematen duena.

Emaitza esangarririk ez

Ikerketak ez zuen apenas frogarik topatu abiapuntuko hipotesia babesteko; hau da, bizigune berdeago eta urdinagoetan bizitzeak ez du lan-oroimeneko probetan hobeto aritzen laguntzen. Subizak adierazi duenez, nazioarteko zenbait ikerketak ondorioztatzen du auzorik berdeenetan bizi diren gazteek emaitza hobeak lortzen dituztela adimen- edo oroimen-probetan. Beste lan batzuek, aldiz, ez dute halakorik erakusten. “Gure ikerketan —gaineratu du Subizak— bizitokiaren berdetasunaren neurri batzuk lotuta daude lan-oroimenarekin, baina beste batzuk ez”.

Ikerketa-arlo honetako ebidentzia ahula bada ere, eta adostasun zientifikoa lortzeko oraindik lan egin behar den arren, emaitza hauek ekarpena egiten diote literatura espezifikoari, eta etorkizuneko azterlanak justifikatzen dituzte. Berdeguneak izateak izan dezake zerikusirik haurren lan-oroimenarekin, baina ikertzen jarraitu beharra dago oraindik. Ikertzaileak erantsi duenez, “badago ebidentzia iradokitzen duena berdeguneek eta, oro har, naturak, lagundu egiten digutela estres-maila txikitzen, gure arreta fokuratzen, eta neke mentaletik suspertzeko bidea ere ematen digutela, besteak beste. Garapen kognitiboari dagokionez, baina, ezin dugu oraindik ospakizunetan hasi, azterlan gutxi dagoelako eta ebidentzia oraindik ere mistoa delako”.

Gaur egun, Subizak Europako LifeCycle (Horizon 2020) proiektuan dihardu lanean, eta proiektu horrek Europako hainbat kohorte-azterlanen ikerketa-datuak biltzen ditu. INMAren antzeko diseinua duen azterlan-sare bat da. “Lanean ari gara INMAko datuekin egin dugun analisi hori gutxi gorabehera 15.000 haurren datuekin erreplikatzeko, ikusi ahal izateko beste leku horietan antzeko zerbait topatzen dugun ala ez”, argitu du. “Uste dugu hirietan berdeguneak eta eremu urdinak izateak lagundu dezaketela haurren osasuna eta garapena hobetzen, baina lan handia egin beharra dago oraindik ere zehazteko zein prozesu psikologikotan eta osasun-prozesutan duten eragina eta zeintzuetan ez”, esan du Subizak, amaitzeko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Berdeguneek izan dezakete zerikusirik haurren garapen kognitiboan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Subiza-Pérez, Mikel; García-Baquero, Gonzalo; Fernández-Somoano, Ana; Guxens, Mónica; González, Llucia ; Tardón, Adonina; Dadvand, Payam; Estarlich, Marisa; de Castro, Montserrat; McEachan, Rosemary R.C.; Ibarluzea, Jesús; Lertxundi, Nerea (2023). Residential green and blue spaces and working memory in children aged 6–12 years old. Results from the INMA cohort. Health & Place, 84. DOI: 10.1016/j.healthplace.2023.103136

1 iruzkina

  • […] UPV/EHUko ikerketa batek, INMA proiektuaren parte denak, ingurune berde edo urdinetan bizitzearen eta haurren garapen kognitiboaren arteko erlazioa ikertu du; zehazki, lan-memoria, 1.500 haurrengan. Emaitzek ez dute ebidentzia argirik erakutsi ingurune horiek lan-memoria hobetzen dutenik. Nazioarteko ikerketa batzuek eremu […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.