Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Matematika
Bigarren Mundu Gerran, Jean Leray matematikaria, gerrako presoa, topologian ikertzen ari zela, matematika modernoen ideia iraultzaileenetako bat sortu zuen: “sorta” kontzeptua. Sortak, Alexander Grothendieckek 1950eko eta 1960ko hamarkadetan geometria aljebraikoan sartutakoak, egitura konplexuak dira, beste objektu matematiko batzuen gainean eraikitzen direnak, hala nola tarte edo gainazal konplexuagoetako funtzioak. Tresna horiei esker, hainbat lur-motatan dauden lorategiekin konpara daitezkeen espazio matematikoen egitura azter daiteke. Sortak funtsezkoak bihurtu dira matematika modernoan, tokikoa eta globala konektatzeko duten gaitasunagatik. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Vera Martha Winitzky Buenos Airesko Unibertsitatean matematikako doktoretza lortu zuen lehen emakumea izan zen 1958an. Energia atomikoan eta matematika aplikatuan egindako ikerketez gain, aitzindaria izan zen matematika arkitekturarekin eta diseinuarekin integratzen. Matematika eta Diseinu Zentroa sortu zuen UBAn, diseinuaren irakaskuntzan fraktalak eta zenbaki metalikoak bezalako kontzeptuen erabilera bultzatuz. Hamar liburu baino gehiago eta ehun artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu zituen. 2018an Vera W. de Spinadel saria sortu zen haren omenez. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Ingurumena
NBEren txosten baten arabera, munduko lurren % 40 lur idorrak dira, eta azken hiru hamarkadetan haien hedadura nabarmen handitu da. Giza jarduerak eta berotegi gasen isurpenek eraginda, baldintza gogorrek 5.000 milioi pertsonari eragingo diete mende bukaeran, nekazaritzan eta habitata galduko duten espezieetan ondorio larriak izanik. Basamortutzeak Afrikako eta Asiako ekonomietan kalte nabarmenak eragin ditu, eta etorkizunean tentsio sozial eta politikoak areagotu daitezke. Halaber, 2024a historian erregistratutako urterik beroena izan da, klima-aldaketaren joera kezkagarria azpimarratuz. Datuak Berrian.
Surf-olatuen inguruko ekosistemak biodibertsitateari eta klima-aldaketari aurre egiteko funtsezko baliabideak dira. Olatu horiek karbono-dentsitate handiko eremuetan kokatuta daude, eta karbono atmosferikoa xurgatzeko eta biltegiratzeko gaitasun handia dute. Hala ere, surf-ekosistemen % 3 bakarrik dago babestuta. Ikerketek adierazten dute surf-komunitateek ingurumen-babeserako potentziala dutela, biodibertsitatea eta karbono-erreserbak zaintzeko tresna eraginkor gisa. Baina giza ekintzen eta babes-neurrien gabezien ondorioz, ingurune horiek arrisku larrian daude, Mundakako olatuaren esperientziak erakusten duen bezala. Informazio guztia Zientzia Kaieran.
Nature Communications aldizkariak argitaratutako ikerketa batek erakutsi du turismoarekin lotutako karbono-isuriak % 3,5 igo direla urtean 2009-2019 bitartean, ekonomia globalaren igoera-tasa bikoiztuz. 2019an, turismoak 5,2 gigatona CO2 baliokide isuri zituen, munduko isuri guztien % 8,8. Hazkundearen arrazoi nagusiak eskariaren igoera (% 3,8 urtean) eta eraginkortasun teknologiko txikia dira (% 0,3 urtean). Isuri gehienak AEBek, Txinak eta Indiak eragin zituzten. Ikerketak politika global eraginkorrak premiaz hartzea gomendatzen du turismoaren emisioak murrizteko, herrialdeen arteko desberdintasunak kontuan hartuta. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Teknologia
1944ko urtarrilaren 18an, Bletchley Parkera lehenengo konputagailu elektroniko programagarria iritsi zen: Colossus. Tommy Flowers eta bere taldeak garatu zuten, eta Lorenz SZ makinarekin kodetutako mezu alemaniarrak deszifratzeko gakoa izan zen Bigarren Mundu Gerran. Colossus erabakigarria izan zen D. Egunaren arrakastarako, aliatuen engainu estrategiek funtzionatu zutela berretsiz. Nahiz eta garrantzi historikoa izan, Colossus ez existitzetik gertu egon zen, proiektuarekiko hasierako mesfidantzagatik eta proiektua denbora errekorrean garatzea ahalbidetu zuten zorioneko hainbat zirkunstantziagatik. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Zientziaren komunikazioa
FECYTeko Science Media Centre (SMC) Españak eta EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta baten arabera, emakume zientzialariek gizonek baino eraso gehiago jasaten dituzte komunikabideetan eta sare sozialetan. Inkestan, erasotutakoen % 56,86 emakumeak dira, eta haien gaitasun profesionalak izaten dira jomugan; gizonen kasuan, zintzotasun profesionala da zalantzan jartzen dena. X sare soziala da erasoen iturri nagusia (% 59,86). Erasoek zenbait zientzialari sareak uztera edo ikusgarritasuna bilatzeari uko egitera bultzatu dituzte (% 16,55). Prebentziorako, zientzialariek babes-mekanismoak eta formazioa proposatzen dituzte, baita komunikabideen ardura handiagoa ere. Inkestak 237 pertsonaren erantzunak bildu ditu. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
Animaliak
Kurlinta mokomehea (Numenius tenuirostris) Europan XXI. mendean desagertutako lehen hegazti espeziea da, azkenekoz 1995ean Marokon ikusia. Ibis aldizkarian argitaratu dute artikulua. Zientzialarien arabera, habitat galera (hezeguneak drainatzea, nekazaritzarako lur-eraldaketa) eta ehiza izan dira arrazoi nagusiak, baina migrazio-bideetako arazoek ere eragina izan dute. Hegazti migratzaile zaurgarria zen, zohikaztegi eta hezeguneetan oinarritzen zena ugaltzeko eta migratzeko. Naturan ez da ale bizirik gelditzen, eta desagerpena mundu-mailako galera larria dela nabarmendu dute adituek. Datuak Berrian.
Argitalpenak
Matematikako eta informatikako aparteko istorioak komikian (2019) Arkimedes, Gauss eta Ada Lovelace, besteak beste, matematikari handien bizitzak eta lorpenak aurkezten ditu. Nesim Fintzek idazleak eta Han-Mi Kim ilustratzaileak XIX. mendetik aurrera pertsonaia horiek izan zituzten arazo matematikoak kontatzen dituzte, komiki formatuan. Ikuspegi irisgarri batekin, matematikak eta informatikak historian izan duten eragina ulertzeko aukera ematen du liburuak. Datuak Zientzia Kaieran.
Iker Elosegik argitaratu duen Euskal Herriko fauna gida liburuak tokiko bioaniztasuna aztertzen du, animalia espezieak izendatu eta behatzeko gomendioak emanez. Ez da katalogo zurrun bat; helburua da naturarekiko harremana indartzea, etxeko leihotik ikusten diren animalien bitartez. Euskal Herriko aniztasun biologikoa arriskuan dagoela dio, gizakiaren jarduerek eragindako habitaten suntsiketa eta klima aldaketaren ondorioz. Elosegik laborantza iraunkorra babesten du bioaniztasuna zaintzeko modutzat. Naturarekiko lotura eta jakin-mina sustatzeko deia egiten du. Informazioa Berrian.
Genetika
Neandertalak eta sapiensak duela 50.500 urte hibridatu ziren, eta gene-fluxua 7.000 urte iraun zuen, neandertalak desagertu aurretik. Nature eta Science aldizkarietan argitaratutako ikerketek erakutsi dute neandertal generik gabeko “basamortu” genetikoak hilgarriak ziren geneak baztertzeagatik sortu zirela. Neandertaletatik jasotako geneek immunitate, pigmentazio eta metabolismoari lotutako abantailak eskaini dituzte. Gainera, gene-fluxuaren iraupenak azaldu du ekialdeko asiarren genoman %20 gene neandertal gehiago dagoela. Emaitzek hibridazio-dinamika eta giza migrazioen bilakaera ulertzen laguntzen dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.