Margaret W. Rossiter, zientzian emakumeak gogora ekarri zituen historiografoa
Margaret Walsh Rossiter (1944-2025) estatubatuarra ezaguna da mundu mailan zientziaren arloan emakumeei buruz egindako ikerketa aitzindariengatik. Matilda efektua terminoa sortu zuen. Termino horrek emakume zientzialarien eta ikertzaileen ekarpenek historian zehar jasan duten ezabatze sistematikoa jasotzen du, askotan gizonezko lankideei egozten baitzaizkie. Rossiterrek, zientzialari kontaezinen isildutako biografiak eta herentzia intelektual ikusezina azaldu ez ezik, zientziaren historia berridatzi zuen, emakumeei ezagutzaren kontakizunean zegokien leku legitimoa itzuli ostean.
Margaret W. Rossiter 1944ko uztailaren 8an jaio zen Maldenen (Massachusetts, AEB), bere neba bikiarekin (Charles) batera, familia militar baten baitan. Lehen aldiz deskubritu zuen zientziaren historia bigarren hezkuntzako ikasle zenean, eta interes handiagoa erakutsi zuen zientzialarien historiekiko esperimentuekiko baino, ikastetxeko laborategiko praktiketan oso gutxitan lortzen baitzuten esperimentuak “ondo” ateratzea.

1962an, Merituaren Beka Nazionala lortu eta Radcliffe Collegen matrikulatu zen, Harvardeko Unibertsitateko ikastegietako batean, matematika ikasteko. Dena dela, bere interesek kimikan espezializatzera, eta, azkenik, zientziaren historiara aldatzera eraman zuten. Radcliffen jaio zen Estatu Batuetako zientziaren historiarekiko interesa, ozta-ozta garatzen hasia zen jakintzaren arloa.
1966an graduatu ostean, Wisconsin-Madisoneko Unibertsitateko maisutza lortu zuen, eta, ondoren, Yale Unibertsitateko zientziaren historia sailera igaro zen. Bertan, bere herrialdeko zientziaren historiarekiko interesa lantzen jarraitu zuen, eta bigarren maisutza lortu zuen filosofian. Ondoren, doktoregoa amaitu zuen Yalen, Alemaniara migratutako AEBetako nekazaritza eta zientzia gaietan oinarritua.
Bere karreraren inflexio puntua
Prestakuntzako lehenengo urteetan zehar, Rossiterrek kontakizun menderatzaile bakarra aurkitu zuen, gizonek egina. Kontakizun horrek ez zuen onartzen emakumeen presentzia zientziaren historian. Ikuspuntu hori zalantza jartzeaz gain, bere ibilbidean inflexio puntu bat eragin zuen gertakari horrek: Yaleko irakasleen eta ikasleen bilera informal batean, Margaret Rossiterrek noizbait emakume zientifikorik egon zen galdetzera ausartu zen. Ezetz erantzun zioten, eta salbuespen gisa Marie Curie aipatu zuten –senarraren laguntzaile soila izango balitz bezala–.
Erantzunarekin konformatu beharrean, Rossiterrek emakume zientzialarien bilaketa nekaezina martxan jarri zuen, bere herrialdeko historia osatzen hasteko aukera eman ziezaioten, Harvardeko Estatu Batuetako Historia Ikasketen Charles Warren Zentroan emandako beka bati esker. Sorpresa atsegina jaso zuen, Estatu Batuetako XX. mendeko zientziari buruzko ikerketa bat prestatzen ari zela, 1906ko American Men of Science (orain American Men and Women of Science deitua) erreferentziazko lanaren edizioan sakondu zuenean: barruan ezkutuan emakume zientzialariei buruzko ehunka sarrera zeuden. Aurkikuntza hori, bere hitzetan, «untxi zulo batetik zientziaren historiako mirarien herrialde batera erortzea» bezalakoa izan zen. Errebelazio horrek bere karrera emakume horien bizitzak lurpetik ateratzera bultzatu zuen. Bere ikerketak komunitate zientifikoaren partetik hasieran izan zuen harrera txarra gorabehera, Rossiterrek iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera gurutzatu zuen herrialdea hurrengo lau hamarkadetan, eta aro hori oztopo lasterketa izan zen. Honako ezaugarri hauek nabarmendu zuten bere lana: artxibo lan handia; ibilbide pertsonalak, instituzionalak eta sozialak berreraikitzea; eta ikusezina ikusarazteko konpromisoa hartzea.
Women Scientists in America
Denborak aurrera egin ahala, lan nekaezin horren fruitua zientziaren historiografian egingo zuen ekarpen akademikorik handiena izan zen: Women Scientists in America lana. Proiektua hasiera batean ia ezezagunak ziren emakume zientzialarien biografia kolektibo gisa jaso zen, baina, azkenean, hiru bolumeneko lana izan zen. Lehenengo liburukian, Women Scientists in America: Struggles and Strategies to 1940 (1982an argitaratua), emakume zientzialarien borrokak eta taktikak dokumentatu zituen XX. mendearen erdialdera arte. Bigarrenean, Women Scientists in America: Before Affirmative Action, 1940-1972 (1995ean argitaratua) delakoak, eraldaketako aldi bat aztertzen du, baina baita emakumeek zientzialari aktibo gisa erabat parte hartzeko oztopo iraunkorrak zituzten aroa ere, hala nola ezkonduek zenbait kargu akademiko lortzea galarazten zuten legeak, nepotismoaren aurkako arauak, diskriminazio instituzionala, etab. Hirugarrenak, Women Scientists in America: Forging a New World Since 1972 (2012an argitaratua) delakoak, 1972ko Enpleguko Aukera Berdintasunerako Legea eta hezkuntzako zuzenketak bezalako legeen ostean gertatutako lege, kultura eta gizarte aldaketak jasotzen ditu.

Emakumeak diskriminatzeko modu anitzak
Bere trilogiaz gain, Rossiter ezaguna da 1993ko artikulu batean Matilda efektua terminoa sortu zuelako. Fenomeno horrek, Matilda Joslyn Gage XIX. mendeko sufragistari omenaldia egiteaz gain, agerian uzten du emakumeek jasandako diskriminazioa, eta emakume zientzialari askoren ekarpenen, aurkikuntzen eta lanaren ukapena islatzen du, non horien egiletza gizonezko ikerketa kideei aitortu zitzaien.
Matilda efektuarekin batera, beste kontzeptu batzuk definitu zituen emakumeek esparru zientifikoan pairatzen dituzten beste desabantaila batzuk azaltzeko. “Bereizketa hierarkikoa”ren bidez honako hau azaldu hau zuen: boterearen eta prestigioaren eskaileran igo ahala, emakumeen aurpegi gutxiago ikusten dira. “Lurralde bereizketa”k adierazten du emakumeak batez ere zientzia diziplina jakinetan elkartzera direla (eta gizonek prestigio, oztopo edo baliabide gehien duten arloak menderatzen dituzte).
Rossiterrek diskriminazio modu ugari bildu zituen bere ikerketetan: senarrekin batera artikulu zientifikoak sinatzen zituzten emakumeak ahaztea; emakume ikertzaile askok gizonezko lantaldeetan pairatu behar izan zuten isolamendua; emakumeei nahita “ospe txarra” ematea, beren lana desprestigiatzeko xedearekin; beren aurkikuntzak lapurtu zizkieten emakume zientzialariak; lanpostu batetik aldendutako emakumeak, curriculum txarragoak zituzten lankideen ordez, edo datu-base zientifikoetan beren izenak osorik erregistratzen ez zituzten emakumeak, baizik eta beren inizialak, eta horrek izugarri zailtzen zuen haien izenak bilaketen emaitzetan islatzea eta aitortzea.
Irmotasuna eta aitorpena (berantiarra)
Bere ekarpenek zientziaren historian genero ikerketei egindako ekarpenen garrantzia gorabehera (edo, behar bada, horregatik hain zuzen), Margaret W. Rossiterrek posizio akademiko iraunkorra lortzeko egin zuen bidea latza izan zen. Ia bi hamarkadaz sufritu zuen, batez ere bekekin eta irakasle bisitari gisa lan egin zuen hainbat erakundetan, UC Berkeley, Harvard eta Cornelleko unibertsitateetan barne, eta langabeziko dirulaguntzak ere behar izan zituen ikerketa finantzatzeko. Berak ere pairatu zituen sistema akademiko eskasaren mugak, non emakumeek gizonek baino aukera gutxiago zituzten, eta hori geroago bere lanetan dokumentatuko zuen. Dena den, bere obraren handitasuna goiz aitortu zuten Guggenheim Beka batekin 1981ean, eta laguntza hori funtsezkoa izan bere ikerketarekin jarraitu ahal izateko.
1980ko hamarkadaren erdialdean, Rossiter Cornelleko Unibertsitatera heldu zen ikertzaile bisitari gisa. Unibertsitateak ez zion lanpostu iraunkorra eman nahi, baina egoera hori erabat aldatu zen 1989an, Georgiako Unibertsitatearen eskaintza bat jaso ostean (lanpostu iraunkorra eta ikertzeko aurrekontua zituena), Cornellek bere burua zerbait egitera behartuta ikusi zuenean. Katedra bat sortu zuten berarentzat, eta Zientziaren Historiako Marie Underhill Noll irakasle gisa hartu zuen Zientzia eta Teknologia Ikasketen Sail berri bat ezarri zuten. Urte berean, bere bikaintasuna MacArthur beka ospetsuarekin aitortu zioten. Cornellen egin zuen ibilbidean zehar, Rossiterrek nekazaritzari, emakumeek zientzian izandako paperari eta zientziaren historiari buruzko ikastaroak irakatsi zituen 2017an erretiratu zen arte, eta une hartan irakasle emeritu bihurtu zen.
Irakasle gisa egindako lanaz gain, Rossiterrek Isisen, Zientziaren Historiaren Elkartearen aldizkari ofizialaren (HSS, ingelesezko sigletan), argitalpen zuzendari lana ere hartu zuen 1994 eta 2003 bitartean. 2013an, Zientziaren Aurrerapenerako Estatu Batuetako Elkarteko kide aukeratu zuten, eta 2022an Sarton domina jaso zuen, HSSren saririk prestigiotsuena, bere bizi ibilbidearen aitorpen gisa.
1987tik, HHSk Margaret W. Rossiter History of Women in Science Prize sariaren deialdia antolatzen du haren omenez, eta Cornelleko Zientzia eta Teknologia Ikasketen Sailak urtero ematen du Margaret W. Rossiter Women in Science Award sairia, zientzian emakumeei buruz ikertzen eta idazten duten ikertzaileak saritzeko.
Margaret Walsh Rossiter 2025eko abuztuaren 3an hil zen, 81 urte zituela, eta oinordetzan obra izugarria uzteaz gain, ondare intelektuala ere utzi zuen, emakumeek zientzian diskriminazio sistematikoa jasan dutela aitortzearen eta onartzearen garrantzia gogorarazten diguna, historia behar den moduan (berr)idatz dadin.
Iturriak:
- Martínez Mazaga, Uxune (2014). Mujer, ciencia y discriminación: del efecto Mateo a Matilda, Mujeres con ciencia, Ciencia y más, 2014ko azaroaren 17a
- Margaret Rossiter: la historiadora que restituyó a las mujeres su lugar en la ciencia, Diario Feminista, 2025ko abuztuaren 15a
- Green, Penelope (2025). Margaret W. Rossiter, 81, Dies; Wrote Women Scientists Into History, New York Times, 2025ko abuztuaren 29a
- Margaret Rossiter, Cornell University
- Margaret W. Rossiter, Wikipedia
Egileaz:
Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko irailaren 18an: “Margaret W. Rossiter, la historiógrafa que desenterró a las mujeres en la ciencia“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.