Heriotza onartu ondoren, berriz ere bizitza zure gain hartzea zaila da. Egoera horrek bat-batean asaldatzen zaitu eta zalantzati agertzen zara; bertigoa ematen duen erabakia da, ezbairik gabe. Dottie Thomasentzat pozgarria zen bere pazienteak ospitaletik nola irteten ziren ikustea, bizitzari berriro aurre egiteko asmotan, herioarekin itun bat eginagatik. Berak azaldu zuenez, “une hartan senti dezakezun emozioa handienetako bat da”.
Dottiek bizitzak salbatzen zituen, baina ez irudizko adieran, abesti batek edo besarkada batek une txar batean egin dezaketen bezala. Hezur-muinaren transplantearen teknikan aitzindaria izan zen, eta leuzemia eta beste odol-arazo batzuk aztertu zituen bere senar Edward Donnall Thomasekin batera.
Haren ekarpena berebizikoa izan zen. Hirurogei urte eman zituen ikerketak egiten baina soilik bere senarrak jaso zuen Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria 1990ean (Joseph Edward Murrayrekin partekatu zuena), giza gaixotasunen tratamenduan, organo- eta zelula-transplanteei buruzko aurkikuntzak zirela eta. Bere izena ez zen sarituen zerrendan agertu, bai, ordea, Edwarden esker oneko hitzaldian. Edonola ere, bere pazienteek eta, oro har historiak, ez dute ahantzi Dottiek egindako lan guztia.
Ez da gutxiagorako: hematologo honen lan nekaezinagatik izan ez balitz, bere senarrak ez zukeen erdietsiko bere lorpenen erdia ere. Ildo honi jarraiki, bikote honen alabak, Elaine Thomasek, New Mexicoko Unibertsitateko mediku eta irakasleak, lehenengo ideia hori berretsi egin zuen esanez bere amak “buru bikaina” zuela eta “nahi zuena egiteko gai zela”, baina “garai hartan zure senarraren ondoan egon, eta gainera, lagundu egin behar zenuen. Bere esku zegoen guztia egin zuen nire aita gorenera eramateko eta familia zaintzeko”.
Kazetaritza: arrakastarik izan ez zuen aukera
Dottie Thomas 1922an jaio zen, Estatu Batuetan. Kazetaritza ikasten hasi zen Texaseko Unibertsitatean, erreportari izan nahi zuelako. Han ezagutu zuen bere senarra; ustekabean elkartu ziren han, oso era bitxian, euren esanetan. Bikoteak azaldu zuen moduan, 1940ko neguan elur puska ederra bota zuen eta une hartan, biak campusean zeuden. Dottiek beste lagun bati zuzendutako elur pilota bat jaurti zuen eta, nahi gabe, gerora bere senarra izango zenari eman zion. Horren ondotik, elkar ezagutu eta elkarrekin ibiltzen hasi ziren.
1942an ezkondu, eta urtebete igarota, bere senarra Harvardeko Medikuntza Eskolan onartu zuten eta, Dottie, bere aldetik, New England Deaconess Ospitalean medikuntza-teknologiari buruzko programa batean eman zuen izena, kazetaritza zokoratuz betiko. Graduatu ondoren, mediku-teknikari gisa jardun zuen, harik eta bere bikotekideak Medikuntza titulua jaso eta bere laborategia eraiki zuen arte.
1955ean, Mary Imogene Bassett Ospitaleko mediku nagusi izendatu zuten Edward, Cooperstownen (New York). Horren ondotik, senar-emazteak elkarrekin lan egiten hasi ziren. Bere senarrak 50eko hamarkadan hezur-muinaren lehen transplantea arrakastaz egitea lortu bazuen ere, biek ala biek laborategian egin zuten lan 60ko hamarkadaren amaierara arte, tratamendu esperimentala hobetzeko xedez.
Urte batzuk igarota, Seattlera joan ziren, eta han, Washingtongo Unibertsitateko Medikuntza Eskolan jardun zuten, baita Fred Hutchinson Minbiziaren aurkako Ikerketa Zentroan aritu ere. Izan ere, bertan taxutu zuen bikoteak ikerkuntzarik garrantzitsuena.
Zientzialaria eta editorea
Dottiek bere jarduna oso modu eraginkorrean egin ohi zuen, bere ezagutza zientifikoak lana kudeatzeko gaitasunarekin primeran bat egiten zuen eta; ez bakarrik bere senarrari laguntzeko, baita zentroari ere, hots, une hartan hezur-muinaren transplantea egiteko lehen aukera bilakatu zenari, hain zuzen. Egunsentitik ilundu arte ez zen gelditu ere egiten: gaixoei odola ateratzen zien, laborategian ikerlanak egiten zituen, editore lanetan ibiltzen zen, eta senarraren eta taldeko gainerako kideen artikulu zientifikoak zuzentzen zituen.
Zentro horretan, Ikerketa klinikoen departamentuko administrazio-buru izan zen eta kargu horri esker, ikerketa-programei buruzko guztia kudeatu ahal izan zuen, eta senarraren oharpen eta grabazio oro erregistratu. Edwardek 1994an argitara atera zuen Bone Marrow Transplantation liburua argitaratu zuen Dottiek ere. Bere lan administratibo eta zientifikoak ez ezik, etxeko lanak ere egiten zituen; izan ere, bera zen seme-alabak zaintzeaz arduratzen zena.
Dottiek oso harreman estua izan zuen zientziarekin zendu zen arte. 2014an, Fred Hutchinson zentroaren ongile handiena bihurtu zen eta Dottie’s Bridge izeneko diru-hornidura sortu zuen ikertzaile gazteak laguntzeko.
Thomas senar-emazteek errealitate bihurtu zuten ordura arte ezinezkoa zirudiena. Inork ez zuen uste hezur-muineko transplanteek leuzemiak eta odoleko zenbait gaixotasun larri sendatu ahal izango zituztenik. Fusio honek bizitzak salbatu zituen, eta Dottiek Nobel saria irabazi ez zuen arren, argi dago bere lana funtsezkoa izan zela: bere inguruko guztiek aurrera egin zezaten lan egin zuen.
Iturrirak
- Diane Mapes, Dottie’s Bridge. ‘Mother of bone marrow transplantation’ Dottie Thomas establishes endowment to assist young researchers, Fred Hutchinson Cancer Research Center, 2014ko martxoaren 14a.
- Diane Mapes, Dottie Thomas, ‘mother of bone marrow transplant,’ dies at age 92, Fred Hutchinson Cancer Research Center, 2015eko urtarrilaren 10a.
- Wikipedia, Dottie Thomas.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
2 iruzkinak
[…] Dottie Thomas hematologoa izan dugu protagonista asteon. Hezur-muinaren transplantearen teknikan aitzindaria izan zen, eta leuzemia eta beste odol-arazo batzuk aztertu zituen bere senar Edward Donnall Thomasekin batera. Bere lana oso garrantzitsua izan zen eta hirurogei urte eman zituen ikerketak […]
[…] berean, aipagarria da Dottie Thomas eta bere senarra Edward Donnall Thomas laguntzeko egin zuen lana. Bikotea hezur-muina […]