Asteon zientzia begi-bistan #327

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

COVID-19aren kontrako txertotik oso hurbil gaude. Baina egoerak islatzen du gizartearen zati handi batek ez duela jarri nahi, konfiantza falta baitago txertoarekiko. Miren Basarasek idatziko artikulu argigarri hau irakurtzea besterik ez duzue, txertoen segurtasunaren inguruan: “Txertorik ez jartzeko arriskua txertoari lotutako arriskua baino handiagoa da”.

COVID-19aren aurkako txertoen eraginkortasuna , efikazia eta efizientzia hitzek zer esan nahi duten azaldu digu Berriako artikulu honetan Basarasek. Ez galdu!

Txertoen gaia izan da protagonista asteon. Koldo Garciak bere Edonola blogean azaldu dizkigu aurrera egin duten txertoen nondik norakoak. Moderna, Pfizer eta Oxford-en txertoek zer dute oinarrian?

Zientzialari talde batek COVID-19ari aurre egiteko estrategiari buruzko ikuspegia John Snow Memorandumaren bidez plazaratu zuten eta Elhuyar aldizkariak artikulu honen bidez euskaratu egin du. Hemen duzue irakurgai.

Adimen artifiziala

Biologian erronka handi bati erantzuna ematea lortu du adimen artifizialak. Elhuyar aldizkariak artikulu honetan azaltzen digunez, proteina bakoitzak zer egitura tridimentsional izango duen aurreikusi ahal izatea izan dute jomuga 40 urteetan. Eta horretan Google-ek lagundu du: AlphaFold programa entrenatu dute proteinen egitura tridimentsionalak aurreikusteko.

Materialak

AEBetako Rochesterreko Unibertsitateak giro tenperaturan supereroalea den lehenengo materiala lortu du, Berriak artikulu honetan kontatu digunez. Halere, oraindik urrun dago aplikazio praktikoetatik. Bereizgarria duen elementua presioa da, eta era berean, erronka dena. Izan ere, presio handia eragin behar izan diote: 267 gigapascalekoa, itsas mailako presioaren halako 2,6 milioi, Lurraren nukleoan dagoen presioaren %75aren parekoa.

Emakumeak zientzian

Ane Velascok genetika ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Horren ondotik, Filosofia, Zientzia eta Baloreak masterra egitea erabaki zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Baina ez zen hemen gelditu, Biomedikuntza Molekularra masterra egin baitzuen. Orain, Oxfordeko genetika-enpresa batean hasi da lanean bekadun gisa. Bertan, CRISPRekin egiten du lana.

Mikrobiologia

Leonardo da Vinci artista eta jakintsu ospetsuaren marrazkietan bildutako mikrobioma aztertu dute. Zehazki zazpi marrazkitan zeuden arrasto biologikoen sekuentziazio masiboa egin dute. Eta badakizue zer aurkitu duten? bakterioak, onddoak eta gizakien DNA arrastoak, birusak eta arkeobakterioak. Harrigarria benetan!

Genetika

Gutxi falta da eguberrietarako eta modu berean, arrainez eta itsaskiez mahaiak betetzeko. Horri begiratu dio Koldo Garciak artikulu honetan, itsasotik jasotzen dugun uztari, baina genetikaren ikuspuntutik. Gene-teknologiaz mintzo da honetan. Ez galdu!

DNA entzun daiteke? Badirudi baietz. Garciak azaldu digu honetan giza-genomaren soinua musikatu dela eta sekuentzia batek zein soinu sortzen duen entzun dezakegula zerbitzu bati esker. Zer gauza bitxiak dakargu zientziak!

Kimika

Guztiok entzun ditugu noizbait azenarioaren atzean dauden mitoak: onak direla ikusmenarentzat, esaterako. Bada, Josu Lopez Gazpiok artikulu honen bidez uste horiek desmuntatu ditu. Azenarioa eta ikusmena, bere kolorea… Azenario bat jaten duzun aldiro gogoratuko zara artikulu interesgarri honetaz!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.