Xabier Mina Ederra itsas zientzietan lizentziatua da. Urteetan zehar Kantauri itsasoaren bizitza eta xehetasunak jasotzen dituzten hainbat argitalpenetan parte hartu du haren argazkiekin.
Xabier (Txabi), Mutrikuko Akuikultura Eskolan irakaslea izan da, itsas argazkilaria eta kameralari da. Bere argazkiak, esaterako, Zientzia eta Teknologiaren hiztegi entziklopedikoan aurki daitezke eta baita ere, 2010ean argitaratu zen Flysch Algorri Mendata liburuan. Deba eta Zumaia arteko kosta lerroak gordetzen duen ondarea jasotzen duen argitalpena.
Kantauri itsasoan dauden scorpaenidae familiako arrainen argazkiak, adibidez krabarroka arrunta, sparidae familiakoenak edota olagarroen argazkiak argitaratu ditu hainbat argitalpenetan. Azken hau, olagarroa, da gure gaurko protagonista.
2012an Zumaiako udalak argitaratu zuen Zumaia eta Olagarroa liburuan hartu zuen parte itsas argazkilariak. Liburu honetan olagarroaren biologia eta hazkuntza; Zumaia eta olagarroaren arteko harremanaren jatorri historikoa eta eta XX. mendeko olagarrozaleen ikerketa antropologikoa lantzen da.
Duela egun batzuk argazkilariak lan berri bat plazaratu du, “Olagarroaren bila” bideoa. Euskal kostaldean hartutako irudiekin osatutako lan honetan, Xabier Mina itsasoan barna dabilkigu olagarroa aurkitu nahian eta, bidean aurkitu dituen animaliak eta landareak erakusten dizkigu lan eder honetan.
Iturriak
- Itsanet: En busca del pulpo.
- Baleike: ‘Olagarroaren bila’, urazpiko bideo ederra.