Genetikaren ibilbidearen aurreko atalean, ahaztuta utzi genuen Mendelen lana zientziaren kaxoi batean, eta esan genuen “Genetika” hitza ez zela 1905era arte erabiltzen hasi. Zer gertatu ote zen urte horietan?
Darwinen eboluzioaren teoria zela eta, herentzia-mekanismoari buruzko eztabaida piztu zen. Mendelen lana ahaztuta gelditu zenez, bere lana berriz aurkitu arte, herentziari buruzko eztabaidan, eginak ziren hainbat proposamen, esate baterako, Darwinek proposatutako pangenesia edota eskola “biometrikoa” deitu zena. Hala ere, ez batak ez besteak ez zuten behar bezala herentzia azaltzen. Mendelen lanaren berraurkitzeak, ostera, arazo hori konpondu zuen. Baina berraurkitze hau lau istorio paralelo dira, guztiak 1900 urtearen inguruan gertatuak:
- Hugo de Vries herbeheretarra genetikaren aitzindarietakoa da. 1889an Darwinen pangenesiaren teoria oinarri hartuta lan egin zuen. “Pangene” deitutako partikulak proposatu zituen eta esan zuen pangene hauek ezaugarri biologikoen herentziaren erantzuleak zirela. Proposatutako teoria hau egiaztatzeko, landareen hibridazioan lan egiten hasi zen eta lortutako emaitzak Mendelek lortutakoaren antzekoak izan ziren. Behin Mendelen lanaz ohartuta, izendapenak bateratu zituen baina ez zuen Mendelen lana guztiz aitortu. Baina Carl Corrensek egindako kritikak zirela eta, Mendelen lan aitzindaria behar bezala aitortu zuen azkenean.
- Carl Correns alemaniarrak Hieracium generoko landareetan lan egin zuen eta herentziaren oinarriak aurkitu zituen Mendelen lana ezagutu gabe. Behin bere lana aurkeztu ostean, Mendel zein Darwin aipatu zituen eta Mendelen legeen balioa baieztatu zuen.
- Erich von Tschermak austriarrak gaixotasunekiko jasankorragoak ziren landareen bila landareen hibridazioan lan egin zuen. Hibridazio-esperimentuetan lortu zituen emaitzek Mendelen lana berraurkitzeko ere balio izan zuten.
- Azkenik William Jasper Spillman estatubatuarra dugu. Bere lana Palouse eskualdeko (Estatu Batuetako ipar-mendebaldea) nekazarien uztak hobetzeko erabili zuen.Lan horren baitan Mendelen legeak berraurkitu zituen eta nekazariekin egindako lanak lege horien onartzea erraztu zuen.
Hortaz, XX. mendearen hasieran herentzia biologikoa zehaztu zen. Baina, nola gertatzen da herentzia hori? Hots, zer da heredatzen dena? 1903an zehar argitaratutako lanetan Walter Suttonek eta Theodor Boverikek kromosomak herentzia-unitateak izan litezkeela esan zuten. Lehenengo ikerlariak behatu zuen, matxinsaltoetan egindako lanean, kromosoma aitatarra eta amarra parean jartzen zirela eta haien arteko elkartrukea gerta zitekeela. Bigarren ikerlariak, itsas trikuetan egindako lanean, behatu zuen enbrioiaren garapenean beharrezkoak zirela kromosomak. Beraien proposamenak hautsak harrotu bazituen ere, 1913an Eleanor Carothersek matxinsaltoetan egindako lanak eta 1915an Thomas Hunt Morganek ozpin-eulian argitaratutako lanek Sutton eta Boveriren proposamena egiaztatu zuten.
Bestalde Morganen lanak frogatu zuen kromosomak zirela herentzia-unitatea. Gainera, mekanismo batzuk erabiliz hainbat mutazio (hau da, hainbat eraldaketa) eragin zituen ozpin-euliaren material genetikoan. Lan handia egin ostean, azkenean belaunaldi batetik bestera heredatzen ziren mutazioak lortu zituen eta mutazioak nola heredatzen ziren ikertu zituen bere ikasleekin batera. Esate baterako, begien kolorea eraldatzen zuten mutazio bat sexu-kromosomekin erlazionatu zuen eta beste mutazio bat, aldiz, beste modu batean heredatzen zela behatu zuen. Horrela, 1910 aldera, geneak kromosoma jakinetan kokatuta zeudela ondorioztatu zuen. Bere lanaren eragina handia izan zen eta ikertzaile gehiago hasi ziren ozpin-eulian lan egiten. Hori dela eta, ozpin-eulia ereduzko organismo bilakatu zen eta hala da gaur egun ere. Morganek 1933 Medikuntzan eta Fisiologian Nobel saria irabazi zuen kromosomek herentzian duten eginkizunean egindako aurkikuntzengatik.
Morganen lanari esker herentzia ikastea eta lotuta egon litezkeen mekanismoetan sakontzea arrunta bilakatu zen, adibidez ozpin-eulia erabilita. Jakintza-arlo honek zer egin bazuen. Izena urte batzuk lehenago jaso zuen. William Bateson ingelesak eman zion izena genetikari, grekoko “genesi” hitza moldatuta. 1905ean gutun batean idatzi zuen eta 1906an erabili zuen lehen aldiz jendaurrean, Londresen, landare-hibridazioari buruzko biltzar batean. Genetika hitzarekin herentzia eta aldakortasun biologikoaren ikasketa izendatu nahi izan zuen. Azkenik, jakintza-arlo hau izendatzeko hitz bat bazegoen. Genetikak izena eta edukia bazuen, hurrengo urteetan esperimentu interesgarri eta aurkikuntza garrantzitsuak izango zituen jakintza-arloa. Hauek hurrengoko ataletan berrikusteko aukera izango dugu.
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
Genetikari buruzko artikulu-sorta
- Genetikaren ibilbidea (I): Ilarrei begira.
- Genetikaren ibilbidea (II): Izena duen guztia bada.
- Genetikaren ibilbidea (III): Kromosomen sekretuak argitzen.
- Genetikaren ibilbidea (IV): Informazioa helize batean.
- Genetikaren ibilbidea (V): Informazioa maneiatzen.
- Genetikaren ibilbidea (VI): Osagaietatik osotasunera.
- Genetikaren ibilbidea (VII): Eboluzioak eta genetikak topo egin zutenekoak.
- Genetikaren ibilbidea (VIII): Gaixotasunen genetika.
- Genetikaren ibilbidea (eta IX): Eppur si muove.
6 iruzkinak
[…] 2014/11/25 Genetikaren ibilbidea (II): Izena duen guztia bada […]
[…] irudia: Ozpin-eulia ikerketan oso erabilia den ereduzko organismoa da. (Argazkia: Paulomelo.adv– Wikimedia Commons, CC BY-SA 4.0 […]
[…] Genetikaren ibilbidea (II): Izena duen guztia bada. […]
[…] Morgan, 1933an Fisiologia eta Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuen Thomas Hunt Morgan genetistaren alaba, Stanfordeko Unibertsitatean graduatu zen. Bakteriologiako doktoregoa […]
[…] diren akatsek sortzen dute minbizia–, soilik minbizi mota gutxi batzuk dira heredagarriak. Eta genetika jaio zen heredatzen diren ezaugarriak ikertzeko jakintza-arlo bezala. Hortaz, genetika erabilgarria izan da heredatzen diren minbiziak aztertzeko. […]
[…] kromosomek zuten egitekoaren inguruan Wilsonek egindako ikerketek oinarri zitologikoa eman zioten Thomas Hunt Morgan-i herentziaren mekanismoak […]