Asteon zientzia begi-bistan #37

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Asteon zientzia begi-bistan #37

Asteon 2014ko Nobel sarien banaketa ekitaldia ospatu da. Nobelak sari ezagunak dira baina erreparatu duzue ez dagoela Matematikako Nobel saririk? Ez hasi bilatzen Googlen, ez duzue aurkituko eta. Javier Duoandikoetxea matematikariak kontatzen digu Nobel sarien parekoa dagoela matematikarien lana saritzeko, Norvegiako Niels Henrik Abel matematikari harrigarriaren izena daraman, Abel saria. 2003. urtean hasi ziren banatzen eta horretarako Norvergiako Parlamentuak 200 milioi norvegiar koroako diru-funtsa jartzea onartu zuen 2001 urtean. Zientzia Kaieran: Abel saria, matematikarien Nobel saria.

Urte askotako lana bukatuta ikustea ere saria da ikertzaileentzat eta hiru mende behar izan dira Euskal Herriko, Frantziako, Kataluniako, Espainiako eta Andorrako zientzialari talde batek egin duena lortzeko: Pirinioetako landareak biltzen dituen atlasa osatu eta argitaratzea. Bioaniztasun handieneko bigarren gunea dira Pirinioak Europan. 4.500 landare espezie baino gehiago bizi dira Pirinioetan, Europako espezieen herena eta horietako 346 baino gehiago hor bakarrik aurki daitezke. Edu Lartzagurenek kontatzen digu Berrian: Klima aldaketaren landaregrafia.

Japoniako Kyotoko Unibertsitateko ikerlariek mamuta klonatu behar dutela iragarri dute. 2007an Siberiako Yakutia lurraldean aurkitu zuten mamut kume bat izotzetan. 10.000 urte izotzetan egin zuen 6 eta 3 urte bitarteko mamuta zen eta haren DNA ondo kontserbatu omen denez, animalia klonatzeko asmoa agertu dute ikertzaileok. Honen bueltan, Ainhoa Larrabek UPV/EHUko genetikan adituak diren Asier Fullaondo eta Ana Agirreren iritzia jaso du Berrian: Desagertu zena sortzea helburu.

Beste aurkikuntza bat ere hizpide izan dugu asteon. 1964an, duela 50 urte, Arrasateko Lezetxiki kobazuloan Jose Migel Barandiaran eta Jesus Altuna antropologoek topatu zuten humeroa. Uranioaren serieen bidez datatu ahal izan dute eta emaitzen arabera, Euskal Herriko giza hezurrik zaharrena dela ondorioztatu dute. Dirudienez, Europan hori baino zaharragoak gutxi omen daude eta ikertzaileen ustetan, neandertalen garaiaren aurrekoa izan daiteke. Maddi Ane Txoperenak Berrian jasotzen ditu datuak: 164.000 urte baditu gutxienez Lezetxikin aurkitutako humeroak, eta Elhuyar aldizkarian Ana Galarragak: Lezetxikiko giza hezurra, penintsulako zaharrena, Atapuerkakoen ondotik.

Bidai luzea egin dute denboran aipatu ditugun mamut kumeak eta Lezetxi kobazuloko humeroak. Eta bidai luzeak egiten dituzte ere urtero migratzen duten espezie askotako milioika indibiduok. Tximeletak, euli-txoriak, gabai mediterranearra, ñuak, dortokak eta beste hainbeste dira bidai hauen protagonistak. Javier San Martín kazetariak Zientzia Kaiera blogean dortoka bati erreparatu dio, egiazko karetari. Hau migratzailea da, baina ez beti, izan ere kolonizatzailea ere bada. Ikerketa berrien emaitzek egiaztatu dute dortoka eme guztiak ez direla beren jaioterrira itzultzen, eta sarritan kolonizatzen dituztela lurralde berriak: Migrazio epikoak.

Eta bidaiekin jarraituz, luzea izango zen ere, Antartikako izotz eta elur artean aurkitu dituzten hamar mikrometro eskaseko berrogei partikula estralurtarrena. Amaia Portugalek kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean nazioarteko ikertzaile talde batek, lehenbizikoz kometen hauts arrasto garbiak eskuratu ahal izan dituela Lurrean bertan, espaziora irten beharrik gabe. Askotan pentsatu izan da halako partikula porotsu eta hauskorrek ezin dutela Lurrean iraun: Partikula estralurtarrak, Lurretik irten gabe.

Badirudi bidaiari gabiltzala, hemendik hara. Bertha Benzek ere automobilaren historian jasoa dagoen joan-etorri garrantzitsu bat egin zuen. 1888. urtean haren senarrak, Karl Benzek, asmatu zuen autoaren baliagarritasuna frogatu nahian 106 kilometroko ibilbidea egin zuen bere etxetik amaren etxeraino. Autoarekin egin zen lehen bidai luzeena egin zuen eta tartean izandako arazo mekanikoak konpondu zituen, historiako lehen mekanikaria bihurtuz horrela. Emakume honen bidaiarekin bat datorkigu ere, 1949. urtean liburu elektronikoa asmatu zuen emakumearen historia, Angela Ruiz irakaslearena. Zientzia Kaiera blogean Uxune Martinezen eskutik: Liburu elektronikoak eta automobilak emakumeen kontua dira.

Eta ibilaldi birtuala ere badugu. Nagore Irazustabarrenak Argia aldizkarian ematen digu honen berri: Bartzelonako Iulia Augusta Faventia Paterna Barcino erromatar kolonian (K.o. III. mendekoa), birtualki ibiltzeko aukera dugula Bàrcino 3D aplikazioa jaitsiz mugikorrera: Ibilaldi birtuala Bartzelona erromatarrean.

Birtuala ez, erreala da Elhuyar aldizkarian Eider Cartonek azaltzen digun bidai bitxi hau: 269.000 tona plastiko dago flotatzen munduko ozeanoetan, gutxienez. 2007 eta 2103 artean sei herrialdek egindako 24 espedizioen datuei esker, plastiko-zatien kopurua eta guztizko pisua kalkulatu dituzte. Guztira, 268.940 tona pisatzen duten 5,5 bilioi plastiko-zati flotatzen daude gure ozeanoetan.

Elhuyarrek Euskal Herrian gauzatu diren bi ikerketaren berri eman digu ere. Alde batetik, EHUko ikertzailea den Saio Lópezek aztertu du zergatik gohi-latitudeetan bizi diren pertsonek azal argiago duten eta ondorioztatu du, europarren azaleko depigmentazioa hautespen naturalak lagundutako egokitzapen-prozesu baten bidez gertatu dela: Hautespen naturalak azala argitzen duten mutazioei lagundu die Europan. Bestalde, CIC bioGUNEko ikertzaileek gaixotasun arraroa den homozistinuria ikertu dute. Espainian jaiotzen den milioi bat haurretik batek izan ohi du. Gaixotasun larria da, %18ko hilkortasun-tasa du 30 urtetik behekoen artean, odolbilduen eraginez eta, homozistinuria gaixotasun arraroa nola sortzen den argitu dute CIC bioGUNEko ikertzaileek.

Joxerra Aizpuruak Argia aldizkarian azaltzen digu, etxe barrua hozteko balio duen material berria sortu dutela. Aluminiozko xafla bat baino meheagoa den material honek gela batean dagoen beroa espaziorantz bidaltzen du, erradiazio infragorri gisa. Eta, bestalde, eguzkitik datozen izpiak islatzen ditu.

Ez dakigu hitz jarioak aspertu zaituzten. Sikiera ondo idatzita egotea eta testuan akats gramatikal gutxi egon izana espero dugu. Izan ere, gramatikan aspalditik trebatuak gaude. Horrela adierazi du BCBLko (Basque Center on Cognition, Brain and Language) ikerketa batek. Honen arabera, haur elebidunak zein elebakarrak gramatikan eta sintaxian trebatzen dira bederatzi hilabete besterik ez dutenean. Basque Researchen ditugu xehetasun guztiak: Gramatika ikasten dugu hitz egiten hasi aurretik.

–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.