Martxoaren 22an Uraren Nazioarteko Eguna ospatu zen. Efemeride honen bidez, elementu likido honen zentzuzko erabileraren garrantziaz eta beharraz kontzientziatu nahi da. Erabilera iraunkorra, Lurrean bizitzak aurrera jarraitzea nahi badugu. Lurra “planeta urdina” bezala ezagutzen bada ere, bertan ur asko dagoelako, benetan oso ondasun urria da, gizakiok zuzenean aprobetxa dezakegun ur geza gure planetako ur guztiaren % 3 baino gutxiago baita.
Bestalde, ur gezaren erreserbak eskuratzea ere ez da hain erraza; izan ere, % 66 inguru glaziarretan eta kasko polarretan izoztuta dago, % 30 lurpeko urak dira eta % 4 baino ez dugu ibai eta lakuetan aurkitzen. Eta aurten, Uraren Nazioarteko Eguneko protagonista lurpeko ura izan da, ikusezina ikusarazteko asmoz.
Mito eta istorio ilunak sortu dira lurpeko uren inguruan, ur ezezagunak izan baitira beti. Kontakizun hauek izutu ere egin gaituzte, askotan heriotzarekin lotu izan direlako. Egiptoarrek zeharkatu behar zuten “hildakoen ibaia” gogoratzea besterik ez da behar, edo greziarren arimek igaro behar zuten Estigiako aintzira hura. Baina utz dezagun alde batera mitologia eta ikus dezagun zer esaten digun Geologiak lurpeko urei buruz.
Lurpeko ura poroetan, ez ibaietan
Lurpeko urak lurrean sartzen dira eta lur azpian pilatu eta zirkulatzen dute. Baina, elezaharretan ez bezala, ez dira ibai handiak bezala mugitzen diren lurpeko tunel handietan aurkitzen. Hodi handi horiek arroka mota batzuetan baino ez daude, adibidez, kareharrietan, batez ere kaltzio karbonatoz osatuak (CaCO3). Euri-ura (apur bat azidoa dena CO2 atmosferiko pittin bat disolbatuta daukalako) arroka karbonatatuekin kontaktuan jartzen denean, kimikoki erreakzionatu eta disolbatu egiten ditu arroka hauek leizeak eta hobiak sortu arte. Barrunbe horietan eratzen dira lakuak eta lurpeko ibaiak.
Egia esan, lurpeko ur gehiena harri eta sedimentu batzuk dituzten zulo mikroskopikoen bidez pilatu eta desplazatzen da. Zulo ñimiño horiek poro izenez ezagutzen ditugu. Porositateak iragazkor bihurtzen ditu materialak, eta horrek ahalbidetzen du urak hauek zeharkatzea. Geologian material horiei akuifero esaten diegu. Baina lurpeko urak kanpora ateratzen dira berriro, iturri eta iturburuen bidez edo ibaiak elikatzeko. Horrela, azaleko nahiz lurpeko urak ozeanoetan itsasoratzen dira, ziklo hidrologikoa itxiz.
Baina, batzuetan, lurpeko ura sakonera handian ibiltzen da faila edo lur-hausturetatik, edo eremu bolkanikoetatik hurbil pasatzen da. Ondorioz, azalera iristean denean tenperatura altua du. Horrela sortzen dira ur hidrotermalak.
Ur bero horrek elementu kimikoak hartzen ditu zeharkatzen dituen arroketatik eta hauek disoluzioan garraiatzeko ahalmena du. Ur bero hau lur-hausturen bidez azalera igo daiteke eta hoztu egiten da bidean. Ibilbide horretan, aurretik batu dituen elementu kimikoak askatzen ditu, hauek garraiatzeko gaitasuna galtzen baitu. Ondorioz, erreakzio kimikoak ditu bidean aurkitzen dituen arrokekin, interes komertziala izan dezaketen mineralizazio mota ezberdinak sortuz.
Antzinakoek bazekiten
Gure arbasoek bazekiten lurpeko urak garrantzitsuak zirela biziraupenerako. Erromatarrek eta musulmanek ibaien ura baino lurrazpikoa nahiago zuten Erroma, Sevilla edo Mérida bezalako hiri handien hornidura bermatzeko.
Beti harritu izan gaitu, ibai handien ondoan kokatuak egon arren, hirietatik urrun dauden iturburuetako ura hartu eta akueduktu erraldoien bidez garraiatu izanak. Baina bai batzuk zein besteek ezagutzen zituzten Mediterraneoko klimaren gogortasuna. Esaterako, bazekiten ibaien emaria asko jaisten zela lehorte sasoietan, edo sedimentuak eta hondakinak arrastatu eta pilatzen zirela erreketan euri-jasengatik eta uraren kalitateak behera egiten zuela. Hori dela eta, lurpeko ura erabiltzen zuten.
Bestalde, ur hidrotermalei ere erabilera ona eman zieten, terma eta bainu publikoetan erabiliz, bainuetxe modernoen aitzindariak. Gainera, azken mendeetan botilaratu eta merkaturatu egiten dugu iturburu hidrotermaletatik datorren ur mineral hori.
Giza kontsumorako ur geza ezinbesteko baliabide bihurtu da. Hala ere, ura gero eta baliabide natural urriagoa da, klima-larrialdiaren, kutsaduraren, ur-inguruneak eraldatzearen eta ibai, erreka, laku eta urtegietako ura gehiegi ustiatzearen ondorioz. Horregatik, lurpeko uretan oinarritutako azterlan geologikoak oinarrizkoak dira gure iraupenerako.
Akuiferoen kokapena, ura nondik mugitu edo aterako den eta uraren konposizio kimikoa ezagutzeak, aukera ematen digu ura modu jasangarrian eta nola ustiatu planifikatzeko eta etorkizunean ur-hornidura bermatzeko. Eman buelta bat aipatutakoari txorrota zabaldu eta, oxigeno atomo bati lotutako bi hidrogeno atomoz osatutako molekulez beteta dagoen, likido horren baso bat edaten duzuenean.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
2 iruzkinak
[…] ez ezik, modu batean edo bestean, akuifero gehienak premiazkoak dira gizakiarentzat. Horregatik lurpeko ur masetan gordetako kopuruei adi daude […]
[…] ur-kantitateari erreparatuz gero ikusiko dugu ur geza, gizakiok zuzenean aprobetxa dezakegun hori (edateko ura), planetako ur guztiaren % 3 baino ez […]