Laserra goizeko kafea prestatzeko

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Kafearekin harreman estua dugu gutako gehienok. Modu batera edo bestera, edozein egun arruntetan egin genezake topo kafearekin. Kafeak mundua aldatu duela dioenik ere bada, baina gu zientziaren alorrera hurbilduko gara. Ur hotzetan prestatutako kafearen –cold brew coffee- modari so, laser bidez kafea prestatzeko balizko prozesuaz arituko gara gaurkoan.

kafea
Irudia: kafea ur hotzetan prestatzeko arazoetako bat erauzketa-denbora da, baina baliteke laser teknologiaren bitartez hori konpondu ahal izatea. (Argazkia: Gabriela Sanda – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Kafea munduan gehien kontsumitzen den edarietako bat da –hirugarren postuan uraren eta tearen atzetik- eta, Zientzia Kaieran ere, behin baino gehiagotan izan dugu kafea hizpide. Koldo Garciak, Kafe bat lau gene-koskorrekin, mesedez artikuluan argitu zizkigun Coffea arabica espeziearen genomaren atzean dauden sekretuak. Matematikan fokua jarriz, Kafea ondo hartzeko algoritmoaren bila zebiltzan ikertzaileen berri eman nizuen 2018. urtean eta, geroxeago, kafea nola deskafeinatzen den azaldu nizuen.

Edari bizigarria da kafea eta kafeina du estimulatzaile nagusi. Kafeinaz ere behin baino gehiagotan hitz egin dugu blog honetan bertan. Ez bakarrik kafeak duen kafeinaz; izan ere, Uxune Martinezek argitu zuen bezala, pil-pilean dagoen gaia dira edari energetikoen kontsumoak gazteengan eragiten/sortzen dituen kalte-galerak. Edari energetikoekin eta kafeinaren gehiegizko kontsumoarekin arduratuta, kafeinaren arriskuetako batzuk zerrendatu nituen alkohola eta kafeina, eztanda egin arte artikuluan.

Oro har, kafea prestatzeko, tenperatura altuan dagoen ura erabiltzen da, kafe-aleen osagaiak modu eraginkorrean erauzi ahal izateko. Alabaina, azken urteotan moda-modan dagoen beste kafe mota bat cold brew delako kafea da; alegia, ur hotzetan egindako kafea. Kafe-aleen substantziak azkar erauzteko tenperatura altua behar denez, cold brew motako kafeak egiteko, erauzketa-denbora luzatu behar da. Errezetak errezeta, 12-24 orduko infusio-denborak behar dira cold brew kafe bat prestatzeko. Kontuz: ez da nahastu behar aipatutako kafe hori eta, besterik gabe, modu arruntean prestatutako kafe hotza. Erauzketa ur hotzetan egiten bada, lortutako edariak izango dituen osagaiak ez dira berdin-berdinak izango. Cold brew kafearen zaleek diotenez, kafe mota horrek zapore puruagoa du, garbiagoa. Antza, kafe hori ez da hain mikatza ezta hain azidoa ere. Zaletasunak zaletasun, ez gara horretan sartuko.

Hala eta guztiz ere, argi dago kafe hotzaren arazoetako bat erauzketa-denbora luzea dela. Horren ondorioz, kafetegi batean ezingo litzateke momentuan bertan cold brew kafea prestatu. Bada, Alemaniako ikertzaile talde batek laser bidezko teknologia erabili du arazo horri aurre egiteko. Erabili eta lortu ere bai, izan ere, npj Science of Food aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa baten emaitzen arabera, 3 minutuko laser bidezko irradiazioari esker, kafe-aleen osagaiak giro-tenperatura erauztea lortu dute. Lortutako kafeina-kontzentrazioa 25 mg-koa izan da 100 ml-ko -gutxi gorabehera ohiko kafe batek duen kafeina kontzentrazioa -. Laser bidez prestatutako kafearen analisiak erakutsi duenez, konposatu lurrunkorren kontzentrazioa, piridina esaterako, altuagoa da tenperatura altuan prestatutako kafearen kasuan baino. Hain zuzen ere, horixe da cold brew kafearen ezaugarri bereizgarria; beraz, laser bidezko kafeak ere antzeko ezaugarriak dituela pentsa daiteke. Oraingoz lehen saiakera bakarrik izan den arren, badirudi emaitza interesgarriak lortu direla.

Gaur-gaurkoz ez dirudi teknologia hori auzoko kafetegian laster izango dugunik, erabili beharreko laser tresna bereziak duen kostu altuarengatik –30.000 $-. Hala ere, modek haizea hartzen dutenean gertatzen den bezala, batek daki hamarkada bat barru sartuko ote zaren tabernara honela: kafesne bat, bi ebaki eta hiru laser-kafe, mesedez!

Informazio gehiago:

Fish, Greg (2022). Laser coffee, coming soon to a café near you?, worldofweirdthings.com, 2022ko urriaren 8a.

Rawat, Sachin (2022). Scientists make cold brew coffee in 3 minutes using lasers, bigthink.com, 2022ko abuztuaren 2a.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ziefuss, A.R., Hupfeld, T., Meckelmann, S.W., Meyer, M., Schmitz, O.J., Kaziur-Cegla, W., Tintrop, L.K., Schmidt, T.C., Gökce, B., Barcikowski, S. (2022). Ultrafast cold-brewing of coffee by picosecond-pulsed laser extraction, npj Science of Food, 6(19). DOI: 10.1038/s41538-022-00134-6


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.