Itsas biologoek detektatu dutenez, itsas espezieek desagertzeko joera dute orain. Ekologian, eboluzioan eta itsasoetako biodibertsitatean eta, espero dugu, arrisku horren leheneratzean eragiten duten ondorioak hobeto behatzeko, Standford Unibertsitateko Jonathan Paynek eta bere taldeak, erregistro fosilari esker ezagutzen ditugun aurreko beste desagerpen batzuekin alderatu dute. Moluskuen eta itsasoko ornodunen 2.497 espezie –desagertu direnak eta gaur egun daudenak– dituen datu base bat aztertu dute. Desagertuta eta bizirik existitzen diren espezie generoak soilik aztertzen dituzte, alderaketak errazteko. Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (NKNB) zerrendetatik hartzen dute desagertzeko arriskua. Espezie horien lau alderdi alderatzen dituzte: gorputzaren tamaina, gehieneko luzeraren arabera; habitat bentonikoa, hondoan, edo pelagikoa, ur askeetan; mugikortasuna, mugikorrak edo mugiezinak diren; eta elikadura, harrapakariak diren ala ez diren.
Erregistro fosilari esker ezagutzen ditugun aurreko bost desagertzeekin alderatuta, oraingoa gogorragoa da tamaina handiko animalientzat, eta arinagoa mugitzen direnentzat (mugitzen ez direnekin alderatuta). Ez dago alderik habitataren arabera (bentonikoak edo pelagikoak), ez eta elikaduraren arabera ere (harrapakariak diren edo ez).
Egileek diote giza jarduerak eragiten diela gehien animalia handienei eta, zehazki, arrantzak, ale handienen arrantzak –etekin handiagoa atera daitekeelako–. Antzeko zerbait gertatu zen lurrean ere. Esan daiteke gure espeziea izan zela mamuten, moen, dortoka erraldoien eta tamaina handiko beste espezie batzuen desagertzearen erantzule.
Kaliforniako Unibertsitateko (Santa Barbara) Douglas McCauleyren taldeak giza jardueraren ondorio zuzena izan zen espezieen desagertze horri buruz dakiguna errepasatu du. Prozesua duela urte asko hasi zen eskala handian, eta azken mendeetan areagotu egin zen, batez ere XX. mendean. McCauleyk azken 55.000 urteak aztertu ditu. Besteak beste aipatu ditudan lurreko espezieak desagertu badira ere, itsasoan espezieak askoz ere geroago hasi ziren desagertzen. Gainera, itsasoko espezieek lurrekoek baino dispertsio geografiko zabalagoa dute, eta normalean ez dira hain lokalizatuak egoten. Ondorioz, oro har, azkar desagertzeko arrisku txikiagoa dute lurrekoekin alderatuta. Interesgarria litzateke itsas espezieen desagertzeak hegaztienekin alderatzea, izan ere, haiek ere sakabanatuta daude eta antzeko moduan mugitzen dira. Are gehiago, Payneren azterketan gertatzen zen moduan, hegaztien kasuan ere tamaina handiena dutenak dira mehatxatuenak daudenak.
2022an,Washingtongo Unibertsitateko (Seattle) eta Princeton Unibertsitateetako Justin Pennek eta Curtis Deutschek argitaratu zuten azterketa batek Jonathan Paynek ozeanoetako desagertzeari buruz lortutako emaitzak berresten ditu, berotze globalari buruzko datuak eta berotzeak hainbat espezieren ekologian eta fisiologian duen eraginari buruzko ereduetan oinarrituta. Ereduek aurkezten dutena berresten dute, erregistro fosilaren arabera aurreko desagertzeei buruz dakiguna baliatuz.
Ereduetan, gure espeziearen mende honetako inpaktuarekin aldera daitezke berotegi efektuko gasen emisioaren hazkundea, berotzearen ondorioz espezieak galtzea eta atmosferan oxigenoa gutxitzea, eta planetaren historian aurretik izandakoen antzeko desagerpen batean amaitzen da. Espezie polarrak dira desagertzeko arrisku handiena dutenak; baina biodibertsitatearen oparotasuna eremu oparoenetan murrizten da gehien, hots, tropikoetan. Autoreen arabera, berotze globala murriztu eta aldaketa klimatikoa kontrolpean izango bagenu, desagertzeko arriskua % 70 baino gehiago murriztuko litzateke.
Tamainaren araberako desagertzea
Txinako Nanjingeko Unibertsitateko Chuanwu Chenen eta bere taldearen ikerketaren arabera, tamainaren araberako desagertzearen adibide bat zetazeoena da. Tamaina handia izatera irits daitezkeen itsas ugaztunak dira. Balea urdina, Balaenoptera musculus, gaur egungo Lur planetako animaliarik handiena da. Bi azpiklase daude: mistizetoak eta odontozetoak. Mistizetoek (baleek nagusiki) itsasoko ura iragazteko eta elikagaiak gordetzeko bizarrak dituzte; odontozetoek (kaxaloteak eta izurdeak kasu) hortzak dituzte. Guztira 90 espezie dira, eta horietatik 80 Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren zerrenda gorrian daude. Horietatik 22 espezie, hau da, % 27,5, desagertzeko arriskuan daude. 80 espezie horietatik, hamahiru mistizetoak dira eta 67 odontozetoak. Arriskuan dauden espezieen ehunekoa handiagoa da mistizetoen kasuan, hamahirutik bost baitaude (% 38,5); odontozetoen kasuan, 67tik hamazazpi daude (% 25,4).
Espezie horiek desagertzeko arrisku handiena eragiten duten faktoreak honako hauek dira: tamaina, banaketa geografikoa, itsas gainazalaren tenperatura eta giza jarduerak eragindako arrisku zehatzak. Bitxia da: mistizetoen kasuan, zenbat eta handiagoa izan, orduan eta desagertze arrisku handiagoa dute; aldiz, odontozetoen kasuan, aurkakoa gertatzen da: zenbat eta handiagoa izan, orduan eta arrisku txikiagoa. Era berean, azpimarratzeko modukoa da desagertzeko zazpi arrisku posibleetatik arriskutsuena ausazko arrantza dela. Beste arrain batzuen bila joan eta zetazeoak harrapatzen dituzte, nahi gabe.
Espezie batek desagertze prozesu bat jasaten duenean, bere banaketa geografikoa uzkurtu egiten da, txikitu egiten da; izan ere, kanpoaldeko eremuetan geratzen diren horiek dira desagertzen lehenak. Kanpoaldean, gutxiago bizi ohi dira eta inguruneko baldintzak kaskarragoak izaten dira. Ondorioz, haiek izaten dira desagertzen lehenak. McCauleyk eremu geografikoa uzkurtu zaien espezieak zein diren ikertu du. Beste behin, lurreko espezieak dira uzkurtze hori gehien jasan dutenak. Besteak beste, desagertu diren zenbait ahuntz eta tximeleta nabarmentzen ditu. Itsasoan, eremu geografikoa gehien uzkurtu zaien espezieak tamaina handiko espezieak dira; marrazoak, zehazki.
Halaber, itsasoan habitat zehatz batzuk ere galtzen ari dira, hala nola koralezko arrezife batzuk, zeinak 2007rako % 30 gutxitu zirela uste baitzen, edo mangladiak, % 20. Gainera, adituek proposatzen duten hipotesiaren arabera, kasu guztietan itsasoko uraren tenperatura igo delako gertatu da, hau da, berotze globalaren ondorioz. Bai eta giza jardueraren ondorioz ere, hala nola itsasoan haize errota gehiago jartzeagatik, nazioarteko uretako urpeko meatzaritzagatik, kontainerren trafikoagatik (% 600 areagotu da 1970az geroztik) eta itsasoko “eremu hil” deritzenen (oxigenorik gabe) kopuruagatik.
Olagarro batek baino bizitza gehiago
Dena den, berri txar horien guztien artean bada berri onik ere, eta hori da, hain zuzen, zefalopodoei egokitu zaiena. 700 espezie inguru dituen itsas moluskuen talde bat da, eta ezagunenak olagarroak, txipiroiak, txibiak… dira. Biologian eta itsasoaren ekologian duten garrantziaz gain, oso preziatuak dira ere gastronomian. Azkar hazten dira, bizitza laburra dute eta inguruneko baldintza aldakorretara egokitzeko plastikotasun handia dute. Australiako Adelaidako Unibertsitateko Zoe Doubledayk eta bere lankideek eta mundu osoko zentroek dioten moduan (besteak beste Palma de Mallorcako Espainiako Ozeanografia Institutua), badirudi zefalopodoak areagotzen ari direla munduko ozeano guztietan. Hala adierazten dute animalia horiek arrantzatzen diren tokietako harrapaketa datuek.
Hori berresteko, Doubledayk eta bere taldeak azken 61 urteetan (1953-2013) zefalopodoen arrantzaldiei buruz argitaratu den guztiaren metaanalisia egin dute. Eskualde ozeaniko guztietako datuak eta gehien merkaturatzen diren espezieen harrapaketen zifrak erabiltzen dituzte, hala nola olagarroarenak edo txipiroiarenak, eta horrela 35 espezie arte.
Emaitzen arabera, aztertutako 61 urteetan hazi egin da zefalopodoen kopurua, eta, gainera, habitat guztietan gertatu da: hondoko habitat bentonikoetan; demertsaletan, hondotik gertu dauden habitatetan; eta pelagikoetan, ur askeetan.
Zefalopodoen igoera horren arrazoiak eztabaidan daude. Adibidez, hipotesi batek dio klima aldaketagatik gertatu dela: uraren tenperaturaren igoeraren ondorioz, animalia horien bizi zikloak azkartzen dituelako. Beste batek, aldiz, esaten du gehiegizko arrantzagatik gertatu dela, zefalopodoz elikatzen diren arrainen populazioen beherakada ekarri duelako. Beraz, haien ustez, harrapakari gutxiago dituztelako hazi da zefalopodoen populazioa.
Koralezko arrezifeei buruzko auzi irekia
Eztabaidagai izaten jarraitzen duen beste auzi bat koralezko arrezifeena da. Batez ere Karibe itsasoan eta Ozeano Barean gertatzen da, eta, beste behin, kausa berotze globala da. Kaliforniako La Jollako Scripps Ozeanografia Erakundeko Jennifer Smithen argitalpen baten arabera, azken 30 urteetan % 80 murriztu da Karibeko arrezifeen hedadura. Ozeano Barean, berriz, % 50 desagertu da 1980ko hamarkadatik 2000ko hamarkadako lehen urteetara bitartean. Adituen aurreikuspenek diote mende honen erdialderako % 70 desagertuta egongo dela.
Koralezko arrezifeekin gertatzen ari dena zehaztasunez aztertzeko, Smithen taldeak xehe-xehe aztertu ditu arrezifeen multzoak, hamar urtez, Ozeano Bareko erdialdeko bost uhartedietako 56 uhartetan. Ikerketa egiteko arrezifeak dituzten hondoen 6.500 argazki erabili dituzte, 56 uharteetako 450 laginketa puntutan ateratakoak.
Emaitzek erakusten dute kalte gehien jasaten duten arrezifeak gizakiengandik gertu dauden eremuetan daudenak direla. Jenderik bizi ez den uharteetan, habitat horietan ohikoak diren espezieak daude oraindik ere arrezifeetan.
Hawaiiko Unibertsitateko (Manoa) Renee Setterren taldearen arabera, honako hauek dira koralezko arrezifeei eragiten dieten ondorio kaltegarriak: itsasoko bero boladak, uraren azidotzea, ekaitzak, lurretik iristen den kutsadura eta leku jakin batzuetan isurtzen diren giza substantzia estresagarriak. Autoreen arabera, efektu horietako bakoitza bere aldetik aztertzen da, baina, batera aztertzen denean, kaltea guztien batura baino handiagoa da. Adibidez, 2050erako (hemendik 28 urtera), ingurumen baldintzak jasanezinak izango dira efektu horietako bakoitzarentzat, bakarka aztertuta. Baina, osotasunean aztertuta, jasanezina izango da 2035erako (hemendik 13 urtera soilik). Kasurik onenean, berotegi efektuko gasak arintzen badira eta jasangarritasunaren aldeko giza garapen optimista bat egiten bada, 2100erako koralen % 41 jasanezinak izango dira. Dena den, efektu horiek osotasunean aztertuz gero, XXI. mendearen amaierarako % 64 izango dira jasanezinak. Kasurik okerrenean, 2055erako koralen % 99 jasanezinak izango dira.
Aldiz, badirudi ostren arrezifeek bestelako bide bati jarraitzen diotela. Kaliforniako Unibertsitateko (Santa Barbara) Michael Becken taldeak ostren arrezifeen pixkanakako gutxitzeari buruz dakiguna errepasatu du.
Mundu osoko 144 badiatako eta 44 kostaldeko eskualdetako datuak errepasatu dituzte. Horietako % 90etan gutxi gorabehera ostrak galdu dituzte, Iberiar Penintsulako Atlantikoko kostaldean barne. Aztertu diren hainbat eta hainbat lekutan geratzen diren ostra gutxi horiek ez dira funtzionalak inguruneko ekologiarentzat, ez eta espeziea bera arrakastaz ugaltzeko ere. Ondorioz, badien % 75ek baino gehiagok bere ostren biztanleria galdu dute. Gehiegizko arrantzak eta kutsadurak zerikusia dute ostren desagertze horretan, batez ere gizaki asko bizi den estuarioetan.
Dena den, Leslie Reeder-Myersek eta bere lankideek, Filadelfiako Temple Unibertsitatekoak, Ipar Amerikako eta Australiako aztarnategi indigenei buruz egindako ikerketaren arabera, duela milaka urtetik ezagutzen da ostrak arrantzatzeko tokiak. Denbora luzez ustiatu dituzte, eta 5.000-10.000 urtez egon dira espazioan eta denboran, eta baliteke ostrak arrantzatzeko tokiak are zaharragoak izatea.
Egileek zenbait espezie aztertu dituzte xehetasunez: bederatzi Queenslandeko sei aztarnategitan (Australia), 21 Ipar Amerikako mendebaldeko kostaldean eta 43 ekialdeko kostaldean. Hala ere, egungo arrantzarekin alderatuz gero, agerian geratzen da ostren arrezifeak dituzten eremuen % 85 galdu egin direla mende honen hasieran, metodo indigenen bidezko ustiapenetik ostren populazio asko eta asko hil dituen merkataritza sistema kapitalistara aldatzearekin batera.
Erreferentzia bibliografikoak:
- 10.1525/bio.2011.61.2.5
- Chen, Chuanwu; Jefferson, Thomas A.; Chen, Bingyao; Wang, Yanping (2022). Geographic range size, water temperature, and extrinsic threats predict the extinction risk in global cetaceans. Global Change Biology, vol.28, 6541-6555. DOI: 10.1111/gcb.16385
- Doubleday, Zoë A.; Prowse, Thomas A.A.; Arkhipkin, Alexander; Pierce3, Graham J.; Semmens, Jayson; Steer, Michael; Leporati, Stephen C.; Lourenço, Sílvia; Quetglas, Antoni; Sauer, Warwick; Gillanders, Bronwyn M. (2016). Global proliferation of cephalopods. Current Biology 26, R406-R407. DOI: 10.1016/j.cub.2016.04.002
- 10.1126/science.1255641 Marine defaunation: Animal loss in the global ocean. Science, 347. DOI:
- 10.1126/science.aaf2416 Ecological selectivity of the emerging mass extinction in the oceans. Science, 353. DOI:
- 10.1126/science.abe9039
- Reeder-Myers, Leslie; Braje, Todd J.; Hofman, Courtney A.; Smith, Emma A. Elliott; Garland, Carey J.; Grone, Michael; Hadden, Carla S.; Hatch, Marco; Hunt, Turner; Kelley, Alice; LeFebvre, Michelle J.; Lockman, Michael; McKechnie, Iain; McNiven, Ian J.; Newsom, Bonnie; Pluckhahn, Thomas; Sanchez, Gabriel; Schwadron, Margo; Smith, Karen Y.; Smith, Tam; Spiess, Arthur; Tayac, Gabrielle; Thompson, Victor D.; Vollman, Taylor; Weitzel, Elic M.; Rick, Torben C. (2022). Indigenous oyster fisheries persisted for millennia and should inform future management. Nature Communications 13, 2383. DOI: 10.1038/s41467-022-29818-z
- Setter, Renee O.; Franklin, Erik C.; Mora, Camilo (2022). Co-occurring anthropogenic stressors reduce the timeframe of environmental viability for the world’s coral reefs. PLOS Biology 20(10), e3001821. DOI: 10.1371/journal.pbio.3001821
- Smith, Jennifer E.; Brainard, Rusty; Carter, Amanda; Grillo, Saray; Edwards, Clinton; Harris, Jill; Lewis, Levi; Obura, David; Rohwer, Forest; Sala, Enric; Vroom, Peter S.; Sandin, Stuart (2016). Re-evaluating the health of coral reef communities baselines and evidence for human impacts across the central Pacific. Proceedings of the Royal Society B 283. DOI: 10.1098/rspb.2015.1985
Egileaz:
Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko urriaren 24an: Extinción en los mares
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
2 iruzkinak
[…] Itsas biologoek detektatu dutenez, itsas espezieek desagertzeko joera dute orain. Standford Unibertsitateko ikerketa talde batek oraingo espezie-desagerpen tasa ezagutzen ditugun aurreko beste desagerpen batzuekin alderatu dute, erregistro fosilari esker. Emaitzen arabera, gaur egungo desagertzea gogorragoa da tamaina handiko animalientzat […]
[…] Ur epeleko koral-arrezifeak dira agian irudikatu ditzakegun ekosistema koloretsuenak: koralen berezko koloreak, milaka arrain bueltaka kolore-paleta eta forma ezberdinekin, sakonera txikiko itsasoaren urdin argia… Zoragarria. Ez da bidezkoa, ordea, koralak eta koloreak beti eskutik helduta imajinatzea, koral guztiak ez […]