Bi urtero mikroprozesadore txipak bi aldiz txikitzeko gai izango garela agintzen duen legea behin baino gehiagotan hilzorian dagoela zabaldu den arren, ikertzaileek lege honen heriotza saihesteko bidea topatu dute. Oraingoan, badirudi muga teknologikoa baino fisikoa dela, eta gehienen ustez silizioan oinarritutako teknologia gainditu eta beste bide batzuk topa beharko ditugu gaixo hau osatzeko.
1965. urteko apirilaren 19an, Gordon E. Moore fisikari eta kimikaria estatubatuarrak “Cramming More Components onto Integrated Circuits” artikulu famatua idatzi zuen, bertan, printzipio famatu hau azaltzen zuen: “Mikrotxip baten sartzen diren transistore kopurua urtero bikoiztuko da”.
Aurten 50. urte bete dituen printzipioa 1975. urtean berrikusi eta doitu zen berriz, eta bi urtera luzatu zen mikrotxip baten sar zitezkeen transistore kopurua bikoizteko epea. Orduz geroztik nahiko ondo bete da aurreikuspen hau.
Gauza erreza dela pentsa dezakezue, baina saiatu adibidez orri bat erditik doblatzen, eta beste behin, eta beste behin… Zenbat aldiz egitea lortu duzue? Geroz eta zailagoa da, ezta?
Izan ere, Mooreren legea ez da “benetako” lege bat, fisikaren legeak ulertzen ditugun modukoa, proiekzio bat baizik. Eta askoren ustez, akuilu lanak egin duen aurreikuspen bat izan da batez ere, auto-egiaztatutako profezia bat. Hainbat ikertzaile, erakunde akademiko eta enpresek, Moorek izendatutako printzipioa jarri dute helburutzat euren ikerketetan eta garapen planetan eta horri esker joan da betetzen.
Horrela izan da, eta ez da ez lorpen makala izan! Urte gutxitan ordenagailuak gobernuen eskutan bakarrik ziren traste batzuk izatetik, poltsikoan edo eskumuturrean ditugun tresna adimentsuak izatera pasatu baitira.
Esan bezala, erabili izan den teknologia bakoitzaren mugara iristeko egon garenean, Mooreren legea ez zela beteko zabaldu izan ohi da…. Eta teknologia berriak garatu eta mugak gainditu egin dira. Oraingoan berriz, mugak guztiz fisikoak direla dirudi, eta gutxik uste dute 5 – 7 nanometroko muga gainditzeko modurik egongo denik silizioa erabiliz. Honen ondorioak berriz, ez dira bakarrik teknologikoak izango: Nor ausartuko da ikerketa hauetan dirua sartzen muga gaindiezina dela onartzen bada? Nork sartuko ditu behar diren milioika euroak helburua lortzerik ez dagoela uste bada (eta, beraz, dirua berreskuratzerik ere ez)?
Hau dena kontuan hartuta, silizioarekin teknologia berriagoak ikertzen dituzten bitartean, hasiak dira beste bide batzuk ere ikertzen, eta askoren ustez silizioaren aroa amaitu eta beste material batzuen aroak etorriko dira.
Ikerketa lerro berri hauen artean grafenoa, karbono nanohodiak, memristorreak edo konputagailu kognitiboak ditugu besteak beste, baina goiz da oraindik irtenbidea zein izango den jakiteko, hauetako batzuek arazo batzuk konpontzen dituzten bitartean, beste arazo batzuk badituztelako…
Dena den, seguru nago orain gaixorik dirudien Moorerenn lege hau, berriz ere akuilu lana egin eta bizirik irautea lortuko duela.
Egileaz: Xabier Díaz Silvestre (@xa2), BTEK-Teknologiaren Interpretazio Zentroko zuzendaria da.