Asteon zientzia begi-bistan #61

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Asteon zientzia begi-bistan #61
Argazkia: hawaii69

Teknologia eta osasuna

Egun, ordu asko pasatzen ditugu pantailei begira: ordenagailua, sakelakoa, tabletak, e-booka…, hamaika dira eskuartean ditugunak eta gure arreta lortzen dutenak. Kontua da gizakien ikusmena distantzia luzeetara begiratzeko diseinatuta dagoela, horretarako garatu da eboluzioan. Izan ere, ez gaude diseinatuta hainbeste ordu pantaila bati begira egoteko eta hori nabaritzen da gure osasunean. Alacanteko Unibertsitateko ikerketa baten arabera, besteak beste, gailu elektronikoen erabilerak miopia izateko arriskuak ugaritzen ditu. Berrian eman digu honen berri Ilargi Agirre kazetariak: Pantailekin, ikusmen arazoak gorantz.

Hiru dimentsiodun inprimagailuen potentzialtasunak agorrezinak dirudite. Medikuntzan ere askotariko aplikazioak dituzte hauek. Esaterako, zenbait protesi sortzeko baliatu izan dira; orno bat inprimatzea ere lortu zuten Pekingo Unibertsitateko zenbait ikertzailek, haur baten bizkarrezurrean transplantatzeko eta orain hiru dimentsiodun azala inprimatzeko akordioa sinatu dute AEBko Organovo enpresak eta L’Oreal etxeak. Amaia Portugalek kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean: Azala ere inprimatu daiteke.

Eboluzioa, hizkuntza eta arkeologia

Elhuyar aldizkarian Egoitz Etxebestek diosku duela 200.000-50.000 urte sei genetan gertatutako aldaketen ondorioz litekeena dela neuronen arteko konektibitatea handitu izana. Horrek, gizakia adimentsuago egingo zukeen, baina baita alzheimerra sortu ere: Alzheimerra, adimentsu bilakatzearen prezioa.

Ana Galarragak jakinarazi digu UPV/EHUko ikertzaileek Arrasateko Lezetxiki kobazuloan Kuaternarioko muxar txiki baten aztarnak aurkitu dituztela. Aurkikuntza garrantzitsua da ez baita Eurasiaren hego-mendebaldea baino mendebalderago beste zantzurik aurkitu orain arte. Horrez gain, Ana Galarragak diosku nola Atapuercan Hezurren Osinean duela 430.000 urteko 28 gorpuen aztarnen garezur bat ikertu dutela berriki eta ikertzaileek ikusi dutela banako hori nahita hil zutela buruan dituen kolpeak ez baitziren istripuz gertatu. Ikertzaileen oharraren arabera, “gizateriaren historian ezagutzen den lehen erailketa-kasua” izango litzateke. Elhuyar aldizkarian: Duela 430.000 urteko hilketa batek Atapuercako misterioetako bat argitzen lagundu du.

Juanma Gallegok beste kontu interesgarri baten berri eman digu Berrian. Kenyan arkeologo talde batek gizakia agertu baino lehenagoko 150 tresna inguru aurkitu dituzte. Honen arabera, homininoek orain dela 3,3 milioi urte landu zituzten lehen harrizko tresnak Homo generoaren agerpena baino askoz lehenago. Aurkikuntzak giza eboluzioaren zuhaitza aldaraz dezakeela diote ikertzaileek: Teknologia uste baino lehenago jaio zen.

Lucy, A. afarensis ezagunaren garai eta eremu berdintsuan bizi izan zen beste hominino espezie bat aurkeztu dute ikertzaileek berriki: Australopithecus deyiremeda. Espezie honen fosilak duela 3,5-3,3 milioi urtekoak dira eta ezaugarrien arabera espezie garaikideetatik desberdin izan zela adierazten du. Eider Cartonen eskutik informazioa Elhuyar aldizkarian: Australopitekoen garaian ere, anitz eta batera.

Luis Pastor psikolinguistikak Zientzia Kaiera blogean azaltzen digu hizkuntza komunikatzeko daukagun gaitasun biologikoa dela eta gainerako gaitasun biologikoek bezala eboluzionatu duela gizadiaren baitan. Hizkuntza haurrengan berez garatzen da, modu oharkabean eta inolako irakaspen formalik gabe. Hala da hizkuntza berezko gaitasuna delako, hau da, genetikoa da. Beraz, giza eboluzioaren uneren batean garatu eta gure geneetan barneratu zen: Hizkuntzaren eboluzioaren bila burmuinaren eboluzioaren bidetik.

Ingeniaritza eta astronomia

New Yorkeko Eskola Politeknikoko eta Deep Springs enpresako ikerlariek oinarri metalikoa duen konposatua sortu dute. Material berriak magnesiozko oinarria du eta txertaturik ditu siliziozko esfera hutsak. Honen dentsitatea 0,92 g/zm3koa da, urarena baino txikiagoa, ondorioz ez da elementu horretan hondoratzen. Joxerra Aizpuruak berrikuntza interesgarri hau Argian azaltzen digu: Uretan hondoratzen ez den metala asmatu dute.

Javier San Martínek espaziotik buelta bat eman ondoren azaldu digu Zientzia Kaieran Nature aldizkarian plazaratu diren ikerketa batzuei esker, aukera egon dela asteroide baten eremu magnetikoaren historia zehazteko. Hau lortu dute meteoritoko nanopartikuletan duela 4.550 miloi urte bildutako informazio magnetikoa aztertuta. Horretarako, zientzialariek oso egonkorra den mineral baten lagin batzuk aztertu zituzten, tetraenita: paradisuak geologo planetarioentzat.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.