Zientziaren uretan liburuan jaso dira Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak Zientzia Kaiera blogean 2014. eta 2022. urteen artean argitaratutako artikuluen aukeraketa bat. Bederatzi jakintza-arlotako dibulgazio-artikuluak aukeratu dira.
Besteak beste, zientziaren historiako pasarteak, eguneroko elementuei buruzko edukiak edota interes orokorreko gai esanguratsuak bildu dira. Helburua da zientzia eskura izatea, eta ahalik eta jende gehien murgiltzea.
Izan ere, egungo gizartea ulergaitza da ekarpen zientifikoei erreparatzen ez badiegu. Hiriak, garraioa, energia, elikadura, osasuna, era guztietako zerbitzuak… Gure bizimodua bera ere ezin genezake ulertu zientziaren eta teknologiaren eragina kontuan hartu gabe.
Zer ekoiztu, nola egin, zer esparrutan, zer erosi, zer jan, norentzat eta abarreko kontuez galdetu beharko diegu geure buruei gai askori dagokionez. Ganorazko erantzuna eman ahal izateko, gutxieneko zientzia-ezagutza oso lagungarria izango da, ezinbestekoa zenbait kasutan. Bide horretan laguntzeko asmoz gauzatu da liburu hau.
Argitalpenaren fitxa:
- Izenburua: Zientziaren uretan
- Egilea: Elisabete Alberdi Celaya / Uxune Martínez Mazaga
- Argitaletxea: Euskal Herriko Unibertsitatea
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2023
- Orrialdeak: 168
- ISBNa: 978-84-1319-610-7
Iturria:
Euskal Herriko Unibertsitatea: Zientziaren uretan