Egungo sistema sozioekonomikoaren alternatiben azterketa

Argitalpenak · Dibulgazioa

Gaur egungo arlo anitzeko krisi globalari erantzuna emateko asmoarekin, hainbat korronte edota ideologia zabaltzen ari dira mundu mailan, horien artean Bizitze Ona eta Desazkundea. Izan ere, sistema ekonomikoa guztiz bideraezina dela argi geratu da, ingurumenean eta gizartean dakartzan kalteak ikusi ostean.

egungo
Irudia: desazkundeak “gutxiagorekin hobe bizitzea” bilatzen du, eta Bizitze Onak, aldiz, “betetasunezko bizitza” du helburu. (Argazkia: Patrick Hendry – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Oraingo sistema ekonomikoak baliabide naturalen eta energiaren ustiapenean eta kontsumoan, eta hondakinen sorkuntzan oinarritzen den hazkunde mugagabe zentzugabea bilatzen du biosfera mugatu baten baitan. Horregatik, bi alternatiba horiek, Bizitze Onak eta Desazkundeak, egoeraren iraunkortasun eza azpimarratzen dute, eta egoera horri aurre egiteko irtenbideak proposatzen dituzte.

Kontuan izan behar da bi alternatibak testuinguru ezberdinetan jaiotako mugimenduak direla: Desazkundea Europan hasi zen, eta Bizitze Ona, berriz, Latinoamerikan. Lurralde- eta kultura-testuinguru oso ezberdinetan jaio baziren ere, biak hala biak problematika berari erantzuteko sortu dira, krisi ekosozial globalari aurre egiteko, hain zuzen. Horregatik esaten da “txanpon beraren bi aldeak” direla.

Bizi ari garen krisi globala alderdi anitzeko krisia da, bai ekonomiko, bai sozial eta baita ekologikoa ere, eta hiruek elkarri eragiten diote. Hortaz, alternatibek hainbat arlotan aplikatu daitezkeen estrategiak proposatzen dituzte. Hala ere, bi alternatiben oinarrizko proposamen zera da: egungo metaketan eta hazkundean oinarritutako sistema eta garapenaren ideia aldatzea, baita bizimodua ere.

Alternatibak aztertzen

Egia da testuinguru ezberdinetan jaio izanak bakoitzaren diskurtsoan eragin handia daukala eta ezberdintasunak nabariak direla. Horrek bakoitzaren kosmobisioa markatzen du, eta ondorioz, estrategiak planteatzerako orduan alternatiba bakoitzak bide ezberdinak hartzen ditu. Europan jaiotako Desazkundeak “gutxiagorekin hobe bizitzea” bilatzen du, eta horretan oinarritzen ditu bere proposamenak. Gainera, Ipar hemisferioan oro har garatutako kontsumo eredua murrizteko beharraz ohartarazi nahi du. Latinoamerikan sortutako Bizitze Onak, aldiz, “betetasunezko bizitza” du helburu. Haren proposamenak arlo ezberdinetan oinarritzen dira, eta errespetuzko eta berdintasun osoko harremanak sortu nahi ditu indibiduoen artean, gizartean eta baita ingurumenarekin ere.

Demaria, Schneider, Sekulova eta Martinez-Alier autoreen desazkundearen barneko aniztasunari buruzko gogoetak jarraituz, onuragarria izan daiteke bi alternatiben arteko berdintasun eta ezberdintasunak aitortzea eta balioztatzea, eta eztabaidak eta ideien trukea ematea. Horrela, bi alternatibak etengabeko hobekuntza eta bilakaeran mantenduko lirateke, eta posible litzateke krisiak aitortzen duen kolapsoa ekiditea.

Alternatiben aniztasunak etorkizunean erresilientzia handiagoa sortu dezake problematika berdinen eta berrien aurrean. Gainera, mugimendu bakoitzak bere testuinguruan dauka zentzua, eta ez litzateke logikoa izango hauen arteko konpetentzia bilatzea, edo bakar bat hautatzea; elkarrekiko errespetua eta onarpena bultzatu beharko litzateke. Belling-ek dioen moduan, bi diskurtsoak lotuta daude eta elkarri eragiten diote. Batak bestea eusten du: Desazkundeak Ipar hemisferioan proposaturiko kontsumo-murrizketak Bizitze Onak eskatzen duen extraktibismoaren murrizketan ere lagunduko du, eta alderantziz.

Ondorioz, bi alternatiben arteko eztabaida eta ideien trukea onuragarriak izan daitezkeela ondorioztatu da, alternatiben dibertsitateak erresilientzia handiagoa suposatu dezakeelako krisi ezberdinen aurrean eta batak bestea eusten duelako.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: Egungo sistema sozioekonomikoaren alternatiben azterketa: Desazkundea eta Bizitze Ona
  • Laburpena: Lan honetan, gaur egun bizi den arlo anitzeko krisi globala aztertzen da, eta horren konponbide gisa aurkezten diren bi alternatiba deskribatzen dira: Bizitze Ona eta Desazkundea. Izan ere, gaur egungo sistema ekonomikoa guztiz bideraezina da ingurumenean eta gizartean dakartzan kalteak aztertzen baditugu. Horregatik, bi alternatiba hauek egoeraren iraunkortasun eza azpimarratzen dute, eta irtenbideak proposatzen dituzte. Kontuan izan behar da alternatiba hauek testuinguru ezberdinetan jaiotako mugimenduak direla: Desazkundea Europan eta Bizitze Ona Latinoamerikan. Horrela, bi alternatiben jatorria eta garapen historikoa, oinarrien deskribapena, proposatutako estrategiak eta jasotako kritikak edo eragindako eztabaidak ikertu dira. Biak, «txanpon beraren bi aldeak» direla ondorioztatu da; izan ere, bideraezina den egoera berari aurre egiteko proposamenak bilatzen dituzten mugimenduak dira. Aldi berean, batez ere, testuinguruak eragindako ezberdintasunak nabaritu daitezke, eta estrategiak planteatzeko orduan azaleratzen dira. Haien arteko eztabaidak eta ideien elkartrukea onuragarriak izan daitezkeela ere ondorioztatu da, alternatiben dibertsitateak erresilientzia handiagoa ekar dezakeelako, eta batak bestea eusten duelako.
  • Egileak: Maider Vallo-Lerendegui eta Ainara Saralegi
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 245-258
  • DOI: 10.1387/ekaia.24877

Egileez:

Maider Vallo-Lerendegui eta Ainara Saralegi UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikertzaileak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.