Gizentasunari lotutako minbizia azkar handitzen ari da Txinan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Azken urteetan, gehiegizko pisuari lotutako minbizi motak urteko %3,6 hazi dira herrialdean. Datorren hamarkadan mota horretako minbiziak bikoiztuko diren beldur dira ikertzaileak.

Askotariko faktoreak daude gizentasunaren atzean, baina gorantz ari den gaitza da, bereziki gero eta elikadura ohitura txarragoak eta sedentarismo handiagoa dituen gizarteetan. Dena dela, funtsean, aritmetika sinple baten emaitza da kontua: janariarekin hartutako kalorien eta, gehienetan, ariketa fisikoarekin gastatutakoen artean dagoen aldean dago gakoa. Egunean bi faktore horien arteko alde positibo txikia izan arren, denborarekin horiek pilatuko dira, pisua irabazita. Muga hori oso lausoa dela esan zion 2004an National Geographic aldizkariari Columbiako Unibertsitateko (AEB) mediku Rudolph Leibelek, sagar zuku baten adibidean abiatuta. Zuku txiki horrek eragiten badu egunaren amaieran beharrezkoak diren kaloriak baino %5 izatea, ezinbestean nabarituko da eragina. “100 kaloria baino ez dira, baso bat sagar zuku. Baina gehiegizko kaloria gutxi horiek ekar dezakete pisua nabarmenki handitzea”, ohartarazi zuen. Alde txiki horrek ekar lezake, beraz, pertsona batzuek urtebetean bost kilo irabaztea.

gizentasunari
1. irudia: Txinan gizentasunaren eta horri lotutako minbizi moten gorakaden atzean Mendebaldeko bizi estiloa dagoela uste dute ikertzaileek. (Argazkia: Christian Lue – Unplash lizentziapean. Iturria: Unplash)

Gizentasuna bera gaitz kronikotzat jotzen du OME Osasunaren Mundu Erakundeak, eta gaur egun oso zabalduta dago munduan. Zenbaki handitara joanda, OMEk berak kalkulatzen du munduan diren zortzi gizakitatik batek gizentasuna duela. Ez da, inondik inora, arazo txikia. Izan ere, soberan ezaguna da gizentasuna beste gaitz askotan arrisku faktore garrantzitsua dela. Hori gertatzen da, esaterako, gaitz kardiobaskularrekin, 2 motako diabetesarekin, artrosiarekin edota hainbat minbizi motarekin.

Bereziki minbiziarekiko lotura hau aspaldiko kezka izan da AEBetan edo Europan. Kasurako, AEBetako CDC Gaixotasunak Kontrolatzeko Zentroaren arabera, 2000an estatubatuarren %30,5ek gizentasuna zuten. Hogei urte geroago, 2020an, kopurua %41,9 zen. Mendebaldeko gizarte askotan zabalduta dagoen dietak gantzak, haragi gorria, jaki ultraprozesatuak eta azukre asko izan ohi dituzte, eta horiek gizentasuna erraz bultzatzen duten elikagaiak dira.

Munduak gero eta gehiago antzeko eskemetara jotzen duen heinean, arazoa jada ez da soilik Mendebaldeko gizarteena: Txinan ere hasiak dira kezkatzen. Asiako erraldoiaren kopuruak beti harrigarriak izan ohi dira arlo guztietan, eta, tamalez, badirudi gai honetan ere herrialdea indartsu datorrela. Cell Press talde entzutetsuko Med aldizkarian argitaratutako azterketa batek argi erakusten du hori. Bertan, ikertzaile talde batek egiaztatu du gizentasunari lotutako minbizi tasa azkar handitzen ari dela Txinako biztanleen artean: 2007 eta 2021 urte tartean urteko %3,6 hazi da gaitza, gizentasunari lotuta ez dauden minbizi motak bere horretan mantendu izan diren bitartean. Tarte horretan, herrialdean 651.000 kasu inguru erregistratu dira; horietatik %48 OMEk gizentasunarekin lotzen dituen hamabi minbizi motakoak izan dira.

Zientzialariek azaldu dute ume eta nerabeen artean gainpisu eta gizentasun tasak hurbiltzen ari direla AEBetan dituztenetara. Eta hori lotu dute halako minbizien hazkundearekin. 60 eta 65 urte bitartekoen artean, mota hauetako minbiziak urtean %1,6 hazi dira. 25-29 bitartekoen artean, berriz, tasa hori %15 baino gehiago handitu da.

Gizentasunari lotzen dira kolon eta ondesteko, bularreko eta tiroideko minbiziak, eta horiek asko handitu dira, ikertzaileek esku artean izan dituzten datuen arabera. Kontrara, gizentasunarekin lotzen ez diren minbizi motak, hala nola birikietako edo maskuriko minbizia, egonkor mantendu dira herrialdean urte hauetan guztietan.

Egoeraren larritasuna agerian uzten duen beste datu esanguratsu bat nabarmendu dute ikertzaileek. 1962 eta 1966 urteen artean jaiotakoen aldean, 1997 eta 2001 urteen artean jaiotakoek mota honetako minbiziaz diagnostikatzeko zuten aukera halako 25 da. Gazteen artean, kolon eta ondestekoa, bularrekoa, tiroidekoa, giltzurrunekoa eta uterokoa dira gizentasunari lotuta gehien hazi diren minbizi motak.

gizentasunari
2. irudia: 2019ko datuetan oinarrituta, txinatar helduen %34k gainpisua zuten, eta %16 gizentzat hartzen ziren. (Argazkia: Isaac Chou – Unplash lizentziapean. Iturria: Unplash)

Egileek zabaldutako prentsa ohar baten arabera, emaitzek agerian utzi dute “osasun publikoko politika hobeak ezartzea urgentziazkoa dela Txinan gero eta gehiago handitzen ari diren gainpisu eta gizentasun tasei” aurre egin aldera.

“Gizentasunaren epidemia errotik aldatzen ez badugu, ezinbestean gizentasunari lotutako minbizi tasek handitzen jarraituko dute”, azaldu du Pekingo (Txina) Unibertsitate Medikoko endokrinologo Jin-Kui Yang-ek. Medikuak erantsi du egoerak “zama handia” ekarriko diela Txinako ekonomiari eta osasun sistemari.

Txinan heriotza zio handienetakoa da minbizia, biriketakoa zabalduena delarik. Zentzu honetan, aurreko ikerketek iradoki dute laster gizentasuna izango dela partez ekidin daitezkeen minbizien artean zabalduena, tabakoak eragindakoaren gainetik.

Diotenez, bereziki kontzientziazio kanpainetan oinarritutako estrategiak egin dira gaiaren bueltan, baina hori “nahikoa izan” ez delakoan daude. Hori dela eta, estrategia “eraginkorragoak eta indartsuagoak” ezartzeko eskatu dute. Botikak erabiltzea eta etiketetan kalorien zenbatekoa jartzea aipatu dituzte.

Ikertzaileak sinetsita daude Mendebaldeko bizi estiloa hartu izanagatik hazi dela gizentasuna Txinan. Hau argudiatzeko ere datuetara jo dute, eta aipatu dute 2019an txinatar helduen %34k gainpisua zutela, eta %16 gizentzat hartzen zirela. Ohartarazi dutenez, egoera are larriagoa da haur eta nerabeen artean, tasa horietan azkarrago ari direlako aurrea hartzen.

Zientzia artikulua sinatu duten ikertzaileak ezkor azaldu dira etorkizunari dagokionez, uste dutelako, gaiaren bueltan neurri indartsuak hartu ezean, minbizi mota hauek bikoiztu daitezkeela datorren hamarkadan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Liu, Chang; Yuan, Ying-Chao; Guo, Mo-Ning; Xin, Zhong; Chen, Guan-Jie; Ding, Nan; Zheng, Jian-Peng; Zang, Bai; Yang, Jin-Kui (2024). Rising incidence of obesity-related cancers among younger adults in China: A population-based analysis (2007-2021). Med. DOI: 10.1016/j.medj.2024.07.012


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.