Gernikako araztegiko itxieraren inpaktua Urdaibaiko fitoplanktonean

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Gernikako araztegia itxi ondoren Urdaibaiko fitoplanktonak nola erantzun duen ebaluatu dute UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileek. Ikerketa pigmentuen analisian oinarritutako tresna berritzaile bati esker gauzatu da. Emaitzek erakusten dutenez, uraren kalitate fisiko-kimikoa hobetu egin da, eta horrek norabide onean doazen aldaketak eragiten ditu fitoplanktonaren komunitatean.

Fitoplanktona fotosintesia egiten duten organismo mikroskopikoen multzo bat da eta oso sentikorra da mantenugaiak eskuratze-prozesuan gertatzen diren aldaketekiko. Horri esker, adierazle baliagarria da giza jardueraren (eutrofizazioaren) ondorioz sortzen diren gehiegizko mantenugai-kantitateak ebaluatzeko eta haiek murrizteko egiten diren ekintzen ondorioak aztertzeko. Hau kontuan izanik, Gernikako araztegiko hondakin-uren isurketak etetean Urdaibaiko estuarioko komunitate fitoplanktonikoak epe ertainean nola erantzun duen ebaluatu dute UPV/EHUko ikertzaileek. 2020ko (saneamendu-lanen aurretik) eta 2022ko (lanen ondoren) biomasa fitoplanktonikoan eta komunitatearen osaerak aztertu dituzte, izan diren aldaketak analizatzeko.

urdaibaiko
Irudia: Sergio Seoane eta Jone Bilbao, EHUko ikertzaileak, Urdaibaiko estuarioan laginketa bat egiten. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Ingurumen zientzien arloko Jone Bilbao ikertzailea eta Sergio Seoane Landare Biologia eta Ekologia saileko irakasle eta ikertzaileak gauzatu dute lana eta emaitzek erakutsi dute epe ertainera sisteman eragin garrantzitsuak izan direla. Izan ere, hondakin-uren estazioak sortutako mantenugaiak (amonioa eta fosfatoa) drastikoki gutxitu ziren, eta horrek eragin zuzena izan zuen biomasa fitoplanktonikoan eta komunitatearen osaeran. “Kanpoaldeko eta erdialdeko estuarioan, biomasa nabarmen murriztu zen, mantenugaien kontzentrazioak txikiagoak zirelako. Araztegiaren inguruetan, berriz, biomasa handitu egin zen estolderia-lanen ondoren, isurketetatik eratorritako gehiegizko amonio-kargak inguru hartan fitoplanktona haztea eragozten ari zirelako ziurrenik”, esan du. Era berean, ikertzaileek aldaketa garrantzitsuak sumatu dituzte komunitatean; “adibidez, obrak egin ondoren talde batzuk nabarmen ugaritu direla hauteman dugu”.

Pigmentuetan oinarritutako metodologia

Ikerketa egiteko PIGMENTUM erabili dute, ikertzaile biek pigmentuen analisian oinarrituta garatutako tresna berritzailea (Bilbao eta Seoane, 2024). Tresna horrek aukera ematen du pigmentuen bidez komunitate fitoplanktonikoaren osaera ezagutzeko; “ez maila espezifiko batean, baizik eta aukera ematen du pigmentu-talde bakoitzak komunitatean zer portzentaje duen ezagutzeko”, azaldu du Seoanek. “Ikerketa honek balio izan du frogatzeko tresna erabilgarria dela komunitatearen osaera eta aldakortasuna aztertzeko; izan ere, hain organismo txikiak erregistratzen ditu, ezen ez bailirateke kontuan hartuko mikroskopia bakarrik erabili izan balitz”, gaineratu du Bilbaok.

Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileek diotenez, “aldaketa horiek ondorio ekologikoak izan ditzakete etorkizun hurbilean; izan ere, komunitate fitoplanktonikoaren osaeran gertatzen diren aldaketek eragina izan dezakete kate trofiko osoan (katearen oinarrian baitago)”. Ikerketa honek agerian utzi du “aipatutako saneamendu-lanek ondorio onuragarriak izan dituztela. Argi eta garbi, uraren kalitate kimikoa hobetu egin da. Zantzuak daude baita esateko uraren kalitatea hobetzeko bidean doala. Hala ere, leheneratze biologikoa lortzeko beti denbora gehiago behar da, estuarioan erresilientzia dagoelako, sedimentuetan substantziak geratzen direlako; baina, bai, aldaketak ere hautamen ditugu”, diote.

Seoanek eta Bilbaok Urdaibaiko estuarioko komunitate fitoplanktonikoa aztertzen jarraitzen dute. “Geroztik egin ditugun laginketek erakusten dute komunitateak norabide ona hartu duela”, esanez amaitu dute.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Gernikako araztegiko urak Urdaibaira ez isurtzeak berehalako aldaketak eragin ditu ur-ingurunean

Erreferentzia bibliografikoa:

Bilbao, Jone; Seoane, Sergio (2024). Response of the phytoplankton community to the cessation of wastewater discharges in the urdaibai estuary (SE bay of biscay) based on PIGMENTUM analysis of HPLC pigments. Marine Environmental Research, 200. DOI: 10.1016/j.marenvres.2024.106668

Bilbao, Jone; Seoane, Sergio (2024). PIGMENTUM: an easy pigment-based tool for monitoring phytoplankton community composition. Marine Ecology Progress Series, 729, 31-45. DOI: 10.3354/meps14518

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.