Bakterio ahaldunak? Antibiotikoekiko erresistentzia garatu duten bakterioak

Dibulgazioa · Ekitaldiak

Antibiotikoek bizitza asko salbatu dituzte azken hamarkadetan, baina haien eraginkortasuna mehatxupean dago. Antibiotikoekiko erresistente diren bakterioek gero eta infekzio gehiago eragiten dituzte, eta, ondorioz, gaur egun Europan 33.000 heriotza inguru eragiten dituzte urtero. Espainian, adibidez, 2024an 15.000 pertsona hil ziren erresistentzia horrekin zuzenean lotutako infekzioengatik (2019ko datuak laukoiztuz). Arazoa ez da soilik osasungintza mailakoa: kostu ekonomiko eta sozial handia ere badakar.

Itziar Alkorta Calvo EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko irakasle eta ikertzaileak “Bakterio ahaldunak? Antibiotikoekiko erresistentzia garatu duten bakterioak” hitzaldian azaldu zuen zergatik eta nola bihurtzen diren bakterio patogenoak antibiotikoekiko erresistente, eta zergatik den funtsezkoa hau ulertzea, arazoari aurre egin ahal izateko. Septizemia kasu bat bezalako infekzio larrietan, bakterioak odolera hedatzen dira eta antibiotiko arruntekiko erresistentzia garatzen dute, tratamendua zailduz eta arrisku handiak sortuz. Alkortak azpimarratu zuen ezagutza dela arazoaren konponbiderako lehen urratsa, eta horregatik hain garrantzitsua dela herritarrak eta profesionalak arazoaren tamainaz jabetzea.

Hitzaldian, bakterioen funtzionamendua eta egitura ere azaldu zituen, eta zergatik diren ezinbestekoak bizitzarako. Era berean, antibiotikoen historia eta gaur egungo medikuntzan duten funtsezko rola gogorarazi zuen. Baina etorkizuneko erronka argia da: Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi duenez, 2050. urterako, antibiotikoekiko erresistente diren bakterioek minbiziak baino hildako gehiago eragin ditzakete, baldin eta neurri eraginkorrak hartzen ez badira.

Hitzaldia Zientziaren ertzetik zientzia-dibulgazioan oinarritzen den hitzaldi-solasaldiaren zikloaren barruan antolatu zen. Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren ekimen honek 2024-2025 ikasturtearen bitartean hilabetero hitzaldi bat eskaini zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.