Judith Graham Pool biokimikaria eta fisiologoa izan zen. Hemofiliaren ikerketan espezializatu zen, eta metodo bat garatu zuen erraz gorde zitezkeen eta odol-jarioaren kasuetan patologia hori zuten pazienteei aplika zekizkiokeen koagulazio faktoreak erraz eskuratzeko. Horiek horrela, paziente horien bizi itxaropena hobetu eta odolusteko arriskua murriztea lortu zuen.
Giza gorputzak badu mekanismo bat odolustuta hiltzeko arriskuari aurre egiteko, eta zauria benetan larria ez bada, funtzionatu egiten du: odoleko plaketak zaurian jarri eta solidotzen dira; hau da, koagulatzen dira, odola irteten jarrai dadin saihesteko. Aldeak gorabehera, igeltsero trebe batek urei eusteko dike batean zulo bat estaltzeko erabiliko lukeen sistema bera da, ura dagokion aldean gera dadin.
Hemofilia odolaren nahasmendu hereditarioa da; eta kasu horretan, igeltseroaren zementua ez da gogortzen, dikeko zuloa ezin da estali, eta ura etengabe isurtzen da egon behar ez duen lekurantz. Odolustuta hiltzeko arriskuak ez du mekanismo eraginkorrik. Hemofilia duten pazienteen osasuna arrisku larrian egon daiteke beste batzuek tirita, benda edo, asko jota, pare bat punturekin konponduko lituzketen zaurien ondorioz.

Zuntz muskularretatik odolaren koagulaziora
Judith Graham Pool New Yorkeko Queens auzoan (Estatu Batuak) jaio zen 1919an. Bere aita burtsako artekaria zen, eta bere amak eskola batean irakasten zuen; Judith hiru seme-alabatik nagusiena izan zen. Institutua amaitu ondoren, Chicagoko Unibertsitatean egin zuen matrikula, eta Fisika eta Biokimika ikasi zituen. Unibertsitateko lehenengo urtean ezkondu zen, 1938an, zientzia politikoetako ikasle batekin. Gerora, bi seme izango zituzten.
Karrera amaitu ostean, denbora batez lan egin zuen bere saileko laguntzaile gisa, eta ondoren baita fisikako irakasle gisa ere Genevako Hobart Collegen (New York). Bitartean, tesia idazten jarraitu zuen, zuntz muskularren elektrofisiologiaren azterketari buruz; zehazki, isolatutako zuntz muskular bakar baten potentzial elektrikoari buruz. Azkenean, 1946an lortu zuen tesia.
Doktoregoa lortu ondoren, familia osoa Kaliforniara lekualdatu zen, Poolek lanpostu bat lortu baitzuen Stanfordeko Ikerketa Institutuan. 1953. urtean, Bank of America eta Giannini Fundazioaren beka bat jaso zuen, eta bere espezialitatea izango zen esparrua ikasten hasi zen Stanfordeko Unibertsitateko Medikuntza Eskolan: odolaren koagulazioa. Hurrengo urtean argitaratu zuen lehenengo ikerketa. Ordurako modu independentean ari zen lanean; eta hori ez zen oso ohikoa esparruan urtebete besterik ez zeramala aintzat hartuta.
Denbora gutxian ikertzaile elkartu senior izendatu zuten, eta egonaldi bat egin ahal izan zuen Oslon (Norvegia), beka bati esker. 1972an ospe handia zuen jada; eta, ondorioz, irakasle izendatu zuten zuzenean, irakasle eta ikertzaile izateko ohiko bideko hainbat urrats saihestuta.
VIII faktorea eskuratzea eta horrek hemofilikoengan duen eragina
Odolaren koagulazioaren eremuan, Poolen ekarpen handiena izan zen beste bi kiderekin gauzatutako lana, zeinetan faktore antihemofilikoa edo VIII faktorea isolatzea lortu zuten. Faktore hori erabiltzen zen, eta oraindik ere erabiltzen da, hemofilikoei odol-galerak kontrolatzeko egiten zaizkien transfusioetan. Poolek metodo bat garatu zuen, krioprezipitazio izenekoa, odol-plasmatik abiatuta VIII faktore hori duten proteinen kontzentrazio altuko soluzio bat modu kontrolatuan lortzeko.

Metodo horri esker, substantzia horren kantitate handia lor zitekeen odol-emaile bakar batengandik, edo emandako odol kantitate handietatik; eta, horrela, hemofilikoen tratamendua askoz soil eta merkeagoa zen: zauri baten aurrean, osagai hori ematen zitzaien odol-galera kontrolatzeko, galdutako odola berrezartzeko hainbat transfusio egin beharrean. Pazienteari kirurgia egin aurretik ere eman ziezaioketen, haren ondoko arriskua murrizteko. Horiek horrela, beharrezkoak ziren baina arrisku handia zela-eta egiten ez ziren operazioak egiteko aukerak zabaldu ziren.
Poolek eta bere kideek garatutako prozesua 1964an argitaratu zen lehen aldiz, eta denbora gutxian hemofilikoen tratamendu estandarra izan zen.
Hemofilikoentzako eta emakumezko ikertzaileentzako legatua
Poolen beste ekarpenetako bat izan zen odolaren koagulazioa neurtzeko tekniken ikerketa. Zehazki, VIII faktorearen beraren substantzia inhibitzaile baten presentzia neurtzean zentratu zen. Substantzia hori transfusio asko jaso dituzten hemofilikoen % 10-20ak garatzen du, eta odol-galerak nabarmenki txarragoak izatea eragiten du.
VIII faktorearen krioprezipitatuaren deskubrimenduak mundu mailako ospea eman zion Pooli bere esparruaren barruan. Gonbidapenak bidali zizkioten mundu osoko unibertsitate eta ikerguneetatik horietan hitzaldiak emateko, eta Gurutze Gorriko eta Osasunaren Institutu Nazionalen Odola Emateko Programako aholkularitza batzordeetako kide izendatu zuten. Horrez gain, sari ugari jaso zituen.
Poolek bere ospea baliatu zuen zientzian genero-berdintasuna sustatzeko eta emakumeen presentzia eta haientzako aukerak areagotzeko. Publikoki ere hitz egin zuen gaiari buruz: “Orain pixka bat hobeto ulertzen dugu emakumeek lanbide eskoletan eta gradu eskoletan sartzean aurkitzen duten erresistentzia, eta jakitun gara, gero eta gehiago, horrek eragiten duen kalteaz, maila txikian zein handian, unibertsitate, gobernu-agentzia eta industriaren arloko aurrerapenei dagokienez”, adierazi zuen behin prentsaren aurrean. Emakumeak Zientzian Elkarteko presidentekidea izan zen, bai eta Stanfordeko Unibertsitateko Medikuntza Zentroko Emakume Profesionalen elkarteko lehenengo emakumezko presidentea ere.
Tamalez, Poolek ezin izan zuen bere legatua handitzen jarraitu, erlatiboki gazte hil baitzen, 56 urte zituela, garuneko tumore baten ondorioz. Hil ondoren, Hemofiliaren Fundazio Nazionalak Poolen izena jarri zien erakundearen urteko ikerketa bekei.
Iturriak:
- Judith Ethel Graham Pool, Wikipedia
- Hampton ,Kathleen (1971ko abuztuaren 10a). Women Scientists Probing Discrimination In Their Field, The Ann Arbor News.
- Creger, William P.; Maffly, Roy; Payne, Rose. Memorial Resolution Judith Graham Pool, Stanford University
- Pool, Judith Graham (1919–1975), Encyclopedia
- Judith Pool, biochemist at Stanford and co-president of AWIS, AWIS
- Lepson, Lisa. Judith Graham Pool, The Shalvi/Hyman Encyclopedia of Jewish Women.
- Sicherman, Barbara; Hurd Green, Carol (1980). Notable American Women: The Modern Period : a Biographical Dictionary, Volume 4. Harvard University Press. 553-554 or.,
Egileaz:
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko ekainaren 19an: Judith Graham Pool, la fisióloga que descubrió cómo ayudar a las personas hemofílicas a no desangrarse.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.