Tatuajeen eragina immunitate-sisteman

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Tatuajeen eragina immunitate-sisteman

Tatuajeek giza osasunean duten eragina beti egon da jomugan. Oraingoan, ikertalde batek tatuajeetako tintak eragiten duen toxikotasuna eta immunitate-sistemaren erantzuna aztertu ditu gongoil linfatikoak begiratuz.

Tatuajeak ez dira gaur egungo modetako bat; orain dela 5.200 urteko momietan ere aurkitu dituzte tatuajeen zantzuak. Tatuaje hitza ingeleseko tatoo hitzetik eratorria da, eta James Cook kapitainari egozten zaio bere sorrera. Hark ikusi zuen Tahiti aldean bertakoek azalean marrazkiak egiten zituztela eta tatau izendatzen zituztela. Tatuajeen industria etengabe hazten ari den merkatua da; 2025. urtean 2.200 milioi dolar fakturatu zituen, eta 2030. urterako 5.000 milioira helduko dela uste da. Gaur egungo estimazioen arabera, munduko populazioaren heren batek baino gehiagok gutxienez tatuaje bat du; beraz, osasunean eraginen bat izango balute, ez litzateke kontu hutsala izango.

Tatuajeen
Irudia: gaur egungo estimazioen arabera, munduko populazioaren heren batek baino gehiagok gutxienez tatuaje bat du; beraz, osasunean eraginen bat izango balute, ez litzateke kontu hutsala izango. (Argazkia: Adrian Boustead – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Tatuajeak larruazalaren dermisean txertatzen dira. Larruazalak hiru geruza ditu: epidermisa, dermisa eta hipodermisa. Epidermisa epitelio-ehuna da. Hainbat geruza dituen ehun hori ez dago baskularizatuta, eta keratina proteinazko babes-estalki bat du gainazalean. Azpian dermisa dago. Dermisa ehun konektiboa da; bertan, odol-hodi txikiak, linfa-hodiak, nerbio-zuntzak eta immunitate-sistemako hainbat zelula daude, besteak beste. Dermisaren azpian hipodermisa dago, batez ere ehun adiposoz eratutako gunea. Ehun adiposoak, gantz gisa ere ezagutzen dugunak, babes termikoa ematen digu.

Epidermisa epitelio geruzatua da, eta une oro berriztatzen da; azpialdeko geruzan zelula-amak daude, eta epidermisaren goialdeko geruzetan dauden zelulak, hil ahala, azpitik datozen berriek ordezkatzen dituzte. Hortaz, ez luke zentzurik izango tatuaje bat dermisean egiteak, baldin eta gure asmoa bizi guztirako irautea balitz behintzat. Tatuaje iraunkorrak dermisean txertatzen dira, geruza hori ez delako epidermisa adina berriztatzen.

Tatuajeen tinta dermisean txertatzen denean, gure gorputzeko immunitate-sistemako zelulak —batez ere, makrofagoak— tinta hori deuseztatzen ahalegintzen dira, elementu arroztzat hartzen dutelako. Makrofagoek gaitasuna dute fagozitosi izeneko prozesu baten bidez substantzia arrotzak irentsi eta haien lisosometan deuseztatzeko. Tinteen kasuan, ostera, ez da gauza bera gertatzen; nahiz eta irentsi, ez dira gai tinta hori deuseztatzeko, eta hil egiten dira. Hil ondoren, beste makrofago batek irensten du tinta, eta hainbat aldiz errepikatzen da prozesu hori. Prozesuaren errepikakortasunak hantura eragiten du. Baina tinta hori beste modu batera ere prozesatzen du gure gorputzak.

Aurrez aipatu bezala, dermisean linfa-hodiak daude. Linfa-hodi horiek zelulen artean dauden eta sistema kardiobaskularrak jasotzen ez dituen likidoak eta substantziak jasotzen dituzte. Sistema linfatikoko hodien luzeran gongoil linfatikoak agertzen dira tarteka-tarteka. Gongoil linfatiko horiek organo txiki batzuk dira, eta bertan linfa ikuskatzen da sistema immuneko zelula-kontzentrazio handia dagoelako. Gongoiletan substantzia arrotzen bat detektatzen bada, gongoil linfatikoan dauden sistema immuneko zelulek erreakzionatzen dute substantzia hori deuseztatzeko.

Oraingoan, Suitzako Biomedikuntza Ikerketa Institutuko ikertaldeak deskribatu du tatuajeetako tintek batez ere gongoiletan duten eragina. Dermisean bertan gertatzen den moduan, gongoiletan ere makrofagoak daude, eta horiek tinta fagozitatzen eta deuseztatzen ahalegintzen dira; ez dute lortzen, ordea; sistema immuneko zelulak etengabe ahalegintzen dira tintari aurre egiten, baina ez dute arrakastarik izaten.

Kontuan izaten badugu gongoiletan sistema immuneko zelulen kontzentrazioa oso handia dela (dermisean baino handiagoa), erantzuna are handiagoa da. Etengabeko erantzun horrek hantura kronikoa eragiten du, eta hantura kronikoak epe luzera gaixotasun autoimmuneak edo minbizia sor ditzake. Hantura kronikoaren beste efektu bat da zelulen ahitzea. Sistema immuneko zelulak etengabe lanean aritzeak euren helburua lortu gabe ahitzea dakar, eta horrek sistema immunearen funtzionamenduan eragin dezake. Sistema immune ahitu batek gaitasun txikiagoa du etorkizuneko gaixotasunei aurre egiteko, eta txertoak ere ez dira hain eraginkorrak. Baina zientzialariek gauza bat aipatu nahi izan dute. Nolabait, tatuajeen azalerak eragina duela efektu honetan; hau da, azalera handiko tatuajeek erantzun handiagoa eragiten dute sistema immunean txikiek baino. Beraz, badirudi arriskua handitu egiten dela tatuajearen tamaina handitzearekin.

Erreferentzia bibliografikoa:

Capucetti, Arianna; Falivene, Juliana; Pizzichetti, Chiara; Latino, Irene; Mazzucchelli, Luca; Schacht, Vivien; Hauri, Urs; Raimondi, Andrea; Virgilio, Tomaso; Pulfer, Alain; Mosole, Simone; Grau-Roma, Llorenç; Bäumler, Wolfgang; Palus, Martin; Renner, Louis; Ruzek, Daniel; Goldman Levy, Gabrielle; Foerster, Milena; Chahine, Kamile; Gonzalez, Santiago F. (2025). Tattoo ink induces inflammation in the draining lymph node and alters the immune response to vaccination. Proc Natl Acad Sci U S A, 122(48) DOI: 10.1073/pnas.2510392122


Egileaz:

Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.