Kanika estralurtarrak ala bitxikeria geologikoak?
Joan den mendearen erdialdera, Ottosdal (Hegoafrika) herritik gertu dagoen meategi batean langile batzuek egindako aurkikuntzak zur eta lur utzi gintuen. Pirofilita izeneko arroka batzuk aztertzen ari zirela (inguru horretan duela 2800 milioi urte baino gehiagotik dauden sumendien metakinetatik sortuak), arroketan sartutako esfera bitxi batzuk aurkitu zituzten. Metalikoak, distiratsuak, ia perfektuak eta elkarren perpendikularrean zenbait ildaska zituztela erdian, izaki adimentsuek egindakoak ziruditen… toki hartan duela 28000 milioi urte baino gehiago egondakoek!
Pseudo-komunikabide sentsazionalistei eta teoria konspiranoikoak atsegin dituztenei azalpen bakarra bururatu zitzaien, jakina: estralurtarrak ziren. Klerksdorpeko esferak –izen hori dute aurkitu zirenetik ikusgai dauden hiriko museoaren ohorez– ez dagokien tokian daudela diruditen objektuak izan ziren zenbait urtez, eta duela milioika urtetik gure planetan estralurtarrak dabiltzala argi uzten dutenaren adibidetzat hartu ziren. Horri guztiari zentzu pixka bat ematera Geologia iritsi zen arte. Edo hobeto esan, zientzia pixka bat ematera.

Egia esan, esfera metaliko horien jatorria erabat naturala da eta Geologian ‘konkrezio’ deitzen zaie. Konkrezio bat mineralen pilaketa da, oro har forma esferikoak, elipsoidalak edo diskoidalak izaten dituzte, arroka ostalari baten barruan egoten dira eta arroka horrek konkrezioaren konposizio kimiko berdina edo erabat desberdina izan dezake. Baina bada definitzen dituen zerbait; izan ere, konkrezioak prezipitazio kimikoko prozesu batean sortzen dira trinkotzen eta gogortzen ari den sedimentu batean eta horrek esan nahi du bai konkrezioa bai arroka ostalaria ia aldi berean eratzen direla.

Zenbait eredu teoriko daude konkrezioak nola eratzen diren zehatz azaltzeko; baina bata baino bestea konplexuagoak dira. Hori dela eta, material geologiko horietan espezialistak diren nire kideen baimenarekin ahalik eta modurik errazenean laburtzen saiatuko naiz. Batetik, prezipitazio minerala gertatzen da sedimentuaren barruan dagoen hutsune edo poro bat betetzeko. Eta bestetik, prezipitazio hori sedimentuan dagoen beste elementu baten gainean gertatu daiteke, dagoeneko eratutako mineral baten gainean edo hondar fosil baten gainean; hori nukleoa dela esango dugu eta pixkanaka estaliko du konkrezioak, eta hasiera batean nukleo lanak egiten zituen elementua desagertu ere egin daiteke konkrezioak estalita.
Konkrezio baten prezipitazioa gertatzen denean, bi hazkunde mineral mota ikus ditzakegu, oro har. Batetik, kristalizazioa egon daiteke “barrutik kanpora”, hau da, sedimentuaren hutsunearen erdigunetik poro horren ertzera, edo nukleo lanak egiten dituen elementutik horren ertzak estaltzen dituen sedimentura. Horren bidez mineral geruzak eratzen dira bata bestearen gainean eta sortzen diren konkrezioen barruan tipulen geruzen antzeko egitura kontzentrikoak ditugu. Eta bigarrenik, kristalizazio hori “kanpotik barrura” gertatuko litzateke, poroak ertzetatik hasi eta erdigunera estaltzen ditu edo nukleoaren azaleratik barrura, eta mineral berriak jatorrizko partikula ordezten du. Horrelako konkrezioek barruan izaten duten patroia zenbait kristalez eratutako mosaikoa da.
Horrela esanda oso arraroa dirudi, baina konkrezioak uste baino askoz arruntagoak dira. Are gehiago, apustu egingo nuke mendira edo kostaldera joan zaretenean ikusi dituzuela. Seguru noizbait aurkitu duzuela bola edo disko bat –hasi kanika baten neurritik eta kotxe baten neurrira artekoa izan daiteke–, arroken artean sartuta, arrokaren kolore berdinekoa edo inolako antzik ez duen beste kolore batekoa. Eta bola hori irekitzea bururatu bazaizue, barru trinkoa duela ikusi izango duzue, fosil bat dagoela, eta erdian hutsune bat, eta tipula baten antza duela edo neurri desberdinetako kristal ugari duela. Zorionak, konkrezio bat aurkitu duzue!
Klerksdorpeko esferetara itzuliko gara, ordea; pirita izeneko mineral baten konkrezioak dira. Burdinaren sulfuroa da pirita eta inguru horretan duela 2800 milioi urte baino gehiago metatzen ari ziren sumendietako materialen artean gelditzen ziren zuloetan prezipitatu zen pirita hori. Eta erdiko ildaskak dira piritaren geruza kontzentrikoen prezipitazioaren azaleko ebidentziak. Hau da, ni bezain estralurtarrak direla.

Bitxikeria hau gizakion zaletasun baten adibide bat gehiago da, hau da, ikaragarri gustatzen zaigula historia fantastikoak asmatzea ulertzen ez ditugun naturako gauzak azaltzeko. Hala ere, zenbaitetan azalpen zientifikoa fantasia baino harrigarriagoa izaten da.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko irailaren 11an: “¿Canicas alienígenas o curiosidades geológicas?”
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.