Selma K. Dritz, epidemiologo aitzindaria hiesa arakatzen

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

4 min

Selma K. Dritz, epidemiologo aitzindaria hiesa arakatzen

Selma K. Dritz (1917-2008) mediku estatubatuarra zen, eta bere lana osasun publikoaren eta epidemiologiaren arloan oso garrantzitsua izan zen GIB/hiesaren epidemia hasten ari zenean. Pneumoniako eta minbiziko agerraldi misteriotsu bat izan zen, eta San Frantziskoko gay komunitateko gazteei eragin zien. Fenomeno horren aurrean, Dritzek lehenengoz aipatu zuen sexu-transmisiozko infekzio gaixotasun berria zela, eta funtsezko datuak eman zituen nola hedatzen zen ulertzeko.

Selman Dritzen lanbide ibilbidea ustekabean hasi zen. Selma Kaderman Illinoisen (AEB) jaio zen 1917ko ekainaren 29an, eta bere hasierako zaletasuna musikarantz bideratzen zen. Pianoko kontzertu emaile gisa ibilbide laburra izan zuen mediku izatea erabaki baino lehen. Ikasketak Illinoiseko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean egin zituen, eta titulua 1941ean eskuratu zuen. Ondoren, pediatriako egoiliarra izan zen Cook County Hospital deritzanean, eta lanean jardun zuen lehenengo pediatra gisa praktika pribatuetan eta, gero, pediatriako aholkulari bezala Illinoiseko Estatuko Osasun Sailean, 1947ra arte.

Dritz
1. irudia: Selma K. Dritz ikertzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Trantsizioa zaintza epidemiologikorantz

Urte hartan, Selmak bere lanbide karrera baztertu zuen hiru seme-alabak hazten ikusteko, Harvey Fred Dritzekin ezkondu baitzen –1973an dibortziatu ziren, baina berak ezkontza abizenari eutsi zion–. 20 urte pasata, hau da, 1967an, karrera berreskuratu zuen, eta urte horretan bertan lortu zuen maisutza Kaliforniako Unibertsitateko Osasun Publikoaren arloan Berkeleyn. Lorpen hori epidemiologiaren eremurantz egindako trantsizioaren abiapuntua izan zen.

Hilabete gutxi batzuk igaro zirenean, San Frantziskoko Udalak Dritz kontratatu zuen, Gaixotasun Transmitigarriak Kontrolatzeko Bulegoko zuzendariordea izan zedin. Hamarkada bat baino gehiagoz, osasun publikoko ohiko arazoei erreparatu zien, hala nola hepatitisaren agerraldiak, elikagaien intoxikazioak, gripea edo sexu-transmisiozko gaixotasunak zaintzea. Tokiko osasun publikoaren testuinguru horretan, Dritzek transmisio ereduak eta zaintza epidemiologikoko sistemak sakonki ezagutu zituen.

Hasten ari zen GIB/hiesa zaintzea

1980ko hamarkadaren lehenengo erdian, Selma Dritz oso garrantzitsua izan zen GIB/hiesari eman zitzaion hasierako erantzunean. Izan ere, Erwin Braffekin batera, orduan bulegoko zuzendaria, konturatu zen asko igotzen ari zirela pneumonia arraro eta gaizto baten kasuak, batez ere, hiriko gay populazioaren artean. Berehala gehitu zioten bestelako behaketa populazio hari: ezohikoa zen patologiaren (Kaposiren sarkoma) kasuak handitzea. Minbizi mota bat da, eta adierazpen klinikorik bereizgarriena dira orban ultzeradun morexkak larruazalean. Ordura arte, adineko gizonei baino ez zien eragin Mediterraneoan.

Zergatik gizon gazteek, osasuntsuek eta homosexualek, adinekoak ez zirenek eta Mediterraneotik ez zetozenek, garatzen zuten gaixotasun hura, ABEn ia ezagutzen ez zena? Egoeraz kezkatuta, Dritzek erabaki zuen bere aurkikuntzak Atlantako Gaixotasunak Kontrolatu eta Prebenitzeko Zentroari (CDC, ingeleseko siglak) jakinaraztea, eta bere txostenetan geroago hartutako immunoeskasiaren sindromea (hies) izena jaso zuen gaixotasuna aztertu zuten lehenengoetako kasu azterketak ziren.

Dritz
2. irudia: Selma K. Dritz ikertzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Jakinarazteaz gain, Dritzek harreman kateak ezarri nahi izan zituen pazienteen artean. Une hartan gaixotasuna oraindik birus transmitigarriaren ondoriotzat identifikatu gabe egon arren, temati jardun zuen bere ikerketetan, metodo zuzena eta erraza erabiliz: gaueko klubak eta saunak bisitatu zituen eraginpekoen konfiantza lortu arte. Hala, pazienteen artean sexu konexioak erregistratu ahal izan zituen, infekzio katea dokumentatzeaz gain.

Datuak metodikoki aztertuz, epidemiologoak ondorioztatu zuen sexu-transmisiozko gaixotasuna zela. Gaur egun, Selma Dritz etiologia hori postulatzen duen lehen pertsonetako bat dela onartzen da, eta berak bildu zuen informazioa oinarrizkoa izan baitzen CDCko epidemiologiek propagazioaren abiadura ulertzeko, bai eta arrisku taldeak eta epidemiaren kutsatze mekanismoak ezagutzeko ere. Bere ekarpenak abiapuntu izan ziren hiesari erantzun orokorra emateko.

Onartu gabeko erabakiak eta legatua

Hein batean, Dritzen merituaren funtsa da ikuspegi zientifiko hutsa planteatzean izuak jotzen zuen garaian. Osasun publikoaren aldeko konpromisoak gay komunitatean onartu gabeko neurriak hartzera eraman zuten, hala nola saunak behin-behinekoz ixtea. Halaber, sentsibilizazio lan garrantzitsua egin zuen gay komunitatearen barruan arriskuko jokabideei buruz. Etika eta zuzentasunaren eredu profesionala izan zen estigmari aurre egiteko eta zorrotz gaitzetsi zituen termino gutxiesgarriak, besteak beste, «gay izurria» edo «gay minbizia», oso hedatuak garai hartan. Berak izendapen ofiziala erabiltzearen alde egin zuen: hartutako immunoeskasiaren sindromea.

Selma K. Dritz 1984an erretiratu zen, eta 2008ko irailaren 3an hil zen, 91 urterekin. Ikerketa dokumentuak eta korrespondentzia kontserbatu dira Selma Dritz Papers bilduma digitalean. Hiesa arakatzean bere rola Randy Shilts kazetariak kontatu zuen And the Band Played On (Eta bandak jotzeari eutsi zion) liburuan. Liburuak moldaketa zinematografikoa du (En el filo de la duda), eta Lily Tomlin aktoresak du zientzialariaren papera. Dritz oinarrizkotzat jotzen da, bere ekarpena funtsezkoa izan baitzen historia modernoko epidemia handiena aztertu eta tratatzeko oinarriak ezartze aldera.

Iturriak:

  • Loewenberg, Samuel (2008). Selma Dritz, The Lancet, 372, 9646, 1296. 2008ko urriaren 11a
  • Hildebrand, Staffan (1998). Selma Dritz, Face of AIDS Film Archive, Karolinska Institutet University Library
  • Selma K. Dritz, Wikipedia

Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko urriaren 16an: “Selma K. Dritz, epidemióloga pionera en el rastreo del sida“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.