María Carolina Sánchez Téllez: «Manufaktura gehigarrian aritzen naiz, ideiak irtenbide erreal bihurtzeko modu bat aurkitu nuelako»

Ikertzen dut

3 min

María Carolina Sánchez Téllez: «Manufaktura gehigarrian aritzen naiz, ideiak irtenbide erreal bihurtzeko modu bat aurkitu nuelako»

María Carolina Sánchez Téllez gehienentzat «Carolina 3D inprimaketako dragoien ama» da. Ingeniari mekatronikoa da eta manufaktura gehigarrian edo 3D inprimaketan aritzen da. Zortzi urteko esperientzia du fabrikazio digitaleko teknologietan, prototipatze azkarrean eta STEM irtenbideak garatzen hezkuntzan eta ikerketan aplikatuta.

Bere ibilbidean zehar ikerketan, diseinu mekatronikoan eta produktu berritzaileen garapenean aritu da lanean, 3D inprimaketako teknologietara eta manufaktura aurreratuko prozesuetara begira bereziki. Gaur egun, modeloen eta prototipoen laborategiko koordinatzailea da Bogotako El Bosque unibertsitateko Sorkuntza eta komunikazio Fakultatean, eta trebakuntza teknologiko prozesuen buru da eta ikerketa proiektuetako laguntzaile ere bai.

Bere ibilbideko proiekturik esanguratsuenetako bat AXELL izan da, bost ardatzeko 3D inprimagailua, manufaktura gehigarriko prozesuak optimizatzeko, inprimatzeko denbora laburtzeko eta pieza konplexuetan euskarriak erabili beharrik ez izateko diseinatua, Industria 4.0ren ikuspegitik irtenbideak emateko.

Carolina Sánchez
Irudia: María Carolina Sánchez Téllez ikertzailea. (Argazkia: María Carolina Sánchez Téllezek emana).

Zein da zure ikerketa arloa?

Nire ikerketa arloa manufaktura gehigarria da, bereziki teknologia horien garapena hezkuntzara eta ikerketara oso bideratutako irtenbide funtzionalak sortzeko.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Manufaktura gehigarrian aritzen naiz, ideiak irtenbide erreal bihurtzeko modu bat aurkitu nuelako. 3D inprimaketara lehenengoz gerturatu nintzenetik, diseinuak gauzatu, prozesuak optimizatu eta arazo konplexuak ebazteko zuen gaitasunak txunditu ninduen.

Gainera, arlo honetan batzen dira ingeniaritzan gehien gustatzen zaizkidan gauzetako asko: diseinua, sormena, ikerketa eta garapen teknologikoa. Niretzat ez da soilik prototipoetarako tresna bat, baizik eta industrian dugun ekoizteko eta fabrikatzeko modua irauli dezakeen teknologia bat da.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Baia, nire ibilbidean aztarna sakona utzi duten erreferenteak izan ditut.

3D inprimaketaren arloan miretsi egiten ditut Max Lobovsky, Formlabsen sortzaileetako bat, eta Bre Pettis, MakerBoten sortzaileetako bat, aitzindariak izan baitira teknologia hauen aurrerapenean.

Baina zalantzarik gabe nire eredua Álvaro Rojas izan da, nire mentorea. Nire prozesuan funtsezko babesa izan da, etapa bakoitzean gidari izan dut eta manufaktura gehigarriari eta ikerketari diodan maitasuna eta pasioa berresten lagundu dit.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Manufaktura gehigarriak eboluzionatzen jarrai dezan ekarpenak egitea gustatuko litzaidake, prototipoak egiteko tresna ez ezik, industriako produkzioan egiazko estandarrak betetzeko gai den teknologiatzat aitortzen den arte.

Nire interesa da prozesuen kalitatea, zehaztasuna, eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetuko duten irtenbideak garatzea, teknologia hauek gero eta gehiago txerta daitezen goi mailako produkzio sektoreetan.

Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Nire aholkua izango litzateke jakin-minaren beldurrik ez izateko inoiz.

Ikerketa galdera batekin hasten da, zerbait zergatik gertatzen den eta nola hobetu daitekeen ulertzeko beharrarekin. Pazientzia, diziplina eta erresilientzia handia ere behar dira, dena ez baita ongi irteten lehenengo saioan, are gehiago, ia inoiz ez da ongi irteten lehenengo saioan.

Baina hor dago magia: akatsetik ikasi, berriro saiatu eta ezagutza eraikitzen jarraitu. Ikerketak ez du soilik teknologia eraldatzen, egiten duena ere eraldatzen du.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko ekainaren 20an: María Carolina Sánchez Téllez: «Me dedico a la manufactura aditiva porque encontré en ella una forma de transformar ideas en soluciones reales».

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.