Nola atera ginen lehorrera?
Devoniar periodoan, lau hankako guztien lehengusu diren arrain pulmonatu batzuek lehorrerako bidea egiten hasi ziren. Baina lehorrera ateratzeko gure arbasoek aldaketa sakonak egin behar izan zituzten: birikak, lepoa, sorbalda eta gerria, sudurra, mihia edo beso eta hanken egitura garatu zituzten, besteak beste.
Asko dira uretatik atera ziren lehen arrain horietatik bereizten gaituzten elementuak. Baina zergatik atera ziren uretatik? Ohikoa da pentsatzea lehorrera bizitzera joateko eboluzionatu zutela, baina eboluzioak ez du aurrez ezarritako helbururik. Ezaugarriak ez dira etorkizuneko behar bati erantzuteko sortzen; une bakoitzean abantaila ematen dutelako hedatzen dira. Beraz, baliteke gure arbasoek garatutako berrikuntza horiek hasieran uretako arazoei aurre egiteko baliagarriak izatea, eta geroago lehorrean geratzeko posible egin izana.
Gure arbasoak Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.