Ellen Swallow Richards (1842-1911): Ingurumen zientzietan bide-erakusle

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Ingurumen zientzietan bide-erakuslea izan zen Ellen Swallow Richards. Emakumeak ere mundu zientifikoaren parte badirela aldarrikatu zuen eta hori modu bikainean frogatu zuen ekologia alorrean egindako ikerketa lanei esker. MITen (Massachusetts Institute of Technology) onartu zuten lehenengo emakumea izan zen. Sozietate zientifikoetan emakumeak onartzeko urratsak eman zituen ere.

Ellen-Swallow-Richards
1. irudia: Ellen Swallow Richards (1842-1911) kimikaria eta ingurumen zientzietan aitzindaria.

Ellen Swallow Richards Dunstablen (Massachusetts) jaio zen. Bere gurasoak irakasleak izateaz gain, nekazariak ziren, eta herrian denda txiki bat zeukaten. Ellenek ez zeukan denbora askorik eskolara joateko, dendan laguntzen baitzuen. Halere, 1859tik aurrera, matematika, frantsesa eta latina ikastaroetan izena eman zuen. Bere hezkuntza ordaintzeko asmoz, eskola batean irakasle gisa aritu zen. Modu berean, etxeak garbitzen eta noizbehinka tutoretzak ematen zituen. Hori gutxi ez balitz, bere ama gaixorik zegoen eta amaren zaintza berari egokituko zitzaion. Gauzak horrela, lortutako diruarekin (300 dolar), kimika eta astronomia ikasi zituen New Yorkeko Vassar Collegen. Maria Mitchellen ikaslea izan zen.

Ikasketak amaitu ondoren, 1871ean Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT) onartu zuten, nota bikainak atera baitzituen. 1873.urtean, kimikan graduatu zen eta bertan jarraitzeko asmoa agertu zuen. Doktoregoa egin nahi zuen baina uko egin zioten bere eskakizunari emakumea izateagatik (garai hartan laborategietan ez zen emakumerik onartzen). Dena dela, MITeko irakasleek aitortu zuen egindako lana eta bideratutako ikerketak oso garrantzitsuak izan zirela, eta laguntzaile moduan hasi zen lanean. Horretaz gain, zientzia laborategi bat abiatu zuen: ‘Emakumeen laborategia’ (Women’s Laboratory), hain zuzen ere. 1876an martxan jarri zuten, John M. Ordway irakaslearekin batera. Swallow azken honen laguntzaile gisa aritu zen. Kimika eta mineralogia irakatsi zituen bertan, Laborategia itxi zuten arte (1883).

Ekologiaren eta ingurumen-ingeniaritzaren aitzindaria izan zen. Esan beharra dago garai hartan ez zirela alor horiek existitzen. Ez zientziaren berezko kontzeptu gisa, bederen. Une hartan pil-pilean zegoen iritzi orokorrarekin desadostasuna agertu zuen Swallowek. Gauzak horrela, medikuen eta kimikarien aurka borrokatu zuen ingurumen arazoak garrantzitsuak zirela eta beraz, zientziak beregain hartu behar zituela aldarrikatuz. Horiek, baina, etxeko ekonomia kontuak zirela pentsatzen zuten gehienek. Ellenek orbita zientifikora gerturatu zituen aipaturiko alor biak.

2. irudia: Richards, far left back row, poses with other women at MIT in 1888. Photo credit: MIT Museum
2. irudia: Ellen Swallow Richards, goiko lerroan lehena ezkerretik hasita MITeko “Emakumeen Laborategian”, 1888. urtean. (Argazkia: MIT Museoa)

Maite zuen alorra ekologia bazen ere, mineralogian ere aditua zen. Une hartan ezagutzen ez zen metala isolatzea lortu zuen; Banadioa, alegia. Aipatzekoa da ere Ellenek berak diseinatu egin zuela bere etxea. Bertan, kalefakzio- eta kutsatzen ez zuen aireztapen- sistemak ipini zituen. Bere etxeari “ongizate-zentroa” deitu zion.

Ingurumenarekiko kontzientzia

Ellen Swallowek etxeen eta industrien ur-hondakinak ikertu zituen, batik bat. Massachusetseko estatuak eskatuta, estolderiaren ur-hondakinen 100.000 lagin baino gehiago aztertzea lortu zuen bi urtetan. Haren ikerketak ura arazteko tratamendu egokienak aztertzea izan zuen xede. Ildo horri jarraiki, munduko lehenengo laborategia eraiki zuen, non ura arazteko tratamenduak aplikatzen ziren. Liburu The chemistry of cooking and cleaning: a manual for housekeepers (1882), Air, Water, and Food from a Sanitary Standpoint (1900) eta Food Materials and Their Adulterations (1906)- eta artikulu ugari idatzi zituen bere ibilbide profesionalean. Horietan, uraren eta elikagaien analisi kimikoak plazaratzen zituen. Ingurumen zientzietan emaitza esanguratsuak lortu zituen. Halaber,ingurugiroaren kimika alorreko oinarriak zehaztu zituen. Swallowek garatutako zientziari “giza ekologia” deitu zion. Halere, Melvil Dewey liburuzain estatubatuarrak, jakintza-arloak sailkatzeko Sailkapen Hamartar Unibertsalaren asmatzaileak, ez zuen onartu izendapen hori. Horren ordez, “etxeko ekonomia” izendatzen jarraitu zuen. Izenak izen, argi dagoena da ekarpen handiak egin zizkiola ekologiari. Ahazturan ez gelditzeko adibidea dugu Ellen Swallow Richards.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.